Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Unai Mendizabal eta Oihana Iguaranek ziurtatuta dute final laurdenetarako pasea

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 5a, 17:18

Oraindik aukerak ditu Beñat Iguaranek eta zail dute sailkapena Artolak, Mujikak eta Gorostarzuk.

Tolosaldeko sei ordezkarik kantatu dute aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan. Datorren asteburuan jokatuko dira fase honetako azken bi saioak, baina dagoeneko Unai Mendizabalek eta Oihana Iguaranek ziurtatuta dute hurrengo faserako txartela. Larunbatean Arrasaten eta igandean Andoainen zer gertatuko zain geratu beharko du, berriz, Beñat Iguaranek. Bi saio horietan zuzenean sailkatuko diren bi bertsolariez gain, zortzik gainditu beharko lukete amasarrak lortu dituen 420 puntuen langa.

Ia aukerarik gabe geratu diren eskualdeko bertsolariak Mikel Artola, Haritz Mujika eta Iñigo Gorostarzu Etxeorde izan dira. Ez dakite final laurdenetara pasako diren 23 bertsolarien zerrendan egongo ote diren. Zerrenda horri 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean jardun zuten zazpi finalista gehituko zaizkie. Tartean Jexux Mari Irazu egongo da.

Iguaran eta Gorostarzuren saioak
210 bertsozale hurbildu ziren larunbatean saioa entzutera Elgoibarko Herriko antzokira. Saio orekatua izan zen bertsoen mailari begiratuta. Iñigo Gorostarzu bertsotarako tenple onarekin gerturatu zen:  «hasi, gustura eta eroso hasi nuen saioa, nerbioak etxean utzita. Baina gero momentu bat izan zen gorputzaldi txar bat sartu zitzaidana. Bigarren ariketatik aurrera burua saiotik aterata ibili nintzen». Kontzentratuta aritu zen Iguaran, nahiz eta saioaren bezperan lagun baten heriotzaren berria jaso zuen: «ostiraleko albistea eta gero, txapelketarekin ahaztuta egon nintzen. Baina tokatzen zen hari erantzutea eta  nere buruari gogor egin eta kontzentrazioa mantentzen ahalegindu nintzen. Uste dut lortu nuela».

8ko handian aritu ziren hasteko bertsolariak. Ariketa hortako lanik puntuatuena izan zen Iguaranena, «arrazoi handirik ez zitzaidan etorri eta saiatu nintzen bertsoa betetzen eta kontatu nahi nuena azaltzen». Ariketa horretan eman zuen onena berastegiarrak: «gaiak ez zidan irtenbide asko ematen eta paper zail xamarra egokitu zitzaidala iruditu zitzaidan hasieran. Asmatu nuela uste dut».

8ko txikia izan zen ariketarik apalena Elgoibarreko saioan. Gorostarzuk Iban Urdangarinek kantatu zuen eta aitortzen duenez, «nahikoa galduta ibili ginen biak». Iguaranek alderantzizko sentsazioak izan zituen: «asko laguntzen zuten bertsokideak egokitu zitzaizkidan. Elkarrizketetan erantzuna emateko bidea zabaltzen zizutenak».

Puntu erantzunetan borobildu zuen bere lana Iguaranek. Bigarrenean, adibidez, ta herriko apaiza izango bazina? puntuari zera erantzun zion amasarrak: ni izango nitzake hor amabirjina / meza ez zen izango sekula berdina / pena daukat horixe probatu ezina. «Sailkapen fasean errenka sentitu nintzen ariketa horretan. Saio berean 12 puntu jartzen dira eta zozketak asko eragiten du. Nik larunbatean suertea eduki nuen, bi puntuak entzuterakoan berehala etorri zitzaidan zer esana», dio Iguaranek.

10ko txikian karga handiagoko lanak entzun ahal izan ziren, eta oro har, ondo asmatu zuten bertsolariek. Kartzelan, berriz, sei bertsolariek hauxe zuten gaia: izena zerrendatik ezabatzea erabaki duzu. Gustura geratu ziren eskualdeko bi bertsolariak egindako lanarekin. Iguaranek nabarmendu duenez, «errez etorri zitzaidan gaia eta argudio bila abiatu nintzen. Pena dut hirugarrenean egin nuen potoagatik. Errima aldetik aurreko biak ziren konplikatuagoak eta sinpleago zen bertsoan sartu nuen hanka. Hala ere,esan nuenarekin gustura geratu nintzen».

Gorostarzu ere gustura geratu zen kartzelako lanarekin: «besteek errepikatuko ez zuten eta niretzako erosoa zen bidea aukeratu nuen eta lehen bi bertsoak pentsatu bezala joan ziren. Hirugarrenean, gehiegizko konfiantzagatik akatsa egin, trabatu nintzen eta dena lehertu zitzaidan. Zapore gazi-gozoarekin geratu nintzen, tamalez».

403 punturekin bosgarren egin zuen Gorostarzuk eta aukera gutxi izango du aurrera egiteko: «sailkatzea ia ezinezkoa da, horretarako azkeneko bi saioak desastre joan beharko lukete eta hori txapelketarako ere ez litzateke ona izango».

Final laurdenetarako matematikoki sailkatuta dago Iguaran eta pozik agertu da horregatik: «ez nuen argi sailkatzea lortuko ote nuen. Gogoa ere badut, zer eskainia badudala uste baitut. Final erdietara pasatzea zaila izango da baina dakiguna ematen asmatuz gero beti egongo da aukera».

  BERTSOLARIA BEASAIN AZPEITIA LASARTE-ORIA ELGOIBAR OSOTARA
1 Jon Maia Soria 456,5       456,5
2 Ane Labaka Mayoz 444,0       444,0
3 Arkaitz Oiartzabal Agirre Xamoa"   439,5     439,5
4 Nerea Elustondo Plazaola   432,0     432,0
5 Manu Goiogana Bengoetxea       428,0 428,0
6 Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi" 427,0       427,0
7 Nahikari Gabilondo Mendizabal   426,5     426,5
8 Beñat Lizaso Alberdi     426,0   426,0
9 Ander Lizarralde Jimeno   425,5     425,5
10 Unai Mendizabal Jauregi   424,0     424,0
11 Oihana Iguaran Barandiaran       423,5 423,5
12 Amaia Iturriotz Etxaniz   421,0     421,0
13 Beñat Iguaran Amondarain 420,0       420,0
14 Eli Pagola Apezetxea 420,0       420,0
15 Manex Mujika Amunarriz       417,5 417,5
16 Maider Arregi Markuleta     415,0   415,0
17 Mikel Artola Izagirre     415,0   415,0
18 Xabier Sukia Etxeberria     412,5   412,5
19 Haritz Mujika Lasa 409,0       409,0
20 Unai Muñoa Amundarain       407,5 407,5
21 Iñigo Gorostarzu Etxebeste       403,0 403,0
22 Aitor Irastortza Fadrique     399,5   399,5
23 Gorka Azkarate Torner     398,0   398,0
24 Iban Urdangarin Lardizabal       397,5 397,5

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!