Gutuna: "Sarea ehunduz... herri kiroletara!"

Tolosaldeko Sare 2015eko urriaren 16a

Sare herritarrak urtebete darama desberdinen arteko borondate eta lana josten euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan daitezen. Ibilbide eta ideologia ezberdinak dituzten pertsonak elkarrekin lanean bilduz, dispertsioarekin amaitu eta larriki gaixo dauden presoak etxeratzea dugu lehentasuna.

Sarek aurrez aipaturiko helburu hauek helburu zabalago baten baitan kokatzen ditu. Izan ere gatazkaren ondorio guztiei erantzuna emango dion prozesu global bat beharrezkoa dela ulertzen dugu. Prozesu honek deserrian edota espetxean dauden pertsona guztien etxeratzeari bide eman behar dio.

Pertsona guzti hauen giza eskubideen errespetua oinarri izango duen konponbidean pausoak ematen jarraitu behar dugu. Horretarako ezinbestekoa da, eta izango da, norbanako zein maila kolektiboan konpromisoak hartu eta jendartea mobilizatzea.

Bide honetan guztiok gara beharrezko. Herri kirolari, irakasle, musikari, mediku, ikasle, mekanikari, tabernari, epaile, elektrikari, lorezain, abokatu,... guztiok gara beharrezko. Zu ere beharrezko zara. Izan zaitez ehuntzen ari garen Sarearen parte!

Horregatik bihar Villabonan herri kirolariek antolatu duten Herri kiroletara ekimena txalotzearekin batera, eredu hori jarraituz bakoitzak bere esparrutik iniziatiba hartu eta bere ekarpena egin dezan animatzen dugu.

Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea.

3, 2, 1... iritsi da ordua!

Adostasunetik konpromisora!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!