Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Haritz Mujika eta Beñat Iguaran arituko dira lehen saioan

Ataria 2015eko irailaren 18a

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa jokatuko da igandean Beasaingo Usurbe antzokian, 17:30etatik aurrera. Ane Labaka, Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Eli Pagola eta Beñat Iguaran ariko dira bertan.

Final zortzirenetako saioa da Beasaingoa eta bertan irabazten duen bertsolaria urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetako saiorako sailkatuko da zuzenean. Gainerakoek fase osoko puntuazioen zain egon beharko dute.

Fase honetako gainerako saioetan bezala, honako lana egin beharko dute sei bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Egun berean, Beasaingo Usurbe antzokiko leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai sarrerak.

Osotara, final zortzirenetan sei saio jokatuko dira aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Beasaingoaren ondotik, Azpeitia, Lasarte-Oria, Elgoibar, Arrasate eta Andoainen izango dira fase honetako saioak. 36 bertsolari ariko dira final zortzirenetan eta horietatik hogeita hiru sailkatuko dira final laurdenetarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!