Bikoiztu egin da bisitari kopurua, Larraitzeko turismo bulegoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 8a, 17:03

Nabarmen hobetu dira turismo datuak; okupazio tasa EAE eta Gipuzkoakoaren gainetik izan da udan

Aspaldiko ohitura da norbere herrialdea utzi eta gainontzeko kultura eta nazioak ezagutzeko nahiz deskantsua hartzeko turismo egitearena. Denborak, ordea, turismoa egiteko ohiturak ere aldatzen ditu, eta sare sozialak eta teknologia berriak ezinbesteko trena bilakatu dira XXI. mendeko turistak erakarri nahi dituztenentzat.

Tolosaldean azti ibili dira antza, eskaintza zabala metodo tradizionalen nahiz modernoenen bitartez zabalduz: aurtengo udan ia bikoiztu egin dira Larraitzeko turismo bulegoko bisitak eta, okupazioari dagokionez, urteko lehen bost hilabeteetan EAEko eta Gipuzkoako okupazioa gainditu du Tolosaldeak.

Datu pozgarriak dira, zalantzarik gabe, eta pozgarriago bilakatzen dira, azken urteotan krisiak turismoaren esparruan zuzen eragin duela jakinda.

Azken urteotan internet bidezko informazioa indartzeari garrantzi berezia eman dio, aipatu bezala, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak: «Behin bisitaria hemen denean, paperezko informazioa eskertzen du, baina, oporretarako helmuga aukeratu aurretik, on line bilatzen dute askok informazioa», azaldu dute.

Gero eta gehiago, gainera, Tolosaldeko turismo eskaintzaren webguneko bisitei erreparatuz gero. Izan ere, 2013. urteko bisita kopuruak joan den uztaila eta abuztukoekin alderatuz gero, igoera %38a da: 5.687 saio hasi zituzten, bisitariek, 2013an eta, aurten, bi hilabetean, 7.843 saio hasi dituzte www.tolosaldea.eus atarian.

Ordenagailu bidezko bisita kopuruen igoera mugikor bidezko bisitetan ere nabari daiteke. Horrela, iaz bisiten %28a mugikor bidezkoa izan bazen, aurten %38a osatu dute.

Aipatzekoa da, internet bidez Tolosaldeko turismoari buruzko informazioa gehien bilatzen dutenak espainiarrak direla, bisiten %90 osatuz. Frantziarrek %3a osatzen dute eta, hirugarren postuan, estatubatuarrak daude.

2.0 turismoa tresna eraginkor eta zuzena izan arren, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak gogora ekarri nahi izan du Euskadiko Bihotza eta Kolorez betetako uda gidak ere eskuragarri izan dituztela udan, bisitariak artatzeko.

Okupazioa, Gipuzkoako eta EAEko datuen gainetik

www.tolosaldea.eus -eko igoera ez da sarean geratu, ez. Azaldu dutenez, uztailan eta abuztuan datuak «oso onak» izan dira, EAEko eta Gipuzkoako joerarekin bat eginez.

Guztira, 8.520 bisitari jaso dituzte Tolosako Santa Maria plazako eta Larraitzeko turismo bulegoetan; zehazki, %24ko igoera izan dute bisitek, iazkoarekin alderatuta.

Igoeretan nabarmenena, ordea, Larraitzeko informazio gunekoa izan da, arduradunen arabera. Izan ere, iazko datuak ia bikoiztera iritsi dira, bisitari kopuruari dagokionez.

Horri estu lotuta, eskualdeko bisitarien igoera aipatzekoa da. Aurten Tolosaldeko herritarren joan-etorria nabarmen hazi da Txindoki azpiko gunean, eta, bigarren lekuan, baita Gipuzkoarrena ere: «Ostalaritzari eta merkataritzari begira, publiko hori oso garrantzitsua da guretzat».

Egunpasen turismo joerarekin batera, ordea, Tolosaldeak epe luzerako turistei ere harrera egiten die eta, albiste onak izan dituzte esparru horretan ere. Plaza gehienak nekazalturismo nahiz landetxeetakoak dira eskualdean eta, urteko lehen bost hilabeteetan, establezimendu horien okupazioa Gipuzkoako eta EAEko tasaren gainetik izan da; datu ezin hobeak dira.

Areago, udako okupazio datuak bikoiztu egin ditu aurtengo udak, iazkoaren alboan eta, horrela, %88ko tasa izan da abuztuan, Beteta txartela zintzilikatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!