Saharar errefuxiatu guneetarako laguntza eske

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 30a, 09:13

Tolosaldea Saharekin elkarteak larritasun handiko eskaera bat helarazi nahi die eskualdeko herritar guztiei, euriteengatik «izugarrizko kalteak» izan dituzten saharar errefuxiatu guneei laguntzeko.

180.000 pertsona inguru bizi dira elkartearen datuen arabera, kanpo laguntzaz Argelian, saharar errefuxiatuen guneetan: «Ia gehienak emakumeak eta haurrak».

Errefuxiatuen guneetan «behar-beharrezko azpiegiturak altxatzea» lortu dute 1975a geroztik, baina urriaren 17an hasi eta astebetez luzatutako euriteek «dena apurtu» dute, Tolosaldea Sahararekin elkartearen esanetan. Kalteak handiak izan direla diote: «Kalteak batez ere, lehenik ahulak ziren eraikuntzetan eta haimetan izan dira, horiek sahararren babesleku bakarrak direla gogoraraziz». Hala ere, ez da «giza galerarik» izan.

Horregatik, larrialdiko deialdi bat egin dute, eskaera zuzen batekin: «Herri sahararrari laguntza banatu ahal izateko laguntza ekonomikoa biltzeko eskaera».



Laguntza ekonomiko horiek bidaltzeko kontu korronte ezberdinak zabaldu dituzte. Eskualdean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak Kutxabanken duen kontuan eman behar da laguntza: 2095 5081 93 1062503346. Laguntzetan 'Uholdeak' hitza jartzea eskatu dute.

Horrez gain, Tolosaldea Sahararekin elkarteak jakinarazi duenez, biltegian dauden produktuak errefuxiatuen guneetara eramateko autobus edo kamioi behar dutela azaro erdirako, eta aukera hori izanez gero elkartearekin harremanetan jartzeko eskaera egin dute.

Hassana Aaliaren aldeko mozioa

Bestalde, saharar herriari lotuta, eskualdeko udaletan Hassana Aaliari elkartasuna adierazteko mozioak onartu dituzte: Tolosan, Ibarran eta Amasa-Villabonan; EH Bilduk aurkeztutako mozioak izan dira. Ibarrako Udaletik aurrez aipatuta diru laguntza bideratzea ere erabaki dutela.

Mozioan aipatzen da, Hassana Aaliari bizi osorako espetxe zigorra ezarri ziotela 2013an, baina hainbat nazioarteko legelari «prestigiotsuk» epaiketa «erabat deuseztzat» jo zutela. Ordutik, espainiar estatuan dago «herri sahararra menderatze aldera eragiten duen bidegabekeria salatzen».

2015eko urtarrilean bere babes eskaerari uko egiten ziela jakinarazi zioten, baina bere abokatuek Auzitegi Nazionalean helegitea aurkeztu zuten eta onartua izan zen. Hortaz, mozioak dioenez «kanporatzeko aginduari buruz emandako kautelazko eteteak Hassanna Aalia babesten du». 2015eko urriaren 6an, ordea, Burgosen berriro atxilotu zuten. Honenbestez, «egoeraren larritasunaren aurrean» Aaliari eta bere familiari «sostengu eta elkartasuna» adierazi zieten onartutako mozioan. Eta azken atxiloketa eta ondoren zabaldutako prozedura «arbuiatu» zituzten. Gainera, Barne Ministerioari «Aaliak asilo politikorako duen eskubidea» aitortzeko eskatu zieten.

Bestalde, herrialdean bizi den egoeraren inguruko salaketa ere egin nahi izan zuten: «Marokoko Gobernua Mendebaldeko Saharan eragiten ari den Giza Eskubideen bortxaketa areagotzen ari dela eta gure ardura azaltzea, egoera honi amaiera ematea eta Saharako preso politiko guztiak aske uztea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!