Gure inguruan oso ezaguna den edarietako bat da oraingoan dokumental baterako aitzakia: sagardoa. Elhuyar eta Pixel ikus-entzuneko ekoiztetxearen artean sortu dute dokumentala eta horren ekoizle ardura izan du Manex Urruzolak (Tolosa, 1981). Estreinaldirako sarrera guztiak saldu dituzte jada.
Nondik sortu zen sagardoaren inguruko dokumentala egiteko ideia?
Asko galdetzen digute hori. Istorio hau aspaldi hasi zen, duela hiru urte eta erdi edo. Nik Elhuyarren lan egiten dut eta aspalditik geneukan buruan sagardoaren inguruan bazeudela bitxikeria batzuk eta akaso, jendearentzat horren ezagunak ez diren kontu batzuk. Guzti horiek ikus-entzunezko bat merezi zutela pentsatzen genuen.
Gero, badakigu horrelako kontuak nola izaten diren. Animatzen joan ginen eta dokumental formatua ematea erabaki genuen. Ate batzuk jotzen hasi ginen ondoren. Ikusi genuen, dokumentala egiteko, lehendabizi, gutxieneko azpiegitura behar genuela, batez ere finantzaketa etab. Denborarekin gauza horiek lotzen hasi ginen eta elur-bolaren tamaina nahikoa handia zela ohartu ginenean hasi ginen grabaketekin.
Grabaketak serio-serio egiten duela ia urtebete hasi ginen eta azkenean, elur bola handituz eta handituz joan da, Zinemaldian aurkeztu arte.
Zuzendaria Bego Zubia da.
Bai, nire lankidea da Bego, Elhuyarren. Eskarmentu handia du. Urte askotan kazetaritza idatzian ibili da eta azken zazpi-zortzi urtetan Teknopolis telebista saioan. Hortik, ikus-entzunezko lotura horretatik, dokumentala egin dugu.
Dokumentalgintzan hasi berriak zarete orduan.
Gure opera prima da, bai. Guretzako lehenengo lana da eta oso polita izan da prozesu guztia. Duela hiru urte eta erdi kontu honekin hasi ginenetik, pausoz pauso errealitate nola bihurtu den ikustea berezia izan da. Lehenengo, gidoia bihurtu zen errealitate; ondoren, lehenengo diru-laguntzak lortu genituen; poliki-poliki grabaketak egiten joan gara… Leku askotan egin ditugu grabaketak. Gero, horri, musika jarri behar izan zaio. Dena josi behar izan da eta bai, ederra izan da.
Zer kontatzen du zehazki dokumentalak?
65 minutuko luzera dauka dokumentalak eta protagonista sagardoa da. Denok ezagutzen dugu sagardoa baina hala ere, horren inguruko bidaia kultural, gastronomiko, historiko eta zientifikoa da dokumentala.
Azkenean, kuriosoa da: sagardoa mundu guztian egiten da baina Euskal Herrian egiten den sagardoa bakarra da. Gainera, sagardoak garrantzia handia izan du hemengo gizartean. Adibidez, baserriaren egitura, gaur egun ezagutzen dugun bezala, sagardotik dator.
Atzera begira jartzen gara dokumentalean, baina aurrera begira ere bai. Hemendik aurrera sagardoaren erronkak zein diren aztertzen ditugu. XX. mendearen hasieran, sagardoa askoz ere garrantzitsuagoa zen Euskal Herrian orain dena baino, eta hori berreskuratzeko zein neurri hartzen ari diren ere azaltzen da.
Euskal Herritik kanpo ere ibili zarete grabatzen ezta?
Egia da, bai. Ez dut asko kontatuko Ameriketako Estatu Batuetan egon garela esaten badut. Argi genuen hasieratik: dokumental bat egin behar bagenuen, Ameriketako Estatu Batuetan sagardoa hartzen ari den indarra edo merkatuan irekitzen ari diren ate horiek erakutsi behar genituen.
Dokumentalaren trailerrean Jakoba Errekondok hau dio: «Sagarrik gabe ez genuke baserririk edukiko».
Bai, hori da. Jakobak perla hori botatzen du eta horrelako gehiago ere esaten ditu dokumentalean zehar. Egia esan Jakobak asko daki sagardoaz eta dokumentalean egon behar zuela argi geneukan hasiera-hasieratik. Kuriosoa da, sagardoaren inguruan, hori eta horrelako beste esaldi borobil bat baino gehiago ematen dituela Jakobak. Ikus-entzulea harrituta utziko dute, seguru.
Emakume batek trailerrean dio, sagardotegi batean momenturik zailena, emakume bezala, kupelak irekitzea dela. Feminismoa ere jorratzen al du ikus-entzunezkoak?
Ez da dokumentaleko gai protagonistetako bat baino bada zeharka-zeharka ateratzen den gaietako bat. Ordubetean gai asko lantzen dira eta berdintasunarena ere hor dago.
Azkenean, sagardoaren mundu imaginarioa gizonezkoen mundua dela dirudi, baina gertatzen ari den gauza bat eta errelitate da, ordea, sagardotegiak orain hartzen dituzten kudeatzaile asko, emakumeak direla. Hainbat arrazoirengatik gertatzen da hori: batzuetan, horrela suertatu delako besterik gabe eta beste batzuetan, sagardotegi bateko ondorengo guztiak alabak zirelako.
Egia da, protagonista bat baino gehiago direla zuk esandako egoera horren aurrean daudenak. Dokumentalean hitz egiten duen emakume bakoitzak bere ikuspegia dauka. Batzuetan ez daukate zer ikusirik batak bestearekin, baina ikuspegi horiek ere erakusten dira.
Film egileei dena kontrolpean izatea gustatzen zaie askotan. Sagardotegiak ez dira horretarako tokirik aproposenak ziur aski. Nola bizi izan duzue hori guztia?
Nik uste dut alderantziz dela. Azkenean, kamera batekin goazenean grabaketa bat egitera, guk beldur gehien naturaltasun faltari izaten diogu. Hau da, elkarrizketa bat egin behar dugula eta parean daukagunak gidoia buruz ikasita daukala; edo oso urduri dagoela eta ez dela ari gauzak normalean egiten dituen bezala egiten edo esaten dituen bezala esaten. Hori asko nabaritzen da kameran.
Sagardotegi batek, juxtu, horretan laguntzen duela uste dut. Jendea hasieran kamerak ikusi eta deseroso egon daiteke, baina bigarren edo hirugarren txotxerako, jendea animatu egiten da eta horri esker irudi onak lortzen dira. Dokumentalean badaude horrela lortutako momentu batzuk, hasiera batean gidoian agertzen ez zirenak. Horrelako urrezko momentu bat lortzen duzunean, azkenean, dokumentalean sartzen duzu.
Momentu horietako batean ala ez, eskualdea ikusi ahalko dugu irudietan?
Irudiak orokorrak dira. Gipuzkoa, Bizkaia, Iparraldea... orokorrean Euskal Herria agertzen da. Tolosaldeko sagardotegiren bat edo beste agertzen den ez dakit ziur. Hala ere, ikusi ez dakit, baina entzun, entzungo dugu Tolosaldea.
Dokumentalak badauka jatorrizko musika bat. Bagenituen partiturak idatzita, musikariekin hitz eginda genuen, baina estudio bat behar genuen musika hori grabatzeko. Horretarako Bonberenea aukeratu genuen. Bonbereneakoak, egia esan, oso ondo portatu ziren gurekin eta gainera, dokumentaleko soinu-teknikaria beste tolosar bat izan da, Mikel Zelaia Mirri. Berarekin grabatu genuen dokumentaleko musika Bonbereneako estudioan, urteko egunik beroenean, seguru aski. Ia urtu ginen bertan! Ez dakit hala ere, edo agian horregatik, baina oso ondo geratu zen musika.
Igandean proiektatuko duzue lehen aldiz dokumentala. Zer moduzko harrera jasotzen ari da estreinaldia?
Igandean estreinatuko dugu dokumentala Donostiako Zinemaldian. Principe zineman izango da 18:00etan. Oso pozik gaude eta aldi berean harrituta. Oso pozik gaude Zinemaldiko sarrerak salgai jarri zirenetik bi ordu eta laurdenera agortu zirelako. Aldi berean, aldiz, harrituta gaude, ez genuelako horrelako erantzuna espero. Arrakastatsua da guretzat eta pozik gaude, baina zur eta lur ere bai, familiarteko eta lagun batzuk sarrerarik gabe gelditu baitira.
Ez zoazte lehiatzera Donostiara, ordea.
Culinary Cinema atalean dago dokumentala eta lehiaketaz kanpo goaz, bai. Hala ere, estreinaldirako sarrerak berehala agortu baziren ere, bi egun beranduago, asteartean, berriro proiektatuko da dokumentala eta saio horretarako oraindik geratzen dira sarrera batzuk.
Hemendik aurrera zein ibilbide izango du dokumentalak?
Egia esan, nahiko modu naturalean etortzen ari dira aukerak. Hemendik urte amaierara arte, Zinemaldian erakusleiho hori edukitzeak zer bide ematen duen ikusiko dugu. Egia esan, nazioarteko beste zinemaldi batzuetatik jarri dira dagoeneko gurekin harremanetan. Hala ere, oraindik garaiz da zerbait esateko. Zinemaldian egon behar dugu beraiekin eta ikusi dugu zein aukera ditugun. Printzipioz, ideia litzateke, Donostiakoa bezalako beste zinemaldiren batean edo bestean parte hartzea. Horretaz gain, ETBn ere emango dute ikus-entzunezkoa. Gero, gure asmoa da, urtarriletik aurrera eta sagardo denboraldiarekin batera, Euskal Herriko zinemetan proiekzioak egitea.