Eskualdeko Enplegu Plana, kontratazioetarako diru laguntza

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 3a, 11:30

Tolosaldea Garatzen agentziak kudeatuko du Eskualdeko Enplegu Plana

Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak, Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren eskualdeko plana 2015 kudeatuko du. Planak enpresentzat, euren izaera juridikoa edozein izanik ere, eta banakako enpresarientzat, kontratazioetarako fondo galdurako diru laguntzak aurreikusten ditu.

Enplegu plan honen helburua, Lanbiden lan-eskatzaile bezala izena emana duten langabeak kontratatzea errazteko laguntza ekonomikoa ematea da.

Diru laguntzaren ezaugarriak

1000 euro hilean kontratuko. Kopuru hau 1500 eurotakoa izango da hilean kolektibo berezietako pertsonen kontratazioen kasuan. DBE jasotzaileak edota DBE jasotzen duten familia-unitateekin lotura duten pertsonak. Langabezia egoeran egonik, azkeneko 18 hilabeteetatik gutxienez 12etan Lanbide langabe bezala izena emana egon diren pertsonak. 35 urtez azpiko pertsonak euren bizitzan lehenengoz programa honen baitan kontratatuak izango direnak (lan bizitzarik gabekoak).

6 hilabeteko dirulaguntza 6000 eurotara. Kolektibo berezien kasuan 9000 euro.

Diru laguntza gehienez ere kontratazio kostuaren %75ekoa izango da (soldata + gizarte asegurantza). Kolektibo berezietako pertsonen kontratazioetan diru laguntza kontratazio kostuen %100 artekoa izan daiteke (soldata + gizarte asegurantza). Azkenik, bai kontratatutako pertsonak eta baita enpresa edota banakako enpresari kontratatzaileak Tolosaldeko 28 herrietakoren batean errolda eta egoitza soziala izan beharko dute, hurrenez hurren.

Kontratuen baldintzak

Sei hilabeteko gutxieneko epea eta lanaldi osokoa izan beharko du. Kontratuak enpresarentzat enplegu sorrera garbia izan beharko du eta hala egiaztatu beharko du gizarte segurantzako diruzaintza orokorreko ziurtagiri bitartez.

Epeak

Kontratatzeko interesa duen enpresa edota banakako enpresariak eskaera aurkezteko azken eguna, 2015eko irailak 11 izango da.

Lehiberri zentroan, urriaren 1ean eta 2an, Enplegu jardunaldia burutuko da eta bertan hautagaiak elkarrizketatuak izango dira.

Azkenik 2015eko urri erdi aldera: lan kontratuei hasiera emango zaie eta 2015eko abenduaren 1a da lan kontratuei hasiera eman ahal izateko azkenengo eguna.

Argibide gehiago behar izanez gero Tolosaldea Garatzenekin jar daiteke harremanetan: lehiberri@lehiberri.eus edo 943 65 45 01 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!