Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin, "gustura" antolatzaileak

Ataria 2015ko ira. 29a, 17:18

Bizibiran 210 parte hartzaile izan ziren.

Tolosaldea Garatzenetik gustura azaldu dira Mugikortasun Jasangarriaren Astearen inguruan izan den parte hartzearekin. Besteak beste Lurraldebuseko 46 Mugi txartel egin dira.

"Zortzi urte da dagoeneko antolatzen dela eskualdean", azaldu du Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko udal garapenerako arduradunak. "Gure mugikortasunak ez du zentzurik gutxienez ez bada eskualde mailan hartzen. Izan ere, ez da herri batera isolatutako politika bat, baizik eskualdeko politika izan behar duen prozesua".

Lurreldebuseko Mugi txartela egiteko aukera eman da doan asteak iraun duen egunetan. "46 txartel egin dira, familia osoak etorri dira txartelak egitera, eta ez da kopuru makala", esan du Mendizabalek. "Ez baduzu asko erabiliko ere, ematen dituzu aukera bai trena, bai gure autobusak, bai Donostiakoak... erabiltzeko".

Aurtengoan bereziki jarri dute arreta bizikletaren eta garraio publikoaren sustapenean. Europatik zetorren leloa hartuz, Do the right mix, mugikortasun jasangarri baterako "ezinbestekoa" dela dio Mendizabalek "unean eta lekuan behar den garraiobide egokiena uztartzea". Batzuetan oinez joan daiteke, bizikletaz azkarrago egin nahi bada bidea, eta bestetan garraio publikoa erabili eta horretarako "erabilera erosoa" izan dadin lan egin. 

Zentzu horretan eskualdean azkeneko urteetan eskualdean "hobekuntza nabaria" egin dela dio Mendizabalek. "Gure eskualdeak berezitasun handia du, landa eremu nabarmena baita. Herri txiki asko ditugu eta horretara iristeko autoaren erabilera altua da, eta garraio publikoa horretara egokitzea zaila". Egoera horri erantzunez, abenduaren amaieran jarri zen Tolosaldeko zerbitzu berria, besteak beste eskaripeko zerbitzua martxan jarriz. "Jendeak eskatzen duen heinean martxan jartzen dira taxiak edo mikrobusak, herri txiki horien garraio demanda asetzeko. Lehen seihilabetekoen emaitzak jasota, erabilera %60 igo da. Horrek esan nahi du bide onetik goazela". Epe luzeko gaia dela gaineratu du Mendizabalek: "Bederatzi hilabete pasa dira martxan jarri zela, eta utzi behar zaio denbora jendeari. Hori bai, oinarri sendoa jarri da zerbitzu berriarekin, eta hilero  garraio sailetik erantzuten zaio jendearen eskaerari zerbitzua egokituz".

Bizikletaren erabilera dagokionez, eskualdea zeharkatzen duen bidegorrien sare foralean oraindik zati batzuk daude egiteko. Tolosa eta Anoeta arteko bidegorria eraikitzen hasi dira aurten, eta hemendik bi hilabetera eraikita egongo da. "Guretzat hori egitea benetan garrantzitsua da", dio Mendizabalek. "Gipuzkoako erabilera datuak asko igoko dira, Anoeta eta Tolosa arteko bidea asko erabiltzen baita, oinez zein bizikletaz, nahiz eta bidegorririk ez izan. Eta ez bakarrik aisiarako, baita lanerako, erosketak egiteko...". Bidegorri bat izanez segurtasuna handituko dela dio, eta argiak ere jarriko direla nabarmendu du.

Bidegorri sareari dagokionez, eskualdean Anoeta eta Villabona arteko bidea falta da. Hori eginez gero,  eskualdeko sare foral osoa beteta egongo da. "Beraz, hori aldarrikatzen jarraituko dugu urtero. Gipuzkoako Bizikleta Plana egiterakoan eskaera egin genuen, baina arazo batzuk daude aurrera eramateko. Anoeta eta Villabona arteko zatian trazatu ezberdinak daude, eta planteatzen diren bideetatik interesgarriena ibaiaren ondoan doa, eta arazoak ditugu Ur Agentziarekin", esan du Mendizabalek.

Mugikortasun Jasangarriaren Astean hainbat ekimen gaztetxoentzat izan dira. "Garrantzitsua da gaztetxoengan arreta jartzea, beraiek normalizatua ikusteko bai bizikletaren erabilera eta baita garraio publikoaren erabilera ere". Urtero egiten dituzte tailerrak, "gauza bat delako bizikletan ibiltzea eta bestea  bizikletan segurtasunez ibiltzea". Bestalde, Mendizabalek Bizibira ekimena ere nabarmendu du: "Familia osoarentzako ekimena izaten da, gurasoak eta haurrak elkarrekin. Garrantzitsua da haur eta gaztetxoen adina kontuan hartzea, mugikortasun jasangarriaren garapenerako".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!