3.200 lan eskaera, II. Enplegunean

Mikel Iraola 2015eko urriaren 1a

Argazkiak: Imanol Garcia Landa

"Uste baino emaitza hobeagoekin" hasi da II. Enplegunea. Bihar arte 79 lanpostu eskainiko dituzte Lehiberrin.

Gaur eta bihar artean, 79 lanpostu eskainiko dituzte Enplegunean. Aurten 53 enpresek hartu dute parte, eta 320 elkarrizketa burutuko dituzte bi egunetan. Hala ere, guztira 3.200 lan eskaera jaso dituzte, nahiz eta askok eskaera bat baino gehiago egin duten.

Eskainiko diren lanpostu horien erdia industriakoak dira, 40 hain zuzen. Txikizkako merkataritzari dagozkionak 15 dira, beste hamar ostalaritzakoak. Gainontzekoak zerbitzuen ingurukoak dira.

Jose Luis Urdangarin, Tolosaldea Garatzeneko gerenteak adierazi duen moduan, honek eskualdeko argazkia erakusten du: "Eskualdeko errealitateari erantzuten dio eta ongi egindako ekimena izan dela erakusten du". Urdangarinen ustez horrelako ekimenak "aberasgarriak" dira, "kanpoan konfiantza sortzen laguntzen dutelako".

Lanbiderekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean egindako ekimena da Enplegunea, eta zentzu horretan "enpresa nahiz langabetuekin egindako lanketa handia" azpimarratu du Urdangarinek: "Langabeak Lanbideko zirkuituan sartu ditugu. Hori garrantzitsua da, lan eskaintzak errazago irits daitezen eurengana".

Ixiar Arratibel Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordeak, berriz, "erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana" helburu dutela azaldu du, "bien artean ongizatea lortzeko". Enplegunea horien arteko emaitza da, "uste baino eskaintza hobea izan duena".

Gotzone Sagardui, Lanbideko lan aktibazioko zuzendariak, elkarlan hori txalotu du: "Bakoitza bere kasa ibili beharrean, emaitza hobeak lortzen dira elkarlanaren bidez". Bi gauza azpimarratu ditu Sagarduik: Udalek bere lekukotasunean enpresen eta biztanleen inguruan duten ezagupena; eta Tolosaldeko 28 udalen, bereari bakarrik begiratzeaz utzi eta apustu zabalago bat egitearen garrantzia.

Enplegunea gaur eta bihar izango da zabalik, 09:00etatik 17:00ak arte. Aukerarik izan ez duten langabetuek ere kurrikulumak aurkezteko aukera izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!