«Alternatibak egingarriak ez direla aurpegiratzen digute sarri»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 22a, 09:34

Maddi Sarasola, Egoitz Iturbe eta Oihana Lopetegi Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kide dira; larunbatean Alternatiben Herria antolatu dute, Bilbon, bestelako gizarte eredu bat posible dela ikusarazteko.

Larunbatean Alternatiben Herria izango da Bilbon, festa eta hausnarketa uztartuz. Egungo sistematik ihes egin eta bestelako ereduetan teoriatik praktikara nola pasatu daitekeen eztabaidatzeaz gain, benetako ereduen erakusleiho ere izango da hiriburua.

Aldarrikapena, hausnarketa eta festa uztartuko dituzu. Zein aldarrikapen? Zein festa? Zein hausnarketa?

Maddi Sarasola: Bizi mugimenduak deialdi bat egin zuen Alternatiben Herriak sortzeko, klima aldaketaren inguruan Parisen egingo duten goi-bilera baten harira. Euskal Herrian, ordea, klimaren esparruaz harago joanez, ikuspegi zabalago bat eman zaio, eta hainbat gai jorratzen ditugu. Sistema aldatzeko nahia da funtsa eta, honen guztiaren sustatzailea Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta denez, oinarrian kartako ideiak daude. Abiapuntu hori hartuta, Bilbon, batetik, hausnarketa egin ahal izango da, mahai inguru eta hitzaldiak izango direlako, teorizazioaren mailan. Baina, bestalde, alde praktikoa ere ikusi ahal izango da, gaur egun martxan dauden alternatiba horiek ezagutarazteko plaza izango baita larunbatekoa.

Oihana Lopetegi: Badira puntu nagusi batzuk. Bat, esaterako, jada martxan dauden alternatibak ikusaraztea litzateke. Era berean, Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikala kohesionatzeko gogo bat ere badago. Gainera, trantsizio ekologikoa ere sustatu nahi dugu. Horretarako, aktibazioa beharrekotzat dugu. Eta, noski, Bilboko festan ez da guztia amaituko; han proposatu eta ikusitako alternatiba horiek guztiek jarraipena izango dute, eta hori ere helburuetako bat da.

Klimaz harago, Alternatiben Herria beste hainbat esparrutan ere ariko dela azaldu duzue. Zein esparrutan, zehazki?

M. S.: Ekonomia, natura, bizitzaren iraunkortasuna, aniztasuna, burujabetza, parte hartzea, ondare komuna, demokrazia, feminismoa... Egia esan, alternatiba horiek zein hariri helduko dioten zehaztea ia ezinezkoa da, oso zabala baita.

Bizitzako ia esparru guztietara iritsiko da.

M. S.: Bai, hori da. Nik uste dut egokiena Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bera irakurtzea dela, bertan biltzen diren esparru horiek guztiak irudikatu nahi izan baitira, alternatiben bila. Bilboko festako guneak, beraz, kartan eztabaidatzen genituen sailen antzekoak dira.

Egoitz Iturbe: Karta sozialaren bidetik, prozesu batean gaude eta, prozesu horren ondorioz, hausnarketa bat egin dugu, zer nolako gizartea nahi dugun erabakitzeko. Hori teorizatu ondoren, «eta, orain zer?» galdetu genion geure buruari. Horregatik, tokian tokiko praktikotasunera joan gara, eta hor hainbat eremu ukitzen dira. Bide horretan, larunbateko Alternatiben Herriaren alderdi positiboena zera da, jendeak alternatiba horiek ikusteko aukera izango duela, eta eztabaida guneak ere izango direla. Finean, beste eredu bat posible dela sinesten dugun guztiontzat egun berezia izango da.

Euskal Herrian bezala, beste zenbait herrialdetan ere alternatiba horiek sustatzen ari al dira?

E. I.: Bai. Ez da Hego Euskal Herrian sortzen ari den kontu soila; Iparraldean ere ari dira, eta frantziar estatuan ere bai. Han, gizartea asko mugitzen ari da zentzu honetan, besteak beste, alternatiba martxa ospatu baitute, herriz herri, iraila eta urria bitartean. Azken ekitaldia Parisen egin zuten, eta bertan milaka pertsona elkartu ziren, klima aldaketaren aurkako aldaketagatik. Beraz, alternatiben herriak sortzeko gogo hori Europan zabaltzen ari da, eta poztekoa da Euskal Herri osoa prozesu honen parte izatea. Poliki goazen arren, aurrerapausoak ematen ari gara. Gure helburua oso xumea da Frantziakoaren aurrean, baina argi daukagu alternatibak landu eta gauzatzen dituzten eragile asko daudela.

Bestelako gizarte eredu bat posible dela sinesten duzuenon bilgune izatearekin batera, alternatiba horienganako konfiantzarik ez dutenentzat erakusleiho bat ere izango al da Bilbokoa?

M. S.: Bai. Uste dut garrantzitsua dela teorizazio horretatik kanpo, praktikara igarotze hori, sistema aldatzekotan, ez baita teoria hutsetik egingo.

Alternatibak proposatzen ditugunoi, egingarriak ez direla aurpegiratzen digute sarri. Nahiko zabalduta dagoen zerbait da hori, eta, beraz, teoria horiek sinesten dituztenek praktikan ikusi ahal izango dituzten neurri berean, sineste ez dituztenek ere ikusi ahal izango dute teoria hutsak baino zerbait gehiago direla, eta eredu egingarriak direla.

E. I.: Adibide bat Errigora plataforma izan daiteke. Nafarroako Erriberako ekoizleek arazo handiak dituzte, multinazionalek beren salmenta asko mugatzen dutelako. Horren aurrean, baserritarren koordinakunde bat sortzea erabaki zuten, beren produktuak zuzenean beraiei erosteko, bitartekaririk gabe. Hego Euskal Herri osoko herritarrak sustatzen ari diren proiektu bat da eta, nekazariei produktuak zuzenean erosteaz gain, plataformak bere irabazien zati bat Erriberan euskara bultzatzeko erabiltzen du. Hori gure sistema barruan dagoen alternatiba bat da, eta guk hori posible dela sinesten dugu; Errigora plataforma adibide xume bat besterik ez da, eta gauzak egiteko aukera asko daude.

Bilbon dena ez dela bukatuko diozue. Bertan egosten den guztiarekin pauso gehiago emateko, aurrera begirako agenda bat zehaztu al duzue?

O. L: Egia esan, karta sozialaren dinamikarekin jarraitzea izango da helburua. Alternatiba bakoitzaren agenda egunean bertan eztabaidatuko da eta, han ateratzen denarekin, txosten bat osatu eta plangintza zehaztu beharko dugu. Baina, karta soziala sortu zenez geroztik, helburu horrekin lanean ari da: alternatibari buruz eztabaidatu genuen eta gurea idatzi ere egin genuen. Beraz, orain hori praktikotasunera eramateko moduak eztabaidatu beharko dira. Aurrera begira, indarrak metatu beharko dira, jendeari gure egitasmoa ezagutarazi beharko diogu, eta alternatiba horiek praktikan jartzen saiatu beharko dugu. Kontua da alternatibak gai guzti-guztiak ukitzen dituela, beraz, ikusi egin beharko dugu nondik has gaitezkeen. Energia, feminismoa, erabakitzeko eskubidea, euskara, lan merkatua... Pixkana-pixkana joan beharko dugu.

Herritarrei eragin nahi diezue, baina, herritarrek ere eragin dezakete Alternatiben Herria sortzen, crowdfounding bitartez.

M. S.: Helburua xumea dela aipatu dugu, baina, festa eguna bera ez da hain xumea izango, azkenean dimentsio handi xamarra hartu baitu. Horrek, noski, gastu batzuk sortzen ditu eta, gastu horiei aurre egin ahal izateko, batetik, eta jendearen inplikazioa bilatzeko, bestetik, crowdfounding-a edo diru bilketa martxan jartzea erabaki dugu. alternatibenherria.eus atarian dago informazio osoa. 

O. L.: Gutxieneko muga gainditu dugu jada, 12.000 euro baino gehiago bildu baititugu. Hori bai, muga gorena 30.000 euroan dago. Helburua bete dugu, beraz.

Bilboko egitarauaren dimentsioa nabarmendu duzue, eta jendeari parte hartzeko deia egin nahi diozue, ezta?

O. L.: Bost karpa, hainbat areto eta azokak izango dira eta, bakoitzean, denetik: elkarrizketak, eztabaidak, mahai inguruak, tailerrak, haurrentzako ikuskizun eta jolasak, ... Jarduera mota ez da gune zehatz batera mugatuko, beraz. Egun hau edozeinentzako da, eta aurretik zertara joan nahi den ere erabakitzeko modua da. Horrela, autobusez joan nahi dutenek aukera izango dute, 09:30ean Usabaletik irtengo baita. Izena emateko, tolosaldekokartasoziala@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!