«Bere beharrak ahaztu ohi dituzte zaintzaileek»

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 29a, 11:17

Silvia Camio, ikastaroaren une batean.

Saiaz Mankomunitateak antolatuta, Zaintzaileen estresa, zaintzaileak nola zaindu ikastaroa ematen ari da egunotan Silvia Camio psikologoa Bidania-Goiazko erabilera anitzeko aretoan.


Zenbateraino daude estresatuta zaintzaileak?


Zaintzaile mota asko daude, baina batez ere berriak direnak oso estresatuta daude. Hori normala da egoera berria delako. Denborarekin, informazioarekin, horrelako ikastaroekin, eta esperientziarekin, egoera kudeatzen ikasten da. Badaude beste batzuk ere urteak daramatzatenak zaintzen eta estresa dutenak.

Zeinentzat da ikastaroa?

Edozeinentzako egiten da, bai senitartekoak diren zaintzaileentzat, baita profesionalentzat ere. Behar gehiena izan ohi dutenak senitartekoak dira, afektibitate-loturak estres gehiago sortzen duelako.

Zaintzaileak gehienetan emakumezkoak izaten dira, ezta?

Tradizioa horrela izan da. Gaur egun egoera aldatzen ari da pixkana, eta gainera ikastaroetara gizonezkoak azaltzen ari dira, adinekoak eta baita gazteak ere. Adibidez, senar bat bere emaztea zaintzen duena, edo seme bakarra dena eta aita eta ama zaintzen dituena.

Zein izaten dira zaintzaileen beharrak?

Batez ere zaintzaileen arazo nagusiena zaintzaileek ardura gehiegi hartzen dituztela eta beraien beharrak ahazten dituztela izaten da. Bestalde, beraien emozioak espresatzeko beharra dute eta horiek kudeatu: tristezia, haserre egotea, kulpa sentimendua,... Beraien zalantzak argitzeko beharra dute ere, eta beraien espazioa eta denbora izateko. Disfrutatu behar dute eta hori askotan ahaztu egiten dute. Horrez gain, askotan menpekotasuna duen pertsona okerrera doa eta hori onartzea zaila egiten zaie.

Zaintzaileen lana egiteko modua ere aldatu da?

Lehen zaintzaileek, familiarra, bere etxean sartuta zuten, eta gaur egun beste zerbitzu batzuk erabiltzen dituzte: eguneko zentroak, etxeko laguntza, zahar etxeetan egonaldiak... Eta hori normala da, zaintzaile familiarrek atsedena behar dute eta bere bizimodua mantentzen saiatu behar dira. Batzuk beren lana mantendu behar dute, seme-alabak zaindu...

Alderik badago zaintzailea herri txiki batean, landa eremuan, bizi ala herri handi batean?

Egia esan ez dut ikerketa hori egin, baina suposatzen dut herri handi bateko bizimoduak eta erritmoak bere eragin txarra izango duela zaintzan. Adibidez, laneko ordutegi estresantea zaintzarekin nahastuta bonba bat izaten da. Hirietan ere nire ustez besteen laguntza gutxiago hartzen da, bakoitzak bere bizitza bizitzen du.

Zer lantzen da ikastaroan?

Zer den zaintzailearen estresa, eta estres horretaz nola konturatu agertzen diren sintomen bidez. Zer fase pasatzen dituen zaintzaileak zaintza aurrean egoera berria kontrolatu arte; manipulazio emozionala nola moztu eta zaintzari mugak nola jarri; zaintzaileen beharrak bete, erlazio sozialak mantendu, emozioak kudeatu, eta egoera zailak kudeatzen ikasi, adibidez, agresibitatea. Orokorrean zaintzaileen zaintza lantzea da, kontziente eginez, adibidez, laguntza eskatu behar dutela eta bere beharrak bete behar dituztela. Zaintzaileen arazo nagusietako bat bere buruari gehiegi exijitzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!