Iazko finalaren baleko errebantxan, pilotariak konfiantzaz dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 16a, 10:55

Artola eta Altuna III.aren partidarekin, gaur hasiko da Lau t'erdiko ligaxka, Donostiako Atano III.ean

Iñaki Artola, gaurko partidaz:

Jokin Altuna, gaurko partidaz:

Handienen artean txoko bat egitea lortu dute, Iñaki Artolak eta Jokin Altunak. Lau t'erdiko Txapelketari ekin, eta final laurdenetako txartela maila ederra erakutsiz lortuta, elkarren aurka jokatzea egokitu zaie, gainera, fase berriko lehen norgehiagokan.

Donostiako Atano III.a pilotalekuak iazko promozioko finala ekarriko dio gogora, askori, eta Tolosaldeko pilotazale guztien begiak izango dira kantxan, bai bertatik edo baita telebistatik ere.

Baina, partidaren zeresanak ez die, bi gazteei, konfiantzarik lapurtu. Iñaki Artola materialarekin «gustura» geratu zen, nahiz eta bereen eta Altunaren piloten artean desberdintasun txikirik nabaritu: «Ez nago kexatzeko moduan».

Gaur 20:00etan hasiko den partidarako, berriz, «konfiantzaz» dago alegiarra: «Nahiko partida txukuna jokatuta nator eta, normalean, aste batetik bestera alde handirik ez nuke nabaritu behar. Beraz, lehengo moduan jokatzera joango naiz».

Bide beretik, Jokin Altuna amezketarrak ere ondo biribildu zuen joan den asteburukoa, eta jokatzeko gogoz da: «Txapelketa ondo hasi nuen, baina partida guztiak desberdinak izaten dira, eta ea zer ateratzen den. Nik ondo jokatu nahi dut eta, ahal dela, irabazi».

Artola eta Altunaren artekoa, final laurdenetako partida arrunt bat baino gehiago izango da, bi pilotarien laguntasun eta gertutasunagatik. Bide horretan, iazko promozio mailako finalaren usaina du gaurko hitzorduak: «Guretzat, elkarren aurka jokatzea beti izan da berezia, aparteko giroa sortzen delako, eta horrek gogo berezia pizten du», dio Iñaki Artolak.

Aurkaria ere bat dator berarekin: «Ikaragarri polita da, eta niretzat gozamena da babes horrekin jokatzea».

Giroa ziurtatuta izango da, gaur, beraz, eta, gertatzen dena gertatzen dela, pronostikoak ere bai. Artolak Olaizola eta Irujo ikusten ditu txapelarako faborito, «beti bezala», baina oso kontuan izango lituzke Bengoetxea eta Retegi ere.

Jokin Altunak, berriz, beren taldeari egin dio erreferentzia, «oso talde zaila» dela nabarmenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!