Haurren beharrak, abiapuntu

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 13a, 10:54
Zizurkilgo San Millan eskolan, adin ezberdinetako haurrak lanean.

Proiektu pedagogiko berritzailea dute martxan Abaltzisketako Txalburu eskolan eta Zizurkilgo San Millan eskolan, 100 lengoai, 11 esperientzia izenekoa.


Francesco Tonucci pedagogoak erronka bota zien eta Abaltzisketako Txalburu eskolak eta Zizurkilgo San Millan eskolak jaso egin zuten. 100 lengoai, 11 esperientzia proiektuaren bigarren ikasturtea da aurtengoa, hiru urterako probako proiektu moduan onartu dutena Hezkuntza sailetik.

Ez da, baina, urte batetik bestera sortu den egitasmoa, Elena Laiz proiektuaren koordinatzaileak dioenez: «Ibilbide luze baten ondorioz hartutako beste pauso bat da. Ez da forman bakarrik aldaketa. Eskola txikietan aspaldidanik gabiltza berrikuntzak eginez, beti bilatzen nola jokatu hobeto, zer eskaini haurrei...».

Prozesu guzti horretan Tonucci pedagogo italiarrari ere jarraitu diote, eta orain urte eta erdi Gipuzkoako eskola txikiek gonbidatuta etorri zen. «Pauso bat aurrera egiteko erronka bota zigun: erabateko adin aniztasuna izatea, bi urtetik 12 urte bitartekoak denak elkarrekin egotea, eta ez banatzea ikasleak adinarengatik, baizik interesengatik. Bestalde, ikasgelak, mailak eta arloak tailer bihurtzea», ekarri du gogora Laizek. Jardunaldi horietan Hezkuntza saileko Berrikuntzako buruak zeuden, eta aprobetxatu zuten zuzenean beraiei galdetzeko horrelako aldaketa bat egiterik bazegoen. «Posible zela esan zuten, eta proiektua aurkezteko. Orduan esan genuen gure esku geratzen zela». Proiektua garatzen hasi ziren eta parte hartzeko prest agertu ziren Zizurkilgo San Millan eskola eta Abaltzisketako Txalburu eskola.

Proiektuari izena jartzerakoan Loris Malaguzziren poema bat etorri zitzaien burura: «Olerkian adierazten da haurrak ehun lengoaia dituela, eta eskolak 99 lapurtzen dizkiola. 100 lengoaia jartzea motz gelditzen zitzaigun izenarentzako, eta esperientzia pila bat biziko genituela ikusten genuenez, 11 esperientzia gehitu genion, hamaikak euskaraz duen esanahia baliatuz. Eta hala gertatzen ari da».

Alaitz Zengotitabengoak hamar urte daramatza eskola txikietan, eta egun proiektu burua da San Millan eskolan. Oinarri nagusietako bat «haur bakoitzak dituen barneko hainbat lengoaiei aukera ematea garatzeko eta bizitzeko» dela dio. «Irakasleoi behaketa lanak egitea dagokigu, haur bakoitza zein lengoaian den trebea ikusi, eta hori ahalik eta gehien garatzen laguntzeko».

Egun 30 ikasle daude eskola bakoitzean, eta bina talde osatu dituzte. Talde horietan elkarrekin daude bi urtetik hasi eta hamabi urte bitarteko haurrak. Ez dira, beraz, mailaka edo zikloka elkartzen ikasleak. Ikasgaien ordez tailerrak dituzte, bi eskoletan berdinak: liburutegia, artea, zientzia, mugimendua eta aroztegia. Baratzea ere lantzen dute, zientzia tailerraren barruan, batez ere otsaila-martxotik aurrera.

Tailer bakoitzean bi irakasle egoten dira eta aukera ezberdinak proposatu daitezke batera. Mugimendu tailerrean, adibidez, bi aukera izan ohi dira: kanpora atera edo barruan geratu. Irakasleek proiektuak edota jarduerak proposatu, eta haurrek horiei ekin edo beraiei bururatzen zaizkienak eramaten dituzte aurrera.

Abaltzisketako Txalburu eskolan, bi haur aroztegian lanean.


Begirada aldatu

Hain justu, proiektuaren oinarrietako bat ikasle bakoitzak duen erritmoa errespetatzea da. «Horrekin esan nahi dugu bakoitzak bere interesarekin, bere gaitasunekin aurrera egitea. Ez da kontua denak batera gauza berdinak egiten aritzea, baizik haur bakoitzak tailerrean une horretan aukeratzen duen hori gauzatzen du», esan du Zengotitabengoak. «Horrela beraien arteko konparaketak desagertu egiten dira. Hori iaz ikusi genuen gauzetako bat da, eta altxor handi bat gainera».

Laizek azaldu duenez, «beste oinarrietako bat da guk eskatzen diegula ahal duten gehien eta ahal duten ondoen egitea. Hori ez da beti berdina izaten, egunaren edota aldartearen araberakoa izaten da. Emozioek zeresan handia dute horretan». Umeen emozioak ezagutzen saiatzen direla gaineratu du Zengotitabengoak: «Ikusten badugu haur bat ez dela ezerekin lotzen, edo lurrean etzanda dagoela une oro, hau da, haur batengan ohikoak izango ez liratekeen jarrerak ikusten baditugu, ez dugu pentsatzen hori gertatzen dela ez duelako lanik egin nahi. Horren atzean beste zerbait dagoela pentsatzen dugu, eta hala izaten da normalean, eta ez dugu behartzen une horretan egin nahi ez duen hori egitera. Saiatzen gara berarekin komunikatzen, jakiteko zer gertatzen zaion».

Horrekin lotuz, irakasleek beraien begirada aldatu egin dutela esan du Laizek: «Hori aurretik dator, baina proiektu honekin errazago egiten da. Umeak ez badu lanik egin nahi, ez dugu pentsatzen bere errua denik, guk ez dugula asmatzen baizik. Adin hauetan haurrek berez daukate jakin-mina, ikasteko gogoa, eta burua oso argia dute». Bide horretatik jarraituz, «irakasleen lana ez da irakastea», dio Laizek, «gure lana da ahal dugun guztia egitea beraiek ikas dezaten. Haurrak sortzen zaien beharretatik abiatzen dira gauzak burutzeko. Gure lana da behar horiek sortarazten, desio horiek sortarazten laguntzea».

Ikasle guztiak irakasle guztienak

Proiektu berriarekin ikusi den aldaketa nabarmen bat ikasleen eta irakasleen arteko harremana da. «Tutoritzak ez dira lehen bezala, orain haur guztiak irakasle guztienak dira», azaldu du Laizek. «Denok hitz egiten dugu haur guztiez, eta horrek aberasten du izugarri ebaluazioa. Haur bakoitzari buruz hitz egiten dugu bost ahotsek, eta etengabe».

Abaltzisketako eskolako irakaslea den Anetxu Plazaolak garbi du zentzu horretan gertatu den aldaketa: «Heziketa fisikoko irakaslea izan naiz. Ni ez nintzen tutorea, eta ordu batzuk pasatzen nituen haurrekin, baina ez nuen sentitzen nireak zirenik. Orain 30ak nireak direla sentitzen dut. Askoz denbora gehiago pasatzen dut beraiekin, eta egoera ezberdinetan elkar ikusi eta ezagutu gara». Aurreko urteko lehen ebaluazioa egin zutenekoa etortzen zaio burura Plazaolari, aldaketa hori irudikatzeko: «Haurren zerrenda hartu eta banan bana joan ginen errepasatzen. Ikustea irakasle bakoitzak zenbat genuen esateko ikasleen inguruan, ze puntutaraino ezagutzen dugun ikasle bakoitza, izugarria izan zen. Lana ondo egindako sentsazioarekin atera nintzen, beteta».

Plazaolak garbi du proiektu honetan aritzeak aldatu egin dituela irakasleak: «Nahiz eta proiektua bukatu eta lehengokora bueltatu behar izan, ez gara berdin bueltatuko, gu ia ez baikara berdinak. Haurrak ez ditut lehen bezala ikusten, eta hori da garrantzitsuena. Beste eskola batera joanez gero ere saiatuko naiz ikusten haurrak hemen ikusten ditudan bezala».

Konfiantza giroa sortzeari garrantzia handia ematen diote. «Umea ez badago ondo emozionalki, lasai, ez badu konfiantza sumatzen, ezin du ikasi. Ikasteko ondo egon behar da», azaldu du Laizek. «Ume bat larritzen hasten denean gauza batean, konturatzen gara ezin dugula bide horretatik jarraitu. Gaizki pasatzen du, eta gainera ez du ikasten. Horregatik, sortu behar dugu konfiantza hori. Beraiek erakusten digute zertan sartzen diren buru belarri, zertan aspertzen diren, zertan ez dauden eroso, zertan gozatzen duten. Gero gure lana da horri kasu egitea».

Abaltzisketako Txalburu eskolan asanblada bat.

Proiektu berriarekin asanbladak egiten hasi dira. Iaz egunero egiten ziren, eta aurten gutxienez astean behin, eta hortik aurrera behar denean. «Ikasle eta irakasle guztiek parte hartzen dute eta erabakiak hartzeko balio du. Albisteak komentatzen dira, edo abisuak eman, edo gatazkaren bat badago bertan hitz egiten da», azaldu du Laizek.

Proiektu berritzaile bat diseinatzean, Hezkuntzatik zehaztuta dagoen curriculumera nola egokitu daitekeen izan daiteke kezka iturrietako bat. «Irakasleok oso aske gaude antolatzeko nahi dugun bezala», azaldu du Laizek. «Curriculumak gaitasunak zehazten ditu, ez hainbeste edukiak, eta gaitasunak oso garbi lantzen dira proiektuan». Zengotitabengoak gaineratu duenez, «proiektua martxan jartzerakoan, curriculumean azaltzen diren gaitasunak sakonago aztertu genituen, eta ikusi gaitasunen zehaztasunak zein tailerretan landu zitezkeen. Eta horretan oinarritzen gara proiektuan, gaitasun horien zehaztapenetan eta ez hainbeste edukietan».

Zizurkilgo San Millan eskolako zenbait ikasle, lanean.


«Denek ondo egiten dute dena»

Orain arteko ibilbideari begiratuta, Laizek garbi du: «Haurrak beti pozik etorri dira. Lehen ez zen txarra eta orain ona. Esan bezala, pauso bat gehiago da. Oraindik alaiago etortzen direla ikusten dugu. Den-denak oso pozik etortzen dira, oso berea sentitzen dute proiektua». Horren adibidea beste eskola batzuetakoekin barnetegi batera joan zirenean ikusi zuen: «Behar bereziak zituela kontsideratutako haur baten oso lagunak egin ziren, beste eskola batekoa. Eta hari esan zioten: 'Zu gure eskolan oso ona izango zinen denetan; zuk gure eskolan dena ondo egingo zenuke'. Horrekin garbi adierazi zuten eskola honetan denek ondo egiten dutela dena, ahal duten ondoen eta ahal duten gehien egiten dutelako».

Haurren arteko harremanak asko hobetu direla gaineratu du Laizek. «Lehen ez ziren txarrak, baina orain hobetu dira. Txikien eta handien artea maitasun ikaragarria ikusten da».

Zengotitabengoak haurren arteko konparaketak desagertzearen garrantzia nabarmendu du: «Lehen konparaketa horiek sortzen zirenean, autoestimu baxuagoa zutenei eragiten zien; orain aukera paregabea da beraiek diren bezalakoak izateko. Lehen hegoak moztuta zeuden, eta orain loratu egin dira».

Abaltzisketan proiektuaren hasiera «gogorra» izan zela diote Amaia Intxaurburu eta Argitxu Zabala gurasoek. «Aurreko ikasturtearen hasieran gelak hutsik ikusten ziren, eta zalantzak sortzen hasi ziren», esan du Intxaurburuk. «Gabonak arte zalantzak izan ziren ez bakarrik proiektuarekiko, baita irakasleekiko ere, eta hori islatu egin zen giroan». Zabalak gaineratu duenez, «gurasoengandik zalantzan jartzen zen irakasleek ez zutela bere lana ondo egiten. Ez ginen konturatzen bere lana egiten ari zirela. Guk behintzat trabak ez genituen jarri behar».

Ikasturteak aurrera egin ahala, irakasle eta gurasoen arteko bilera gehiago egin ziren, azalduz eskolan zertan ari ziren, eta giroa hobetzen joan zen. «Aurten oso giro lasaiarekin ekin diogu ikasturteari», azaldu du Zabalak. Intxaurburuk gaineratu duenez, «maila bakoitzean eduki jakin batzuk landu behar dituzten ustearekin puskatzea zaila izan da. Haur guztiei ez zaie berdina egiteko eskatzen, eta hori egokia dela barneratzen joan gara».

Proiektuak hainbat bide ireki dizkie gurasoei: «Jakiteko irakasleek nola ikusten dituzten gauzak, guk zer paper hartu beharko genukeen, eta hausnartzeko hezkuntzari buruz orokorrean». Gurasoei zuzendutako prestakuntza egiten ari dira eta horrek ere eskolan egiten ari direna gehiago ulertzeko balio die. «Eskolara gustura etortzen direla ikusten dugu, eta bileren poderioz konturatu gara asko ari direla ikasten», azaldu du Zabalak.

Xuban Seoanek 10 urte ditu eta Abaltzisketako eskolako ikaslea da. «Orain denak batera gaude, bata besteari laguntzen. Txikienek laguntza behar badute, ba lagundu egiten diegu», esan du Seoanek. Tailerretan lan egitea gustatzen zaio: «Lehen irakasleek hartzen zituzten erabakiak, eta orain askotan guk erabakitzen dugu. Horrela hobeto da».

Iritzi berekoa da Uxue Artola, 9 urtekoa eta Seoaneren ikaskidea: «Nik horrela askoz hobeto pasatzen dut. Gehienetan nik nahi dudana egiten dut, eta asko ikasten dut». Seoanek gaineratu du: «Gauzak egiten gaude eta ematen du ez duzula ikasten, baina gero ikusten duzu gehiago ikasten duzula, gainera jolasean bezala aritzen gara».

Garrantzia ematen diote aukeratu ahal izateari: «Guri uzten digute aukeratzen zer nahi dugun egin. Eta lanak bakarka, binaka edo taldeka egiten ditugu, eta guk erabakitzen dugu hori ere. Guk egiten ditugu gauzak tailerretan eta txikiei ere lagundu egiten diegu». Oso garbi dute eskola modu honetara gehiago gustatzen zaiela, eta aurretik egiten zutenera ez dutela bueltatu nahi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!