Eneko Garmendia Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan, hirugarren

Asier Imaz 2015ko ira. 28a, 17:09

Tolosaldeko herri kirolariak Aian eta Igantzin aritu ziren lanean igandean. Aizkoran eta lokotx biltzen Euskal Herriko Txapelketak jokatu ziren; aurre kanporaketa aizkoran, eta finala lokotxetan.

Azken honetan aritu ziren Eneko Garmendia eta Jon Goikoetxea Boli. Garmendia izan zen bietan posturik onena lortu zuena, hirugarren amaitu baitzuen baliarraindarrak. Bolik zazpigarren bukatu zituen bere lanak. Igantzin nafarrak izan ziren nagusi, lehen bi postuetan Etxegarai eta Goldarazena gelditu baitziren. Euskal Herriko txapela, beraz, Berara joan zen, eta bigarren postua Berriozarrera.


Aizkolarien lehian ez zegoen txapelik jokoan, baina jardunaldi erabakigarria zen Aiakoa. Lehen mailako txapelketako kanporaketa zen. Sei onenek finalerako txartela lortzen zuten, eta azken biek, maila galtzen zuten. Hamabi aizkolariren arteko lehian, hamaikaren artekoa izan zen, Erasunek ez baitzuen parte hartu.
Eskualdekoei dagokienez, Irazu eta Otaegi finalerako sailkatu ziren, Atutxa, Nazabal, Azurmendi eta Olasagastirekin batera. Unai Otaño, aldiz, bigarren mailara jaitsi zen, proba azken postuan amaitu ondoren.  
Finala, urriaren 12an jokatuko da Basaurin.

ERREAKZIOAK

Eneko Garmendia (Baliarrain)
«Postuarekin gustura nago, baina ez horrenbeste egindako lanarekin».


«Korrika oso ondo ibili nintzen; jaurtitzen ere bai, huts bakarra egin nuen. Baina oso gutxi arriskatu nuen. Normalean 3 metrotik botatzen dut, baina Igantzira ez arriskatzeko mentalizatuta joan nintzen. Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan hiru huts egin nituen, eta horregatik galdu nuen. Ez nuen berriro horrelakorik gertatzea nahi, eta ez arriskatzera joan nintzen. Denborak pixka bat alde egin zidan. Pena bat. Ikusita gero erraza da esatea gehiago arriskatu behar nuela, baina hori eginez gero zer gertatuko zen ez dakizu».


«Zortzi parte hartzaile ginen, bi taldetan banatuta. Fernando lehenengoan atera zen, eta 6:23ko denbora egin zuen. Errefentzia bagenuen, baina bagenekien hausteko fin ibili beharra izango zela. Bigarren geratu zena, Eder, gure txandan zen. Amaieran aurretik ikusi nuenean, etsi edo moteldu egin nuen erritmoa. Hala eta guztiz ere denborak eta sentsazioak ikusita, gertu ibili nintzela uste dut».  

Jon Irazu (Zizurkil)
«Oso gustura nago egindako lanarekin. Lehen mailan nagoen hirugarren urtea da, eta aurreko biretan ez nuen lortu finalera pasatzea».


«Lan on bat egiteko esperantzarekin joan nintzen Aiara. Nere maila ematen baldin banuen, finalerako txartela lortzea espero nuen. Ez dakit aizkolari guztiek euren maila eman zuten, baina ni behintzat gustura geratu nintzen».


«Lan horretarako aritu naiz prestatzen. Finalean, ordea, lan bikoitza izango dugu, eta 15 egun besterik ez prestatzeko. Batzurentzat finalera pasatzea gauza ia ziurra zen. Prestakuntza zabalagoa egiteko aukera izango zuten, beraz. Nire kasuan, helburua finalean sartzea zen. Orain hori beteta, finala prestatzen hasiko naiz».


«Atutxak ez zegoela ondo esan zuen, ukalondoko arazoekin. Ez zen espero horrelako maila emango zuenik. Nahiz eta arazoak izan, urtetik urtera gora doan aizkolaria da bizkaitarra. Nazabal, aldiz, azken urtean erdi utzita egon da, eta kostako zaio agian erritmoa berriz hartzea. Baina finala beste egun bat izango da. Gehien sufritzen dakienak eramango du txapela; hobekien prestatuta dagoenak».


«Indarrez oso ondo sentitu nintzen Aian. Arnas pixka bat falta izan zitzaidan bukaeran, baina hori kontrolatu eta finalean gerra emateko moduan egongo naizela uste dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!