Min bizitik, bizitzera

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 18a, 10:45

Nazioarteko egunen zerrenda amaigabean, Bularreko Minbiziaren Aurkakoa da urriaren 19koa; eskualdean ere, ehunka dira zapi arrosen iraultzarekin bat egin, eta aingura hori kemenaz altxatzen dutenak.

Eskuko grabagailua aurrean izanda ere, hitz jario etengabeak salatzen ditu, gainerako elkarrizketatuen artetik. Galdera bakarrak, argazki, une eta bizipen gordinen errenkada lapurtzen die beren memoriei, eta testigantza zatiak errepikatu egiten dira aho batetik bestera. Azken galderak, gaixotasunak bizitzari begiratzeko modua aldatu ote dien dio, eta erantzun guztiek berbera: «Bai, noski». Axun Lopetegik (Belauntza, 1962), Jexux Mari Arsuagak (Irura, 1942) eta Izaskun Pagolak (Tolosa, 1959) beren azalean bizi izan zuten, behin batez, bularreko minbizia. Elkarrizketa bana min hura bizitzeko nahikoa den arren, gaur egun, atzean utzitako beldurren orbana baino ez zaie geratzen.

Hiru kontakizun, hiru istorio eta hitz bakarra: adorea. Adorea eta kemena, halabeharrak parean jarritako hesiaren gainetik salto egin baitute. Uda honetan hamar urte biribil bete dira, Axun Lopetegik medikuaren albistea jaso zuenez geroztik: «Atzendu samar daukat, eta eskerrak», dio. Baina data zehatzarekin ederki gogoratzen da: «Uztailaren 20 ingurua zen, eta hondartzara joan ginen haurrekin, Zarautzera. Hondartzatik bueltan, hango lagun batzuk elkartera gonbidatu gintuzten, afari legea egiteko, eta ni komunera joan nintzen. Besapeak garbitzeko iturrira joan eta, eskua besapetik pasatu nuenean, zerbait zegoela iruditu zitzaidan; ez oso handia, baina zerbait arraroa. Momentu hartan burutik kendu nuen hura, eta lagunengana itzuli nintzen. Baina, afaldu eta etxera itzultzerakoan, berriro etorri zitzaidan burura. Ez nion inori ezer esan, eta hurrengo egunean medikuarengana joan nintzen».


Lanetik bueltan zen, Jexux Mari Arsuaga, duela hamasei urte bizitzak bihurgune estu hura hartu zionean: «Dutxa bat hartzen ari nintzela, koskor txiki bat nabaritu nuen bularrean. Hasieran koipea-edo izango zela pentsatu nuen, eta ez nion garrantzirik eman. Baina, handik astebetera, hor jarraitzen zuen». Gorputzaren beraren formak eta, lehengusu bati gertatutakoak, medikuarengana joatera bultzatu zuten: «Hamar urte lehenago, lehengusu bat bularreko minbiziaz hil zen, eta hura ere gizonezkoa zen. Egia esan, nik ordura arte ez nuen sekula entzun gizonezkook bularreko minbizia izateko arriskurik bagenuenik. Baina, lehengusuarenarekin gogoratu, eta medikuarengana joan nintzen, badaezpada ere. Eskerrak hari, bestela ez nengoke hemen».

Izaskun Pagolari, berriz, ondoezaren bidetik iritsi zitzaion osasun zentrora joateko susmoa, orain zazpi urte inguru: «Egun batzuk erdi-ipurdi neramatzan, korri egitera joan eta presio txiki bat sentituz. Korri egiteari utzi nion arren, asteburuan berriro sentitu nuen presioa eta, ukitzen hasitakoan, zerbait gogorra zegoela nabaritu nuen. Nik banekin, koskorra gogorra baldin bazen eta mugitzen ez bazen, kontua bide txarretik joan zitekeela, eta larrialdietara joatea erabaki nuen».


«Minbizia daukat»: arnasaldi bat itolarriari

Kolpeak askotarikoak dira, eta kolpeak hartzen jakiteko moduak ere bai. Barnean tumore txar bat izatea muturreko latza da, ordea, irudimena argiaren abiaduran lanean hasten denean.

«Bost minutuan bizitza goitik behera erortzen zaizu, dena». Horixe sentitu zuen, Axun Lopetegik, onkologikoan diagnosi zehatza eman ziotenean: «Nire ikasle izandako batek urtebete inguru zeraman minbiziarekin, eta gertutik jarraitu nuen bere prozesua; bera etorri zitzaidan burura. Gainera, bi nerabe etxean, ama edadetua… Hotzikara sentitzen dut oraindik ere».

Hotzikarak beldurra, eta beldurrak heriotza dakar minbizia duenaren burura: «Noski heriotzarekin pentsatu nuela, segituan, gainera. Lehenengo, biopsia egin eta haren emaitza jakin arte, koskorra txarra izango ote den pentsatzen pasatzen duzu denbora, kezkatuta. Eta, behin txarra dela berresten dizutenean, ireki arte ez dute jakiten kaltea zenbaterainokoa den. Denbora horretan guztian, beraz, heriotza burura etortzen da, kezkaz eta beldurraz», dio Jexux Mari Arsuagak.

Baina, minaren minaz, sarri, beldurra bezainbeste hazten da amorruaren aparra ere, eta horixe gertatu zitzaion Izaskun Pagolari: «Hasieran amorrazioa eta ezintasuna sentitu nituen, eta nire artean pentsatzen nuen: 'Bizitza osasuntsua egiten dut, ez dut erretzen, ez dut edaten, ariketa fisikoa egiten dut,…Zergatik niri, zergatik?'».

Eta, halabeharrak hala eskatuta, iritsi egiten da «minbizia daukat» gertukoei esateko unea. Bizipen horien kontakizuna kanpotik entzuten duenari, prozesuaren unerik gogorrenetakoa begitantzen zaio kontatzearena; lehen pertsonan bizi izan dutenentzat, ordea, itolarri luze bati arnasaldi bat oparitzea da.

«Hasieran gogorra da, bai, baina, ez dut oroitzapen txarregirik», dio Axun Lopetegik: «Nire jarrera ingurukoei segituan deitzea izan zen eta, behin etxekoei eta lagunei esan nienean, ingurua asko zabaldu zitzaidan; denak hor dituzu babesa ematen». Izaskun Pagolak ere zauri ireki-berriaren mina kanporatzeko bultzada sentitu zuen: «Atseden txiki bat izan zen niretzat kontatzea, beharra bainuen esateko. 'Minbizia' hitza erabili nuen, gainera, errealitatea horixe baitzen. Koskor bat duzula esatea egia margotzea da, eta hori ez da egin behar».

Margoen beharrik gabe, Jexux Mari Arsuagarentzat ere askatze leun bat izan zen, bere burua guztia kontatzen duten pertsona horietakotzat baitu: «Esango nuke gogorragoa dela ingurukoentzat, norberarentzat baino, beldur handiagoa sentitzen dutela iruditzen baitzait».

Ihesbidea, edo egonezina aldamenekoekin arintzeko modua izan daiteke, gaixotasunaren berri ematea. Baina, prest al gaude horrelako berriak jasotzeko? Axun Lopetegik argi dauka, ezetz: «Nabaritzen da batzuk badakitela, baina isildu egiten direla. Beste batzuk, berriz, negarrez etortzen zaizkizu eta zuk lasaitu behar dituzu. Jendeak jarrera desberdinak hartzen ditu eta, momentuan bertan, batzuk mingarriak suertatzen dira. Baina, urteen poderioz, ikusten duzu jarrera guztiak direla ulergarriak, horrelako gauza baten aurrean ez baitakigu erreakzionatzen».

Posible da kaleko ezagunen erreakzioak kezka sortzea, baina alaba bati minbiziaren berri ematearen parekorik ez da. Hain zuzen, horrexegatik, Izaskun Pagolak ez zion ezer kontatu nahi izan alabari, guztia ondo lotuta izan arte: «Unibertsitatean zebilen garai hartan, eta ordu asko pasatzen zituen etxetik kanpo, baina, hala ere, zerbait susmatu zuen nire joan-etorriengatik, eta galdetu egin zidan zerbait gertatzen ote zaitzaidan. Baietz erantzun nion, bularrean koskor bat nuela eta ez zela ona, baina buruarekin ezetz eta ezetz egiten zuen berak. Banekien, gainera, buruan zein galdera zerabilen: hil egingo nintzen edo ez jakin nahi zuen. Ez nuela uste esan nion, eta baikorra izango nintzela, beraz, bera ere hala izan zedila».

Pauso zalantzatia sendabidera

Kirofano atariraino ematen da, minbiziaren mamuagandik ihes egiteko lehen pausoa. Pauso garrantzitsua bezain zalantzatia izan ohi da, ordea, ebakutza egin behar duenarentzat: «Txorakeria dirudi, baina kezkarik handiena bular osoa kentzearen arriskuak sortzen zidan», dio Axun Lopetegik; «Nire kasuan, minbizia besapeko guruinetara pasata bazegoen ere, bularreko tumorea bera oso txikia zen. Beraz, zati bat kendu zidaten». Kezka berbera izan zuen, Izaskun Pagolak ere: «Esnatu nintzenean galdera bakarra nuen: bularretik kendu zidaten zatia zenbaterainokoa zen jakin nahi nuen».


Estetikarekin loturiko huskeria dela pentsa lezake askok, baina, heriotzaren itzalpean bizi den gaixotasuna jasatea nahikoa ez, eta kanpotik ere gaixo itxura izatea kolpe latza da minbiziaren aurkako sokatira horretan. Bularrik gabe geratzea izan liteke ispilua gorrotatzeko arrazoi bat, baina, egiari zor, bularreko minbizia gainditzeko bidean, puntu beltzena tratamenduarena da.

Kimioterapia, erradioterapia edo pilulak. Adituek diotenez, gero eta arinagoak dira minbizia sendatzeko bideak, pertsona bakoitzari egokitutakoak, baina, tratamenduak beti uzten du orbanen bat, azal barruan bada ere. Ebakuntza egin eta hamahiru egunez onkologikoan egon zen, Jexux Mari Arsuaga. Kimioterapia eman zioten, ondoren, hilabetean behin, eta burutik ezabatu nahiko lituzkeen oroitzapenak ekarri ditu gogora: «Sei saio izan ziren. Kimioterapia jasotzen nuen aste hura oso gogorra izaten zen. Bigarren astean zertxobait errekuperatzen nintzen, eta hirugarrenean ondo sentitzen nintzen berriz. Baina, berriro jaso behar izaten nuen tratamendua, astebetera». Sei saio haiek, ordea, gogorrak bezain eraginkorrak izan ziren, eta pilula bidezko tratamenduarekin jarraitu zuen, beste bost urtez, guztiz sendatu arte.

Izaskun Pagolak zortekotzat du bere burua, prozesu «arina» izan baitzuen, gerta zitekeenarekin: «Hasieran ez zekiten kimioterapia hartu beharko nuen edo ez. Baina, ebakuntzaren ondoren, segituan esan zidaten erradioterapia eta tamoxifeno pilula bidezko tratamendua hartuko nituela». Pilula bidezko sendabideak zenbait gora-behera sortu zizkiola dio, sei kilo gizendu baitzen, esaterako. Baina harekin bizitzen ikasi zuen eta, minbizia gainditutakoan, bere onera itzuli zen guztia.

Zama bat gehiago bizkarrean

Axun Lopetegik gaixotasuna gainditu eta gerora jakin zuen, minbizia mota gogorrenetako bat izan zuela. Kimioterapia eta erradioterapia jaso zituen eta, bere minbizia hormonoaktiboa ez zenez, ez zuen pilularik hartu behar izan. Bularreko minbizia sendatzeko metodo bortitzenek adinako jipoia eman zion, ilearen erortzeak.


«Kezka handia sortzen zidan, tratamendua zein izango zen ziur ez nekienean ere. Ilea berriro hazten da eta huskeria dirudi, baina aldartea ikaragarri jaitsi zidan horrek. Denbora behar da gertatzen zaizun guztia barneratzeko». Aldaketak denbora baino azkarrago joan zitzaizkion, ordea, eta ileordearekin kalera irteteko eguna iritsi zen: «Egia esan, gerora nahiko ondo eraman nuen hura. Eroso ibiltzen nintzen ileordearekin, nahiz eta egunaren amaieran kentzeko gogo handia izan. Pentsa inauterietan nola sentitzen garen ileordea janzten dugunean; antzekoa da».

Ispiluaren erronkari aurre egin zion, eta baita kalekoari ere: «Baina gogoan dut bi semeei nola galdetu nien, etxean ni ilerik gabe ikustea axola ote zitzaien, ala burua estaltzea nahiago zuten. Ez ninduten ilerik gabe ikusi nahi eta, beraz, ileordearekin edo zapiarekin egoten nintzen».

Gauza txikien garrantzia handia

Minutu bakarrean goitik behera aldatzen zaio bizitza, gorputza pixkana jaten ari zaion minbizia barruan duela konturatzen denari. Azkar harrapatuz gero sendatzen dela jakin arren, herritarren gehiengoak noizbait izango duela entzun arren, eta urte gutxitan gaixotasun kronikoa izango dela irakurri arren, mamu handia da, oraindik ere, minbizia. Baina asko gizarteratu dela uste du Axun Lopetegik: «Hamar urteotan izugarri aldatu dela ikusi dut, gizarteratzeari dagokionez, batez ere. Lehen minbizia eta heriotza gauza bera ziren, gainera, baina, orain, ia etxe guztietan dago pasatu duen norbait. Egia da gaitza asko ugaritu dela, baina sendatzen direnen proportzioa ere neurri berean hazi da».

Aurrera egiteko, ezinbestean, atzera begiratzea eskatzen duen gaitzak, beraz, mamu hori ezabatzen laguntzen du, albo-kalteen gainetik. Zortedun sentitzen da, esaterako, Izaskun Pagola: «Askoz ere okerragoa izan zitekeen, eta eskerrak emateko moduan naiz, egia esan».

Bizitza galtzeko beldurra izango da, ziur aski, lehen txikiak ziren gauza horiei orain garrantzia handia ematearen arrazoia. «Lehen zenbait gauzari garrantzia handia ematen nien, eta orain ikusten dut ez dutela hainbesteko pisurik. Aldiz, beste gauza txiki asko ezinbestekoak dira bizimodu honetan: egunean egunekoa gozatzen ikasi dut», dio Arsuagak.

«Momentuan bertan, gaixo zaudenean, edozein txorakeriarekin kexatu egiten garela pentsatzen duzu; orduan, gainontzeko guztiak ez du garrantziarik», dio Lopetegik. Eguneroko gurpil-zoroak, ordea, hori ere aldatzen duela dio: «Atzendu egiten da sentipen hori, eta eguneroko erritmoan berdin-berdin kexatzen zara, nahigabe aurrekora itzuliz. Noski, noizbehinka pentsatzen dut zorteduna naizela, eta ezin dudala kexatu, baina nik lehengo bizimodu berbera daramat, ez dut ezer aldatu».

Bere aldetik, Izaskun Pagolak bizitzari beste begi batzuekin begiratzen diola dio: «Huskeriengatik ez da eztabaidatu behar, eta bakoitzak gustuko duena egin behar du. Gauzei neurria hartzen ikasi dudala uste dut, eta gertatzen zaidana ingurukoekin partekatzen. Gainera, besarkada bati balio handia ematen diot orain, lehen baino gehiago akaso, eta baita familiarekin nahiz lagunekin egoteari ere».

Erreportaje baten mugak hertsiagoak izaten dira eskuko grabagailu batenak baino. Hiru solasaldik eman ditzaketen milaka hitzetatik batzuk aukeratuta, ordea, ehunka istorioren isla sor liteke lerroz lerro; eta beste batzuen gogoa islatu ere bai. 'Adorea' idatz liteke Axun Lotepegi, Jexux Mari Arsuaga eta Izaskun Pagolaren izenen alboan, eta baita, egunero-egunero, minbiziarekin bizitzetik, bizitzera pasatzeko borrokan ari diren horien alboan ere. Hiru ahotsek balio dezatela, xingola arrosak kemenaz josteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!