Mugikortasunaren kultura berri bat aldarrikatuko dute

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 15a, 13:16

Do the right mix leloarekin ospatuko da Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra. Tolosaldean zortzigarren urtez antolatu da sentsibilizazio kanpaina eta eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek hainbat ekimen antolatu dituzte egun hauetarako.

Usabal kiroldegiaren ondoan, bidegorriaren hasieran aurkeztu dituzte Mugikortasun Asteko ekitaldiak. Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko Udal saileko arduradunak, Patxi Amantegi, Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak eta Mikel Agirrezabala, Ibarrako alkateak hitz egin dute agerraldian.

Tolosaldean motorizazio tasa, biztanleko 0,81 ibilgailukoa da, Gipuzkoa eta EAEko bataz bestekoa baina altuagoa. Mendizabalak eman ditu horren inguruko arrazoiak: "landa eremuan herri asko dago eta eskualde barneko errepide konexioa ona da. Orain arte, garraio publikoko eskaintza eskasa izan dugu". Aurtengo Europako Mugikortasun Asteak, hain zuzen, helburu hori bilatzen du: garraiobideen erabilera egokia egitea.

2007ko EAEko mugikortasunaren inguruko ikerketa batek emandako datuen arabera, Tolosaldeko biztanleen joan etorrien %54a autoz egiten zen, %10a garraio publikoan eta %36a modu alternatiboan, oinez edota bizikletan, adibidez. "Autoaren erabilera gutxitu eta beste garraiobide ezberdinen erabilpena sustatzeko asmoz, azken urteetan oinarriak jartzen ari gara", nabarmendu du Mendizabalek.

Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko udalek garraio publikoaren sistema hobetzen jarri dute erronka azkeneko urteetan. Tolosa eta Donostia arteko zerbitzua hobetu da, herritarren beharretara egokituz. Bestalde, abendutik hona, Tolosaldea Busen eskaintzak bilakaera handia izan du. "%60ko gorakada izan du erabilerak azkeneko datuen arabera". Etengabeko hobekuntzen ari dira eta Orixeko institutura doan zerbitzuan eta landa eremura doazen taxietan egokitzapenak egiten ari dira ikasturte hasieran. Gainera, eskualdeko udaletan Lurraldebuseko txartela ateratzeko eta birkargatzeko aukera sustatzen ari dira.

"Bizikletaren inguruan ere egin dira ekimenak azken urteetan: aparkalekuak jarri dira, sarea handitzen doa eta eskaintza hobetzen ari da". Mendizabalek azpimarratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko garraio sailarekin bidegorri sarea zabaltzeko lanean ari dira: "horren adibidea da, Anoeta eta Tolosa artekoa. Bi hilabete barru prest egongo dela uste dugu".

Tolosan mugikortasun politikak

Tolosaldea Garatzeneko udal sailak, mugikortasun politikak sustatzen ditu udalerriz udalerri eta norabide horretan pausoak eman dira, adibidez, Tolosan. Patxi Amantegi, ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, "motorrik gabeko mugikortasun ereduak bultzatu nahi ditugu aurrerantzean ere, orain arte egin den bezala. Garraio publikoa indartu eta mugikortasun jasangarriaren planaren barruan, herri barruko bidegorri sarea bultzatu nahi dugu".

Lehen kotxeentzat ziren eremuak oinezkoentzat irabazten ari dira Tolosan. "Alde zaharrean trafikoa erregulatzeko neurriak hartu ditugu, espaloiak zabaltzeko bidean gabiltza eta irisgarritasunerako egokitzapenak egin ditugu". Motordun garraiobideen gehiegizko erabilerak, gas isurketan edota kutsadura akustikoan duen eragina gogoratu ditu Amantegik eta "bizikletan eta oinez ibiltzeak duen eragin positiboa" azpimarratu.

Egitarau oparoa antolatu dute ostiralean hasi eta irailaren 29ra bitartean. Mikel Agirrezabala, Ibarrako alkateak herrian antolatu dituzten ekimenak aipatu ditu. "Ostiralean, isun sinbolikoak jarriko dituzte Uzturpe ikastolako ikasleek eta irailaren 22ra, Ibarrako plazatik ikastolara bitarteko bidean ez da kotxerik ezta autobusik ibiliko".

 

IRAILAK 18, OSTIRALA

Ibarra. Isun Sinbolikoak. Uzturpe Ikastolako ikasleek  isun sinbolikoak ezarriko dituzte karga eta deskarga eremuetan.

IRAILAK 19, LARUNBATA

Villabona. Berdura plazan, bizikletaren bigarren eskuko azoka egingo dute.
• 08:45tik 10:30ra materiala jasoko dute azokarako.
• 10:30tik 13:30ra azoka.
• 11:00etatik 12:00ra bizikletak konpontzeko tailerra.

Zizurkil. Bizikleta mantentzeko tailerra egingo dute Joxe Arregi plazan.
• 10:00etatik 13:00era norberak bere bizikleta eraman eta tailerraren antolatzaileek bizikleta egokitzen lagunduko dute.

IRAILAK 20, IGANDEA

Tolosaldea. Bizikleta bira Tolosaldean bidegorritik barrena.
• 10:30an Asteasu eta Ikaztegietatik Poxpolo eta konpainiarekin.
• 11:00etan Tolosako Usabal kiroldegian elkargunea.
• 11:30an Anoetan hamaiketakoa eta sari banaketa.

IRAILAK 22, ASTEARTEA

Tolosa. Triangulon tailerrak.
• 11:00etan Segurtasunez ibili bizikletaz! mugikortasun tailerra egingo dute ikastetxeekin.
• 11:00etatik 13:00etara Tolosaldeko garraio publikoaren inguruko informazio puntua.

Ibarra. Oinez Ikastolara! Plazatik ikastalara autorik eta autobusik ez da ibiliko.

IRAILAK 23, ASTEAZKENA

Aduna. Bizikleta mantentzeko tailerra.
• 17:00etatik 19:00etara norberak bere bizikleta eraman eta eta tailerraren arduradunek egokitzen lagunduko dute.

IRAILAK 29, ASTEARTEA

Villabona. Berdura plazan informazio puntua.
• 11:00etatik 13:00etara Tolosaldeko garraio publikoaren inguruko informazio puntua jarriko dute.

IRAILAREN 16TIK 22RA

Tolosaldea Bus. MUGI txartelak doan egiteko aukera izango da Tolosaldea Busen bulegoan, Tolosan, Barrena kaleko 3. zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!