«Tolosaldean hezkuntza plataforma osatzeko ideia dugu buruan»

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 1a, 11:31
Uxue Larrea eta Beñat Leunda.

Uxue Larreak eta Beñat Leundak hezkuntza sisteman interesa dute eta alor horren inguruko mugimendua sustatzen ari dira eskualdean. Besteak beste, LOMCE legearen inguruko hitzaldia antolatu dute.

Hitzaldia urriaren 6an izango da, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. Beraiekin harremanetan jarri nahi izanez gero, tolosaldeahezkuntza@gmail.com helbidea erabili daiteke.

Zerk bultzatu zaituzte hitzaldia antolatzera?

Azken urte hauetan hezkuntza sisteman erreforma eta aldaketa ugari egin dira, horien artean LOMCE legea. Azken honek kezka handia sortu zigun eta honen aurrean zerbait egin beharra zegoela pentsatu genuen. Horrela, gai honen inguruan gehiago informatu ostean, hitzaldi bat antolatzea pentsatu genuen, herritar orori gai honen inguruko informazioa transmititzeko asmoz.

Zein da hitzaldiaren xedea?

Xede ezberdinak dituela esan daiteke. Batetik, herritar orori LOMCEri buruzko informazioa eskaintzea. Eta bestetik, Hezkuntza Komunitateko norbanako ororen, hots, irakasle, guraso zein ikasleen aktibazioa lortu nahiko genuke, guztion artean eta elkarlanean honelako erreformei nola erantzun jakiteko.

EAEko eskualde askotan hezkuntza plataformen topaguneak sortu dira. Zer dira plataforma horiek?

Herritar ezberdinek osatutako mugimenduak dira eta hezkuntzaren inguruko kezkak asetzeko beharra ikusita sortu dira. Hiru puntu batzen dituztela esan daiteke: inposizio ororen kontra daude, LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa dute eta Hezkuntza Sistema propioaren aldeko apustua egiten dute.

Bestelako xede batzuk ere badituzte plataforma hauek, ezta?

Bai hori da. Hezkuntza Komunitateko partaide ororen parte hartzea eta aktibazioa lortu nahi da, hots, kide oro partaide dela sentitzea. Eta guztien artean elkarlanean, hau da, elkarri emanaz eta elkarrengandik jasoaz. LOMCE bezalako legeei aurre egitea, besteak beste. Eta honekin lotuta, euren filosofia txikitik handira eraikitzen hastea da. Badakigu gauden lekuan egonda, ikasgelatik, klaustrotik, guraso elkartetik,… gauza ezberdinak egin ditzakegula. Batera joateak eta elkar elikatzeak indarra ematen digu. Horrela ikastetxez ikastetxe, herriz herriz,… egiten diren ekimen horietatik, erakutsi izan da Hezkuntza Sisteman asko dugula esateko irakasle, familia, hezkuntza langile, ikasle, zein herritar orok. Honela, Hezkuntza plataformen Topaguneak norbanako konpromisoetatik kolektiboetara igarotzeko dinamika ezberdinak martxan jarri izan ditu.

Zer-nolako ekintzak egiten dira?

Ikastetxe bakoitzak nahi dituen ekintzak egiten dituela esan daiteke. Ikasturte honetan Heziberri plana abian jartzeko asmoa zutenez, aurreko ikasturtean esaterako, zenbait ikastetxetan prueba piloto izeneko azterketa ugari egin nahi izan zituen Eusko Jaurlaritzak eta honen aurrean plataforma ezberdinetatik ikasleek azterketa horietara ez aurkezteko deia luzatu zieten gurasoei. Eta arrakasta handia izan zuen honek, izan ere, 20 ikastetxeetatik 16tan soilik egin baitziren azterketa hauek. Baina hau adibide soil bat litzateke, esan bezala, egiten diren ekintzak oso bestelakoak izan daitezke eta: sinadura bilketak, mozioak, LOMCErik gabeko udalerriak izendatu dira jasotako sinadurekin, hitzaldiak, eskuorriak, elkarretaratzeak, egun zuriak antolatu dituzte, kalejirak,… besteak beste.

Tolosaldean ere sortzekotan zarete?

Ideia hori dugu buruan. Tolosaldean ez dago horrelako mugimendurik guk dakigunez behintzat. Ikastetxe batzuetan zenbait ekintza egin dira, baina batera joateak indar handia ematen duela uste dugu. Dena den, lehenik eta behin hitzaldia antolatu dugu. Eta beraz, Tolosaldeko irakasle, ikasle, guraso zein herritar orori deia luzatzen diegu agertzeko. Eduardo Galeanok esan bezala, jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete. Ea apurka-apurka mugimendu bat sortzeko aukera dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!