'Ataria' irratia herritarrengana gerturatzeko kalera aterako da

Eneritz Maiz Etxarri 2015ko urr. 22a, 11:26

Bihar Anoetan hasi, eta urtarrila bitartean Villabona-Aiztondo eta Anoetaldeko bederatzi herritatik pasako da

Herritarren gertukoa izatea eta gure komunikazio eskaintza osoa denen eskura jartzea da TOLOSALDEKO ATARIA-ren asmo nagusienetakoa. Honi erantzuten dio ATARIA irratia kalera ateratzeko ekimenak. Urtean zehar, hainbat irtenaldi egin ditu ATARIA irratiak, inauterietan, zuzeneko kirol emankizun zenbaitetan eta Bizipoza jaian, esate baterako.

Orain, bihartik hasi eta abenduaren 18ra bitartean, herriz herri ibiliko da, Villabona-Aiztondo eta Anoetaldeko herrietan hain zuzen ere. Anoeta herria izango da lehena eta bertako plazatik aterako dira 107.6 eta 105.0 frekuentzietarako uhinak, 10:00etatik 13:00etara. Eskualdeko udalei, elkarteei eta pertsonei emango zaie hitza, beren proiektu, egitasmo, esperientzi eta bizipenen berri eman dezaten. Anoetan hasitako bideari jarraituko diote Aduna, Alkiza, Asteasu, Irura, Hernialde, Larraul, Zizurkil eta Amasa-Villabonak.

Bi mila eta hamalauan zehar, Alegialdea eta Berastegialdeko herriak bisitatu genituen irratiarekin. Ondorengo asteetan bisitatu behar dugun bailaretan irismen arazoak genituen, eta oraintsu arte ez zen entzuten ATARIA irratia bailarako zenbait herritan. Egin ditugun inbertsio eta hobekuntza teknikoei esker lortu dugu eskualde osoari informazio zerbitzu osoa eskaintzeko modua egitea. Esan daiteke Txolarre-a itzuli dela Villabona-Aiztondoko atari guztietara.

TOLOSALDEKO ATARIA, ordea, Tolosaldeko Hitza, Galtzaundi eta Txolarre elkartu zirenez geroz, proiektu zabala da. Ataria.info, TOLOSALDEKO ATARIA prentsa eta ATARIA Irratiak osatzen duten eskaintza osoa. Irratiaren bisita baliatuz, hau ere erakutsi nahi diegu herri horietako guztiei. Horretarako, irratiarekin herriko plazara gerturatzeaz gain, TOLOSALDEKO ATARIA egunkaria eta astekariaren banaketa berezia egingo da irratia heltzen den herri guztietan, eskuetan izan dezaten, eta ez direnak proiektuko kide izatea, Atarikide izatera, anima daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!