Afizioa eta ofizioa sortzen

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 14a, 10:06

Eskualdeko pilota eskolek egiten duten lanari esker eskualdeko harrobia sendo dago; pilota eskolen erradiografia bat bildu dugu hemen

Pilotak egun bizi duen egoeraz hitz egiten da sarri, zer nolako etorkizuna izango ote duen. Eskualdeari begiratuz gero, azken urteetan eskualdeak emandako pilotari profesionalen kopurua ikusita eta horrek frontoietara eraman duen pilotazale olatua ikusita, pentsa genezake pilota osasuntsu dagoela eskualdean.    
Baina, fruitua jasotzeko aurretik hazia landatu eta zaindu egin behar izaten da, eta horretan lan handia egin dute eskualdeko pilota eskoletan hainbat eta hainbat pertsonek. Bertan afizioa eta ofizioa transmititzen egin dute eta egiten dute lan. Pilotari asko, baina baita pilotazale asko ere. Izan ere, pilotan aritzeaz gain, pilota maitatzen ere ikasten da eskola horietan.

Pilota, bere modalitate ezberdinetan, gainera. Izan ere, pilota lantzeko modalitate ezberdinak daude, eta eskualdean ere lantzen dira: ezker horma, xarea, pala, errebotea, joko garbia, zesta punta, trinketea, pilota goma...

Norberak gustuko duen modalitatean lekua hartu eta ia egunero eskualdeko pilotaleku ezberdinetan aritzen dira pilotakadak ematen. Askotan gazte-gaztetatik hasi eta  afizionatu edo profesional izatera iritsi arte.
Eskualdean hamaika pilota eskolek dituzte pilotari federatuak, eta horiek dira hemen bildu ditugunak. Baina, beste herri askotan ere lan handia egiten duten pilota eskolak daude. Federatuak izan ez arren, eskola hauetan ere harrobiko lana egiten dute. Herri hauetan aurki daitezke pilota eskolak: Alkiza, Lizartza, Larraul, Ibarra, Berastegi, Albiztur...

Aurrera begira, hortaz, pilotari txiki eta handi horiek, neskak eta mutilak, mantentzen jarraitzeko eta gero eta pilotari eta pilotazale gehiago izateko lanean jarraituko dute eskolek. Pilotazaleek guztiagatik eskerrak ematen jarraituko dute.

 

 

Ametsa Kirol Elkartea

Herria: Irura
Arduraduna: Aitor Artola, Joxelu Larrarte eta Andoni Lizaso.
Modalitatea: Xarea
Federatuak: 14 pilotari, jubenil, 21 azpiko eta nagusien mailan
Eskola kirola: 60 haur.
Frontoia: Irurako Ametsa trinketea

Atzapar

Herria: Asteasu
Arduraduna: Antton Elizegi
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: 8 pilotari; jubenilen, alebinen eta afizionatuen mailan.
Eskola kirola: 50 neska-mutil

Frontoia: Asteasuko Usarrabi pilotalekua

 

Aurrera Saiaz KE

Herriak: Tolosa eta Bidania-Goiatz
Arduraduna: Luis Galarraga
Modalitatea: Esku pilota
Federatuak: 18 pilotari, jubenil eta nagusien mailan
Frontoiak: Tolosako Beotibar, Albiztur eta Bidania-Goiatz.

Behar Zana

Herria: Amasa-Villabona
Arduraduna: Imanol Arruti eta Iñaki Lizaso.
Modalitateak: Errebotea, esku pilota, joko garbia, eta pala.
Federatuak: 14 eskulari eta 10 errebotean; 5 alebinetan eta 2 infantiletan.
Eskola kirola: 73 neska-mutil inguru eskuz eta 6 neska palaz.
Frontoiak: Amasakoa, eta Villabonako Bearzana.

Beotibar

Herria: Tolosa
Arduraduna: Andoni Lertxundi
Modalitatea: Zesta punta
Federatuak: 14 pilotari;nagusien mailan
Eskola kirola: 13 haur
Frontoia: Tolosako Beotibar eta Uzturpe pilotalekuak

 

Intxurre KKE

Herriak: Alegia, Altzo eta Ikaztegieta
Arduraduna: Jose Luis Zabala
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: 46 pilotari; alebin, infantil, kadete, jubenil eta 22 azpikoak
Eskola kirola: 75 neska-mutil
Frontoiak: Altzo, Alegia eta Ikaztegieta

Suberri

Herria: Anoeta
Arduraduna: Ainhoa Garmendia, Irati Otaegi eta Maider Mendizabal
Modalitateak: Pala, ezker horma, trinketea eta paleta goma.
Federatuak: 15 pilotari; kadete, jubenil eta nagusietan
Eskola kirola: 25-30 haur
Frontoiak: Anoetako Alkartasun eta Irurako trinketea

Tolosa CF

Herria: Tolosa
Arduraduna: Manu Aierza
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: Eskuz 37 pilotari, jubenil, kadete, infantil eta alebinetan. Palan 7 pilotari nagusietan.
Eskola kirola: 30-35 haur
Frontoiak: Tolosako Beotibar

Zazpi Iturri

Herria: Amezketa
Arduraduna: Xalton Zabala
Modalitatea: Esku pilota
Federatuak: 29 pilotari; infantil, kadete, jubenil eta nagusietan
Eskola kirola: 18 haur
                                             Frontoia: Amezketako Larrunarri

 

Ziotza KE

Herria: Zizurkil
Arduraduna: Juan Manuel Erasun
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: 23 pilotari; alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak eta nagusiak.
Eskola kirola: Udalak kudeatzen du eskola kiroletako arloa.
Frontoia: Zizurkilgo Intxaur pilotalekua

 

 

Txulobi elkartea

Herria: Aduna
Arduraduna: Iñaki Lizaso
Modalitatea: Esku pilota eta pala
Federatuak: 2 pilotari, infantilak
Eskola kirola: 34 haur
Frontoia: Adunako frontoia

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!