Josu Balza: "Argi dugu mundu mailako borroka honetan ez garela atzean geldituko"

Asier Imaz 2015ko urr. 14a, 08:47

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua lehen urratsak ematen ari da Tolosaldean. Josu Balza (1978, Ibarra) bertako kidea da.

Zer da Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua?

Euskal preso, iheslari eta deportatu politikentzat amnistia aldarrikatzen duen mugimendua gara. Ez dugu preso baten edo bestearen arteko bereizitasunik egiten. Guretzako, denak dira preso politikoak. Berdin iheslari eta deportatuekin.

Bestalde eta herri zapaldua izanik, indar okupatzaileak alde egiteko eskatzen dugu. Errepresioa, eguneroko ogia izaten jarraitzen du.

Tolosaldera begira, zeintzuk dira zuen helburuak?

Ahalik eta jende gehien batzea Amnistiaren aldeko borrokara. Pausoz-pauso, poliki-poliki zabaltzen goaz eskualdean, eta aurrera begira, beste eragile batzuekin batera elkarlanean aritzea posible izango dela uste dugu.

Zergatik ikusi duzue mugimendua sortzeko beharra?

Presoen alde sortutako azken eragileek, hauen giza eskubideen aldeko borrokan zentratzen zirela ikusi genuelako, amnistia alboratuz. Hutsune garrantzitsu hori betetzeko asmoz sortu da gure mugimendua.

Ondorengo egun eta asteetarako hainbat deialdi egin dituzue. Zeintzuk dira?

Bai, horrela da. Urriak 17rako, larunbaterako, Alcala-Meco espetxera martxa bat antolatu dugu Preso gaixo larriak kalera, amnistia orain! lelopean. Beste aldetik, azaroak 28an, manifestazio bat burutuko dugu Bilbon, 18:00etan, Bihotz Sakratutik abiatuta.

Manifestaziorako atxikimenduak biltzen ari zarete, ezta?

amnistiaaskatasuna.blogspot.com webgunean ari gara biltzen eta argitaratzen. Oraingoz, gazte asanbladak, gaztetxeak, mugimendu ezberdinak, norbanakoenak… izan dira jaso ditugun atxikimenak, eta nola ez, eskualdeko eragile zein pertsona orori deialdia luzatzen diegu beraiek ere beraiena eman dezaten.

Atxikumenduak aipatu ditugula. 145 preso ohien gutuna ere argitaratu zenuten.

Bai, eta guretzako bultzada izugarria suposatu zuen gutun horrek. Gizartearen aurrean hemen gaude esateko balio izan zigun. Ez gara lau txoro, ezta gutxiago ere txakurrak, batzuek zabaldu zuten bezala.

Amnistiaren aldarria zaharkitua, ezinezkoa... dela dionari, zer esango zenioke?

Zaharkitua baino, aldarri zaharra dela. Konfliktoa bezain zaharra kasik. Independentzia eta sozialismoa lortzea ere ia ezinezkoa omen da, baina, milaka eta milaka gara hortan egunero buru belarri borrokatzen gabiltzanok. Beraz, zaila? Noski. Ezinezkoa? Betirako bizitzea bakarrik!

«Amnistia klase borroka ere bada», esan duzue. Sakontzerik bai baieztapen hori?

Bai. Guretzako, amnistia ez da aldarrikapen hutsa, klase aldarrikapena ere bada. Gure herria, zanpaturiko herria da eta ez eskubide nazionalaei dagokionez soilik. Langileria, langabetuak, etxetik kaleratuak direnak… hainbat eta hainbat adibide jarri ditzakegu. Klase zapalkuntza argi ikusten dugu hor, eta horrek nahi eta nahi ez, konfrontazio bat ekarriko du, ekarri du. Mozal legeak, oraindik eta preso politiko gehiago egotea eragingo duen bezala, beraz, amnistiaren aldarria herriaren askapen sozialarekin ere lotu behar dugu, nahi eta nahi ez.

Esan daiteke, beraz, egoeraren irakurketa ikuspegi sozialistatik egiten duzuela.

Bai. Benetako askapena sozialismotik emango da edo ez da emango.

Amnistia Euskal Herrian bakarrik ez, beste hainbat lekutan ere entzun dugu: Korsika, Gaztela, Kolonbia... Eragile horiekin harremanik ba al duzue?

Harremanak baditugu bai, estatu mailan batik bat. Oso deigarria da aipatu dituzun leku horietan edo Herrialde Katalanetan, Galizian… Amnistiaren aldarria hartzen ari den indarra. Pozteko modukoa da, eta guretzat ere hauspoa dira mugimendu horiek. Korsikan, adibidez, amnistiaren aldeko borroka izugarria da: udaletxeak, gazteak eta ikasle mugimenduak lan handia egiten ari dira. Kolonbiako bake prozesuan ere akordiorako puntu garrantzitsuenetako bat amnistiarena izan da. Beraz, argi dago mundu mailako borroka honetan ezin garela atzean gelditu.

Beste lurraldetako preso politikoak ere kontuan hartzen dituzue, beraz, internazionalismoa ardatz hartuta.

Jakina! Internazionalismoa herrien arteko samurtasuna da. Kasu bat aipatzearren; Arantza Diaz PCE(r)-ko preso politikoari babesa emateko kanpainan (preso gaixo larria da) gonbitea luzatu zigun Movimiento Femenino de Resistenciak, eta guk noski, indarrak jarri genituen horretan. Adibide bat besterik ez da.

HITZORDUAK

URRIAK 17, LARUNBATA

Zer. Alcala-Meco espetxera martxa Preso gaixo larriak kalera, amnistia orain! lelopean.

Izena emateko. tolosaldean.amnistia@gmail.com helbide elektronikora idatiz, edo mugimenduko kideekin harremanetan jarrita.

AZAROAK 28, LARUNBATA

Zer. Bilbon manifestazioa.

Ordua. 18:00etan, Bihotz Sakratutik abiatuta.

Atxikimenduak. amnistiaaskatasuna.blogspot.com webgunean.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!