Brasilgo ordezkaritza bat izan da eskualdeko garapen ekonomikoa ezagutzen

Mikel Iraola 2015eko irailaren 15a

Cantuquiriguaçuko (Brasil) ordezkaritza bat Euskal Herrian da egunotan, tokiko garapen eredua eta agentzien lana ezagutzeko asmoz. Gaur Tolosaldea bisitatu dute.

Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) eta SEBRAE-k (Servicio Brasileño de apoyo a las micro y pequeñas empresas), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako Bazkundearekin batera antolatu dute bisitaldi hau, Territorios para la ciudadania proiektuaren baitan.

Helburu nagusia Euskal Herriko tokiko garapen eredua ezagutzea da, Cantuquiriguaçuko lurraldean aplika daitezkeen eta bideragarriak diren ekintza eta proposamenak identifikatzeko, baita lankidetzak bilatzeko ere.

Guztira, ordezkari politiko, turismo teknikari, kazetari, nahiz sektore ezberdinetako enpresa publiko eta pribatuetako ordezkariek osatutako 16 laguneko taldea etorri da Brasildik.  

Gaurkoan, Lehiberrin izan dira lehenengo eta behin, garapen agentziaren lana ezagutzeko. Gero, turismoa izan dute aztergai, eta horretan sakontzeko Gorrotxategi museoan izan dira. Ondoren, Tolosako Babarrunaren Elkartean izan dira, babarrunaren prozesua eta bere baitan antolatzen diren ekitaldi guztiak gertutik ezagutu asmoz. Ibarrako jatetxe batean bazkaldu dute, eta arratsaldean Goierrin izango dira.

Olatz Ilarregi, Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko arduradunak azaldu duenez, Tolosaldea Garatzenen eta eskualdeko udalen integrazioak harritu die gehien. "Asko gustatu zaie udal guztiek diru kantitate bat jartzea garapen agentziarentzat. Horrez gain, bertako produktuei balorea emateko moduak ere harrituta utzi ditu". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!