Jardueraz beteriko egunak Lehiberrin

Ataria 2015ko ira. 30a, 10:51

Urriaren 1ean eta 2an Enplegune Azoka, eta urriaren 5etik 9ra Ekintzailetza Astea antolatu ditu Tolosaldea Garatzenek.

Lehiberri zentroan jarduera ugari izango dira datozen egunotan, Enplegune II. Enplegu Azoka eta Ekintzailetza Astea antolatu baitituzte Tolosaldea Garatzenetik. Hain justu, urriaren 1ean eta 2an, egingo da Enplegune ekimena, eta datorren astean egingo dira Ekintzailetza Astearen jarduerak.


Aurtengo Enplegune Azokan 83 lanpostu eskainiko dira. Lan bila dabiltzanak aurretik egin dute bere eskaera Lanbiden eta bertatik egin dute lehen aukeraketa. Behin Lanbidek hautagaiak baieztatuta, Tolosaldea Garatzen arduratuko da bigarren galbahea pasatzeaz eta enpresek eskatzen dituzten gutxi gorabeherako hautagaiak aukeratzeaz. Bihar eta etzi izango da hautagaiak eta enpresak elkartu eta elkarrizketak egiteko unea.

Lehiberri zentrotik kanpo ere

«Bizi dugun testuinguru ekonomiko orokorraren aurrean, ekintzaileen dinamismoa ezinbestekoa da hazkunde ekonomikoa eta enplegu-aukera berriak sortzeko», azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik. «Hau dela eta, beharrezkoa da ahalik eta laguntzarik handiena eskaintzea ekintzaileari, ekintzailetza prozesuaren fase guztietan». Bide horretan antolatu dute VIII. Ekintzailetza Astea.

Datorren astean izango dira jarduerak, eta egunero ekimen bat izango da. Lehen hiru egunetan Lehiberri zentroan izango dira, eta urriaren 8an eta 9an jarduerak bi hezkuntza eragiletan egingo dira. Zehazki, urriaren 8an Tolosako Inmakulada ikastetxean, eta urriaren 9an Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuan. Jardueretan parte hartzea doakoa da, baina aurrez beharrezkoa da izena ematea. Horretarako Tolosaldea Garatzeneko 943 654 501 zenbakira deitu daiteke edo zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzi.

Ekintzailetza Astea

Urriak 5, astelehena

17:00-19:00. Ekiteko Gakoak. 10 aholku praktiko, Bultz-Lan aholkularitza etxearen hitzaldia. Lehiberri zentroan.

Urriak 6, asteartea

10:00-13:00. Negozioaren sustapen aktiboa sarean, bezeroak lortu eta salmetak areagotzeko,tailer praktikoa SPRI erakundeak gidatua. Lehiberri zentroan.

Urriak 7, asteazkena

17:00-19:00. Ekintzailetza Eredu Berriak: Impact HUB-aren esperientzia,Donostiako Impact HUB-ak eskainitako hitzaldia. Lehiberri zentroan.

Urriak 8, osteguna

11:30-14:30. Gazteekin Ekiten: Negozio ideiak sortzen, tailer praktikoa, Manahmana aholkularitzak gidatutako tailerra. Tolosako Inmakulada ikastetxean.

Urriak 9, ostirala

11:30-14:30. Gazteekin Ekiten: Negozio ideiak sortzen, tailer praktikoa, Manahmana aholkularitzak gidatutako tailerra. Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!