Tolosaldeko Ataria-ren Udako Argazki lehiaketa azken txanpan sartzear da, eta dagoeneko jaso beharreko argazki guztiak bildu ditugu. Guztira 62 argazki izan dira. Toki, kolore eta ezaugarri ezberdinekoak.
Guzti horietatik galbahea pasa, eta alboan dituzue aurtengo finalera iritsi diren zortzi argazkiak. Bolibia, Noruega, Baliarrain, Tafalla edota Indiara eramaten gaituzte. Zeruaren eta lurraren misterioak. Begirada eta irrifarra. Kafe bat hartzera gonbidatzen duten aulkiak edota uraren isla eta koloreak.
Tolosaldeko Ataria-ko epaimahaiak aukeratuko du zein den aurtengo irabazlea, eta beraz, Arantzako (Nafarroa) Aterpean bi lagunentzako afaria, gaua eta gosaria eskuratuko dituena. Bigarrengo saria, ordea, harpidedun edota sare sozialen eskutik etorriko da. Lurlanen bertako produktuez osatutako sorta bat izango da bigarren argazki sarituarentzat.
Gustuko argazkiaren alde egiteko aukera
Gaurtik hasi, eta hilaren 23a bitartean argazki ederrenaren aldeko bozka emateko aukera izango da. 943 65 56 95 telefono zenbakira deituz, argazkiak@ataria.info helbidera idatziz edota Twitter eta Facebook bidez eman ahalko da. Pertsona bakoitzak bozka bat emateko aukera izango du eta argazkiaren zenbakiaz gain, izen-abizenak eta telefono zenbakia jarri beharko ditu. Harpideduna izanez gero, baita harpidedun zenbakia ere. Bozka ematen duten harpidedunek oparitxo bat eskuratzeko aukera izango dute. Hauen artean, Tolosaldeko Ataria-ko produktuekin osatutako sorta bat zozketatuko da.
Bi argazki sarituak hilaren 25eko astekarian argitaratuko dira.
1- Urko Ormaetxea
Bolivian Salar de Uyuni-n ateratako argazkia ilunabar aldean, abuztuaren 3an.
2- Leire Zabala
Gau ilun batean, portua argitzen zuten etxeekin maiteminduta geratu ginen Bergen herrian.
3- Aratz Elkoro
Kirguizstan-en ateratako argazkia abuztuan; Kirguizstaneko nomadak erabiltzen dituzten yurtak.
4- Aintzane Valencia
Urederra parke naturalean ateratako argazki bat da.
5- Nere Karrera
Indiako Pune hiriko slum-etan ateratakoa da. Bertan Asha-Kiran ONG-ko kideek egiten duten lana ikusten ari ginela.
6- Gaizka Unzueta
St-Remy-de-Provence herriko kalexka bat ageri da. Aspalditik ezagutzen nuen lekua eta aurten neskalagunarekin itzuli eta bertan egon ginen. Ez dute munduko kaferik onena egiten kafetegian... baina lekua zoragarria da!
7- Miguel Urbistondo
Izarrez beteriko gau epel batean, Tafallako uharka zahar bati eginiko argazkia.
8- Ibon Azpilikueta
Baliarraindik aterata, gauaren hasieran, ilargia azaltzeko puntuan.