Kataluniako independentisten gehiengoari begira, eskualdetik

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 28a, 18:34

Eskualdeko eragile politiko eta herritarrek ertz ezberdinetatik begiratu diete Kataluniako hauteskundeen emaitzei.

Izaera plebiszitarioa eman nahi izan zioten alderdi independentistek igandeko hitzorduari. Horrela irakurrita, baikor egon daitezke Junts pel Sí eta Cup alderdiak, elkarrekin 72 (62 + 10) parlamentari eskuratu baitituzte. Alderdi unionistek emaitzei era horretara begiratzen diete orain eta nabarmentzen dute, botoetan independentistek ez dutela gehiengoa lortu. Independentziaren aurkako alderdien artean, Ciudadansek gorakada nabarmena izan du, bigarren alderdia bihurtzeraino. Catalunya Si Que es Pot eta PPk, berriz, behera egin dute emaitzetan.

Kanpainan hitz eman zuten bezala estatuarekiko deskonexioari ekingo diote independentistek. 18 hilabeteko epean, egitura nazionalak antolatzeari ekingo diote. Bien bitartean, Generalitateko gobernua osatu beharko dute. Artur Masek Cup-en babesa beharko luke horretarako, eta oraingoz ez diote emango, aurretik esana duten bezala.

Olatz Peon
Tolosako alkatea. EAJ

«Erabakitzeko eskubidea, dagoeneko, ez da kimera bat».

Tolosako alkatearen esanetan igandeko emaitzek «argi eta ozen erakusten dute indar independentistek gehiengoa dutela Katalunian». Unioren desagerpena nabarmendu du Peonek, botoen %3ra iritsi ez denez, legebiltzarretik kanpora geratuko baita. Gainerako alderdiei begiratuta, «PPk eta Podemosek lortu duten emaitzak porrota erakusten dute eta Cup-ek, emaitzak hirukoiztuta, gobernua osatzeko giltza izango du». Tolosako alkate jeltzaleak, posibitibotzat jo du hauteskundeek nazioartean izan duten oihartzuna: «bertan bizi den egoera politikoaren berri ematen laguntzen du horrek». Raxoik adierazpenik ez zuen egin igande gauean. Madrildik erantzunik jaso egin ez izanak, «urduritasuna» adierazten duela dio Peonek. «Kataluniarrek ozen eta garbi hitz egin dute; erabakitzeko eskubidea ez da dagoeneko kimera bat eta ezin zaio atea itxi. Espainiako gobernuak, nahi eta ez, eseri eta hitz egin beharko du». Euskal Herritik irakasbiderik jaso daitekeen galdetuta, zera erantzun du alkateak: «Erabakitzeko eskubidearen alde egonagatik bi nazioek daramagun ibilbidea ezin da parekatu. Guk gure eskubide historikoak ditugu, adibidez. Nik ez diot inbidiarik Kataluniari». Elkarri laguntzeko aukeraz hitz egin du Peonek eta herri mugimenduari begiratu dio, «horrek bultzatu baitie eragile politikoei dauden tokira».

Eneko Maioz
Orexako alkatea. EH Bildu

«Herria ahalduntzeko prozesu batean herriak behar du protagonismoa».

«Mandatu garbia eman die politikariei Kataluniako gizarteak», hori nabarmendu du Eneko Maioz, Orexako alkate eta EH Bilduko arduradunak.   «Parte hartzeak erakutsi du plebiszitarioak izan direla hauteskundeak». Kataluniako gizarteari zorionak eman dizkie Maiozek eta, nabarmendu du, «sekulako lana» egin dutela azkeneko urteetan. «Momentu honetan, dauzkaten egiturak aprobetxatu eta nazio egitura batzuk sortu beharko lituzkete». Madrilgo erantzunari begira, «independentistek ez dutela botoen gehiengoa eskuratu nabarmentzen ari dira hitzetik hortzera. Komeni zaien irakurketa egiten dute eta hori Estatuaren ahultasunaren erakusgarri da». Orexako alkatearen ustez, prozesuari gizarteak eman dio legitimitatea: «babes zabala eman diote prozesuari eta geldiezina da. Horrelako prozesuak luzeak dira, ordea, eta irakaspen modura balio behar digu hemen. Herritarren aldetik dagoen parte hartzea eta aktibazioak ematen du inbidiarik handiena».

Cristian Fernandez
Tolosako PSE-EE

«Deialdia plebiszitariotzat hartzen zutenek, ez dute botoen gehiengoa lortu».

PSCk eserlekuak galdu ditu Katalaniako parlamentuan baina Cristian Fernandez, Tolosako PSE-EEko kideak igandeko hauteskundeen emaitzak positibotzat hartu ditu: «aurreko hauteskundeekin alderatuta boto kopuru bera atera dugu eta hirugarren indar izaten jarraitzen dugu. Horrek garrantzia du». Katalunian abian den prozesuari begiratuta, «independentziaren aldeko alderdiek eserlekuetan bai baina botoetan ez dute irabazi. Masek plebiszitariotzat bazituen hauteskunde hauek, galdu egin dituela esan beharko zaio». Etor litekeenari begiratuta, «legeak esaten duena errespetatu eta antolaketa juridiko honekin segi beharko da aurrerantzean ere».

Iñigo Cabieces
Tolosako Podemos

«Bi trenen arteko talka izan da kanpaina, beldurra eragin nahi izan dute».

Podemos alderdiak, besteak beste, ICV eta Equorekin batera osatu du Catalunya Sí Que es Pot hautagaitza. Ez dituzte lortu nahi zituzten emaitzak. Eskualdeko Podemoseko arduradun Iñigo Cabiecesen ustez, «bi trenen arteko talka izan da kanpaina eta Catalunya Si Que es Potek ez du sartu nahi izan eztabaida horretan». «Beldurraren kanpaina» egin dela uste du Cabiecesek eta horrek emaitzetan eragina izan duela. Catalunya Si Que es Pot-ek «garrantzia osasun eta hezkuntza publikoari eman dio eta herritarron beharrizanak asetzea jarri du erdigunean». Erabakitzeko eskubidearen alde agertu da hautagaitza hau: «Podemosen barruan badaude independentzia defendatzen dutenak baina baita Espainiako estatuaren barruan egon nahi dutenak ere». Hamaika diputatu izango ditu koalizioak. Bi aldeek, etorkizunean hitz egin eta eseri egin beharko dutela uste du Cabiecesek, «harremanak bortizki puskatzea ez da positiboa. Nik, pertsonalki, hitz egitearen alde egingo nuke».

Joxe Arias
Gaztelun bizi den kataluniarra

«Erabakitzeko eskubidearen alde gehiengo bat dagoela ikusi zen igandean».

Duela urte asko bizi da Gaztelun Joxe Arias. Pozik agertu da igandeko emaitzekin. Urduri jarraitu zituen emaitzak igandean. «Prozesua aurrera doa eta ez du atzera bueltarik. Gehiengo bat osatzen dute Junts pel Sí eta Cupek». Erreferendumaren alde agertu da baita ere Catalunya Sí Que es Pot «ez dira, beraz, bi alde bakarrik». Une historikotzat jo du igandekoa Ariasek, «alderdi popularra beste alde batera begira dago eta galdutzat du Katalunia. Abenduko bozak irabazten saiatuko da kosta ahala kosta. Nik uste, konstituzioa aldatuko dela». Negoziatzeko giltzatzat jotzen du Ciudadans alderdia. Parte hartze handia nabarmendu du Ariasek eta esan du argi geratu dela «Katalunian gehiengo bat erreferendumaren alde dagoela».

Irati Saizar
Katalunian bizi den berastegiarra

«Emozio handia bizi izan zen igande gauean botoak kontatzerako orduan».

Biharamunean kontatu du Irati Saizarrek igande gauean Bartzelonan bizi izan zuten giroa: «ezustean atera ginen kalera eta turismo lekueatik aparte utzita Junts pel Síren gunera gerturatu ginen. Jendetza topatu genuen». Emozioa nabarmendu du berastegiarrak, «pantaila erraldoietan kontaketa hasi zenean jendea txaloka eta independentzia ohiukatzen hasi zen»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!