Maisua eta ikaslea, kaiolan

Asier Imaz 2015eko urriaren 8a

Iñaki Artolak behin baina gehiagotan esan du Mikel Olaetxea berarentzat irakasle modukoa izan dela, Ekaitz Saralegirekin batera. Pilota aukeraketan, atzo, gauza bera errepikatu zuen alegiarrak.

Horregatik, Tolosako Beotibarren bihar jokatuko duen partida berezia izango da; baita Olaetxearentzat ere.

Lau t’erdiko Txapelketaren final zortzirenetan egin dute topo Olaetxeak eta Artolak. Lehenak, lehen kanporaketan, Irribarria gainditu zuen 22-21eko emaitzarekin. Bigarrenak, txapelketako lehen partida izango du. Irabazlea final laurdenetako ligaxkara pasako da, bigarren taldera. Bertan, Bengoetxea VI.a eta Olaizola II.a izango ditu zain. Ligaxka horretako laugarren pilotaria zein den igandean jakingo da. Lekunberrin, 17:00etan, Haritz Lasak eta Jokin Altunak jokatuko dute.

Tolosako jaialdia 20:00etan hasiko da. Lehen partida Urrutikoetxea-Zabalak eta Bengoetxea VI-Beroizek jokatuko dute. Ondoren etorriko da maisuaren eta ikaslearen artekoa.

URRIAK 9, OSTIRALA
Tolosako Beotibarren
20:00etan

PILOTAK
Olaetxearen pilotak:
104,2/104,1 gr.
Artolaren pilotak:
104,9/105,2 gr.

ERREAKZIOAK

Mikel Olaetxea

 
1 «Pilota aukeraketan inongo arazorik ez; gehientsuenak onak zeuden. Beti arin xamarrak aukeratzen saiatzen naiz, eta horrela egin dut; eskuan hobekien sartu zaizkidanak hartu ditut».

2 «Lehen partida zortearekin irabazi nuen; 21na eginez gero... Orain bigarren partida tokatzen da, eta sentsazioak hor daude. Lehen partidak zerbaiterako balio izango zuela espero dut».

3 «Ostiralekoari ez diot buelta gehiegi eman. Egunean egunekoa egiten saiatzen naiz. Asteazkenean pilota aukeraketa, ostegunean atsedena, eta ostiralean partida».

4 «Partida oso zaila izango dela badakit. Berak ia beti berea ematen du. Nik nirea egitera joan behar dut, urduritasunak utzita».

5 «Helburua iazko sentsazioak dira, baina zaila izango da; dena ondo atera zitzaidan. Momentuz, behintzat, nahiko urruti nabil».

6 «Lizartzatik gertu geratzen da Beotibar, eta jendea hurbilduko dela uste dut. Guztien animoen beharra izango dut»
 
Iñaki Artola
 
 
1 «Pilota guztiak berdintsuak iruditu zaizkit; ez dut uste gehiegizkorik edo makalegirik zegoenik. Nireak biziagoak edo indartsuagoak ziren. Bereak, aldiz, geldoxeagoak, baina onak iruditu zaizkit».

2 «Txapelketako lehen partida izatean beti izaten da kezka punttu bat. Ardoaren desafioan lau t'erdian jokatu nuen, eta entrenamendu serio bat bezala hartu nuen; beraz, bigarren partida bezala da».

3 «Jokoz hobeto edo okerrago egon zaitezke, baina garrantzitsuena eskuetatik ondo egotea dela uste dut. Arazorik gabe iritsi naiz, eta hortik aurrera, ateratzen dena aterako da».

4 «Saralegi eta Olaetxea irakasle modukoak izan dira niretzat. Elkarrekin asko ibili gara, eta alde horretatik polita izango da».

5 «Ez da aringarria, baina galduz gero, Mikelek egingo luke aurrera. Horrek ere poza emango lidake».

6 «Alegiatik jende dezente etorriko da, Lizartzatik bezala. Giro polita egongo da. Horrelakoetan ilusio bereziarekin jokatzen duzu».
 
Iraitz Olaetxea
 
Anizeto Lazkano

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!