Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra txapeldun Amezketan

Jexux Murua 2015ko ira. 7a, 11:02
Argazkiak: Felix Irazustabarrena

Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra nagusi mailan, Iraitz Zubizarreta jubeniletan eta Jon Alberdi kadeteetan izan dira XXVI. Joxean Tolosa txapelketako irabazleak. Aratz Irazustabarrena alegiarrak jubenil mailako txapeldun-ordetzarekin konformatu behar izan du.

Larrunarri frontoia bete-bete zela, pilota giro bikainarekin jokatu dira finalak. Kadete mailako finala jokatu da lehenik eta Alberdi azpeitiarrak erakustaldia eman du. Izugarrizko erritmoa jarri du, aurkariak baino biziago ibili du pilota bi eskuekin eta bukatzerako orduan ere asmatu egin du. Horrela gauzak, ez dio ia aukerarik eman Aitor Aranguren aginagarri. 18 eta 6 amaitu da ordu erdi eskas iraun duen partida.

Aratz Irazustabarrena alegiarra sentsazio gazi-gozoarekin etxeratuko zen. 18-8 galdu baitzuen Iraitz Zubizarreta ataundarraren aurka. Jokoan, ordea, ez da egon tantoek azaltzen duten alderik. Partida oso polita ikusi dugu, bi joko estilo oso desberdineko pilotarien artekoa: Aratz, botera eta pilota luzatzen eta ataundarra pilotak ahalik eta bote gutxien egin zezan ahalegintzen. Honen tantoa bukatzeko erraztasunak erabaki du partida; Aratzek nahiz eta tantoa askotan mendean eduki argitasun gutxiago izan du epaia emateko orduan; ez zen erraza: Zubizarretak aireko postura guztiak bikain menderatzen ditu eta oso aurrean jartzen da frontoian zulo gutxii utziaz. Kontuak kontu, Aratzek berriro erakutsi du kategorian punta-puntan dagoela. Zornotzan galdu egin zuen finala eta Amezketan ere bai: Hirugarrenean irabaztea tokatzen da!

Maisuak emendatu zuen ikaslearen ezina, Aratzek berau baitu entrenatzailea. Beñat Urretabizkaiak 18-15 irabazi zion Santxo usurbildarrari ia ordubete luzatu zen partida gogorrean. Hirugarren urtea zuen Santxok finalera iristen zela. Iñaki Artolak irabazi zion 2013an eta Irribarriak iaz. Beñat, berriz, iaz sekulako txapelketa egin ondoren, finalaren ate-atean geratu zen 17-18 Irribarriaren aurka galduta. Kontuak horrela, final estua eta maila handikoa espero genuen, eta halaxe gertatu zen. Lehen tantoetan partida oso parekatua joan zen 7-7 jarri arte. Hemen, ikaztegietarrak izugarrizko joko-bolada hartu zuen eta 15-8 jarri zitzaigun aurretik. Partida bukatzeko hiru tantoren faltan, egina zirudien. Baina pilotari gogorra eta etsitze ez duena da Santxo. Tanto itogarriak etorri ziren orduan eta estutzen joan zen partida. 14-16, 15-17 eta 15-18. Holaxe amaitu zen. Azkeneko tantoa, partidako askoren ispilua izan zen: Urretabizkaia eskuinez pilota astintzen, Santxo airez eutsi eta eutsi lehertu arte. Partida ederra!

Pilotazaleak gustura atera ziren ikusitakoarekin. XXVI.ean ere final egun bikaina ezagutu du Joxean Tolosa txapelketak. Pozik egoteko moduan dira antolatzaileak. Zorionak hauei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!