Zazpi domina Espainiako Pistako Txapelketan

Ataria 2015ko ira. 3a, 13:22

Pasa den asteburuan Espainiako pistako txirrindularitza txapelketa ospatu da Galapagarreko belodromoan, Madrilen. Eskualdeko hiru txirrindularik parte hartu dute bertan, eta baita emaitza bikainak ekarri ere.

Jubenil mailan, Luis Mari Garikano tolosarrak (Oriako-Limousin) lehen urtea zuen pistako txirrindularitzan, beraz lorpen bikaina da Espainiako txapelketetan parte hartzeko hautatua izatea, eta lehen sei postuen barruan amaitu du egin dituen proba guztietan. Emaitza aparta dudarik gabe hasiberri batentzat.

 

Maila berean baina emakumezkoen sailean berriz, Eukene Larrarte (Caja Rural) eta Maddi Amondarain (Oriako-Limousin) tolosarrek hirugarren postua lortu zuten Euskadirentzat taldekako jazarpenean. Horrez gain, Maddi Amondarainek beste hiru domina irabazi zituen: brontzea scratch proban, brontzea taldekako abiaduran ere, eta zilarra bakarkako jazarpenean. Kontuan izan behar da biak ala biak lehen mailako jubenilak direla, eta horregatik are azpimarragarriagoak dira beraien emaitzak.

 

Eskualdeko beste ordezkaria kadete mailan lehiatu da. Unai Iribarrek (Oriako-Limousin) urrezko bi domina lortu zituen taldekako abiaduran eta jazarpenean. Euskadiko kadeteek 10 urte zeramatzaten azken proba hori irabazi gabe, eta lehen postuaz gainera Espainiako errekor berria ezarri dute. Bestalde, ibartarra hirugarren postuan sailkatu zen bakarkako jazarpenean, eta laugarren egin zuen puntuaketa proban.


Argi dago txirrindularitza sasoi betean dagoela eskualdean, bai kopuruz eta bai kalitatez, urtean zehar eta Espainiako udako txapelketetan lortutako emaitzek erakusten dute hori. Aurtengo denboraldia ia amaitu dute, eta hurrengorako entrenatzen hasiko dira hemendik aurrera, aurtengoa bezain urte oparoa izan dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!