Jon Zubeldia: «Eskualdean gazte oso dinamikoak daude»

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 6a, 18:04

Ekintzailetza Astearen barruan, gaur Lehiberrin egindako saioa.

Tolosaldea Garatzeneko Jon Zubeldiak VIII. Ekintzailetza Astearen errepasoa egin du.

Zortzigarren urtez Ekintzailetza Astea jarri du martxan Tolosaldea Garatzenek. Ekintzaileen artean dinamismoa sustatzeko helburuz, eta aurreko astean egin zen Enplegunea Azokari jarraipena emanez, antolatu dute. Jon Zubeldia Ekintzailetza Saileko arduradunak azaldu duenez, orain gutxi Adegiko presidenteak gazteei buruz egin dituen adierazpenen harira, «eskualde honetan oso ondo prestaturiko gazte aktibo eta dinamikoak ditugu eta datuek aditzera ematen digutenez, askok, ekintzailetasun sen edo har hori barneratuta daukate».

Zubeldiak gaineratu duenez, «orokortzea beti oso arriskutsua da, eta nik uste dut eskualdean badutela gazte askok bere enpresa jartzeko grina eta gogo hori. Dena den, hausnarketa egin beharko litzateke, ikusteko zergatik enpresa ekimenak martxan jartzeko tasa baxua den. Nik uste dut batik bat ez gaituztela horretarako prestatzen, eta hezkuntza mailan oraindik ez digutela ekintzailetasun kultura hori txertatzen».

Garapen agentziara informatzera eta kontsultak egitera «jende asko» joaten dela dio Tolosaldea Garatzeneko teknikariak: «Datuei begiratuz gero, garapen agentziatik ia 200 pertsona pasatzen dira urtean zehar, nolabaiteko kontsulta egiten dutenak, eta horietatik erdia inguru 35 urtetik beherakoak dira. Beraz, ekintzailetasunaren aukera hori ikusten da gazteen aldetik».

Ekintzailetza Astea bost egunez luzatuko da. Atzoko hitzaldia, Ekiteko Gakoak. 10 aholku praktiko  izenekoa, azken urteotan errepikatzen ari direla dio Zubeldiak: «Nahiko harrera ona izaten ari da. Hitzaldi hau planteatzen da enpresa ekimen bat sortzeko fasean dagoen ekintzaile horrek zein irizpide izan behar dituen kontuan. Besteak beste, aipatu ziren enpresa bat martxan jartzeko ideia-proiektu bat behar dela; hori merkatura bideratuta egon behar dela; egiten diren ekintzak bezeroei begira egon behar direla; eta orekatua izan behar duela bai inbertsio, bai finantziazio, eta gastu mailan. Gero, ekintzaile baten balizko gaitasunei buruz aritu ziren».

Gaur egin den tailerra, Negozioaren sustapen aktiboa sarean, bezeroak lortu eta salmentak areagotzeko enpresa sortu berri dutenei zegoen batez ere bideratuta. «Hastapeneko  fase horietan gaur egun boladan dauden sare sozialak erabiliz nola komunikatu behar dugun eta nola posizionatu bezeroak lortu ahal izateko azaltzea izan da tailerraren helburua», esan du Zubeldiak. Hamabi plaza zeuden eta denak osatu dira. Enpresa duela gutxi jarri dutenak, autonomoak edo mikroenpresak, eta batez ere zerbitzu eta merkataritzari loturikoak izan dira.

Biharko saioan esperientzia baten berri emango da. «Ekintzailetza terminoa oso modan dagoen zerbait da eta eredu berriak sortzen ari dira. Hub-ak mundu mailako sareak dira. Espazio fisiko berdinean profesional ezberdinek lan egiten dute batak besteari aholkatuz, beraien artean sinergiak lortzeko eta enpresa ekimen berriak martxan jartzeko. Hemen eredu nahiko berria da, eta oraintxe bertan Donostiako Tabakaleran ireki dute hub horren frankizia moduko bat, eta hauek etorriko dira beraien lan ereduak azaltzera».

Azken bi egunetan Lehiberritik aterako da Ekintzailetza Astea, ostegunean Inmakulada ikastetxera eta ostiralean Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutura, hain zuen. «Etorkizuneko ekintzaileetara hurbildu nahi dugu. Horrekin gazteek ekintzailetasuna etorkizuneko aukera moduan ikusi dezatela nahi dugu. Enpresa ideia berriak nola lortu daitezkeen landuko da talde lanean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!