Azoka egunak Lehiberrira

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 11a, 11:07

Gaur amaituko da Enpleguneko izen-ematea, enpresei dagokienez; datorren astean informazio saioak izango dira

Iaz berrikuntzaren abiadaz zabaldu zuten lehen Enplegune eta, aurten ere, bigarren aldia izanagatik, ziztu bizian dator Lehiberriko azoka eguna. 57 lanpostu hitzartuta daude jada eta, aste honetan, beste 7 inguru biribiltze ari dira; guztira, beraz, 64 lanpostu eskainiko dituzte, gutxienez.

Lehiberri zentroa lehendik ere enpleguaren plaza baldin bazen, datorren urriaren 1ean eta 2an are gehiago hartuko du azoka izaera hori, 60 lanpostutik gora negoziatu beharko baitituzte enpresetako arduradunek, aurrez aukeraturiko langabetuekin.

Izan ere, izen-ematea zabalik da jada, eta gaur izango da enpresen azken aukera, Enplegunen sei hilabeteko lanaldi osoko kontratuak eskaintzeko, luzatzeko aukerarekin. Langabetuek, berriz, hilabete bukaerara bitarte izena emateko aukera izango dute, lana aurkitzeko. Horretarako, 943 65 45 01 telefonoa edo lan@tolosaldea.eus helbidea izango dira bideak; www.tolosaldeagaratzen.net eta www.lanbide.net atarietan ere informazioa eskuratzeko aukera izango da.

Bi baldintza beharko dira bigarren Enplegunen aukeraren bat izateko: Tolosaldean erroldatuta egotea, batetik, eta langabezia egoera frogatzea, bestetik.

Informazio saioak datorren astean

Azken urteotako joerak hobera egin eta langabetu kopuruak behera egin duen arren, Tolosaldean 2.895ekoa da lanik ez duten herritarren zifra; %12,7 zehazki.

Gauzak horrela, Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak «derrigorrezkotzat» jo du enplegu planak egitea, eta «legealdi honetako ardatz nagusi» izango direla nabarmendu.

Urriaren 1eko eta 2ko Enplegunen eskainiko dituzte 60tik gora lanpostuak askotarikoak izango dira, eta baita sektoreak berak ere. Izan ere, Lehiberriko hainbat departamenturen bidez egin dute behatzea.

Horrela, dendariak, komertzialak, web garatzaileak, kontrol numerikoan adituak, mekanikariak, haragi banatzaileak, sukalde eta jangela banatzaileak nahiz beste hamaika profil ongi-etorriak izango dira enpresentzat.

Behin izena eman duten langabetuen datuak aztertu ondoren, aurre-aukeraketa bat egingo dute enpleguneko elkarrizketak zehazteko; dena den, Leire Otaegik azaldu duenez, azken ordura arte izen-ematea egiterik izan ez dutenek ere aukera izango dute, urriaren 1ean edo 2an. «Eskaturiko profila baldin badute, betiere».

Funtzionamendu datu horiek guztiak pausoz pauso eta zehaztasunez azaltzeko, dena den, informazio saioak prestatu dituzte datorren asterako. Astelehenean hasi eta ostiralera bitarte, egunero, 10:00etan saio bana izango da Lehiberri zentroan bertan; egun bakarrean bertaratzea nahikoa izango da parte hartu nahi dutenentzat, saio guztietan informazio bera eskainiko baitute.

Azkenik, lan eskaintza guztiak Lanbiden ere ikusgai izango direla ohartarazi nahi izan die, Otaegik, parte hartu nahi dutenei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!