«Herri bakoitzak sortzen duen hondakinen arabera ordaintzen du»

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 3a, 11:16

Josu Amilibia da Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari berria. «Ahal den gehiena konpostatzea» eta birziklatzean lortutako «datu zoragarriak handitzen joatea» dira Mankomunitatearen ildo nagusiak.

Uztailaren 23an egin zuen legealdi honetako lehen batzar orokorra Tolosaldeko Mankomunitateak eta Josu Amilibia Adunako alkatea izendatu dute lehendakari. Tolosako zinegotzia den Patxi Amantegi da lehendakariordea. Bestalde, hamaika herrik osatzen dute batzar iraunkorra. Horietatik seitan EH Bilduk du alkatetza, hau da, Aduna, Alegia, Ibarra, Berastegi, Berrobi eta Zizurkil; EAJk alkatetza duen hiru herriak daude, Tolosa, Amasa-Villabona eta Irura, eta alkatetza herri plataformak dituztenetatik Asteasu eta Larraul izango dira.

Nola izan da kargu banatzea?
Uztaila baino lehen hitz egiten aritu ginen EH Bilduk alkatetzak dituen herriak, EAJk dituenak eta baita independenteekin, eta adostu genuen banaketa nola egingo genuen. Horrela, lehendakari ni nago, EAJko Patxi Amantegi da lehendakariorde eta batzorde iraunkorrean alderdi guztietako ordezkariak daude.

Zein funtzio izaten ditu batzorde iraunkorrak?
Batzarra baino gehiagotan biltzen da. Hilabetean behin-edo bildu daiteke edo egoerak eskatzen duenaren arabera. Mankomunitatearen gaiak aurrera eramateko biltzen da. Adibidez, azterketak eta proiektuak lantzen dira bertan, eta erabaki batzuk ere hartzen dira. Batzorde iraunkorrean parte hartzaile bakoitzak boto bat du. Halere, erabaki garrantzitsuenak batzarrean hartzen dira.

Batzar orokorrean Mankomunitateko 28 herriek parte hartzen dute. Nola funtzionatzen du?
Gutxienez urtean bi aldiz egiten da batzarra. Gutxieneko zeregina aurrekontuak, likidazioak eta kontu orokorrak onartzea izatea da. Gero, proiektu edota gai garrantzitsuak daudenean batzarra deitzen da. Erabakiak hartzeko gehiengo bikoitza lortu behar da: batetik herrien gehiengoa, hau da, 28tik 15en aldeko botoa behar da, eta, bestetik, biztanleriaren gehiengoa behar da.

Mankomunitatean Andoain ere sartuta dago, eta biztanleriaren gehiengoarentzat herri garrantzitsua da. Bertan EH Bilduk alkatetza hartzeak bere eragina du, ezta?
Gehiengo bikoitzak dakarrena da, bietan korronte berdina ez badago, erabakiak adostera behartzen zaitu, gaiak ez blokeatzeko. EH Bildutik bi gehiengoak ditugu, baina gaiak eztabaidatzeko eta adosteko prest gaude, eta kargu banaketan ere ikusten da EAJk dituen hiru herriak sartu direla eta lehendakariordea alderdi horretakoa dela. Horrela, denak daude egitura guztietan.

Zertan eragin dezake Mankomunitatearen egungo osaketak aurrera begira?
Beti du garrantzia, eta eztabaida ere sortu daiteke gai askotan. Halere, nik uste dut Mankomunitateari begira baino garrantzi gehiago duela herri bakoitzaren hondakinen kudeaketan. Aurreko legealdian ere herri bakoitzak aukeratu du zer bilketa sistema nahi zuen. Batzuek atez atekoaren alde egin dute; beste batzuk lehen bezala geratu dira; Tolosan sistema mistoa egin dute; herri txikietan nahiz eta gehienok organikoa %100 konpostatzen dugun herrian bertan, bakoitzak bere sistema diseinatu du. Azkenean, Mankomunitateak egiten duena da baliabideak prestatu.

Zein dira legealdi honetarako ildo nagusiak Mankomunitatean?
Eratu berri da eta lehenengo batzarrean joango dira finkatzen ildoak, baina nagusiak aurreko legealditik finkatuta daude. Eta egia esan, herri bakoitzak finkatu ditu, herri askoren ildoen baturak finkatzen baitu Mankomunitateak izan behar duen ildoa. Lan handiena eta aldaketa handienak aurrekoan egin ziren. Ziur asko aldaketak izango dira zenbait herritan, eta ikusi beharko da horiek nola egingo diren. Niretzako ildo nagusiena da ahal den gehiena konpostatzea eta birziklapenean lortu diren datu zoragarriak handitzen joatea.

Egun zein da Tolosaldearen egoera bilketari dagokionez?
Hondakin etxetiarretatik %24a bakarrik biltzen zen gaika 2011n, eta egun, 2015eko lehenengo seihilabeteko datuekin %61ean gaude. Industriguneak eta garbiguneko datuak kontuan hartuta, %60an gaude. Europako direktibak eskatzen dituen zenbakietara iritsi gara eskualdean. Kontuan hartu behar da datu horiek biltzen diren hondakinenak direla. Eskualdean konpostatzen den materia organikoa ez dago sartuta datu horretan. Adibidez, Adunan organikoaren %100 herrian bertan konpostatzen da, eta hori ez dago datu horietan sartuta. Beraz, gaikako bilketaren portzentaia handiagoa da. %60arekin oso pozik egoteko moduan gaude, baina saiatu behar gara hori igotzen. Honekin guztiarekin lortzen dugu errefusaren kopurua asko jaistea, eta karbono dioxidoaren emisioak murriztea garraioaren joan-etorrien kopurua jaitsiz. Adibidez, Adunara aurreko sistemarekin astero hiru aldiz etortzen zen kamioia errefusaren bila eta hamalau puntutan biltzen zuen. Orain, astean edo hamabostean behin etortzen da, eta puntu batean bakarrik jasotzen du. Bestalde, bilketa zabalagoa da, eta adibidez atez ateko sistema duten herrietan lanpostuak sortzea lortzen da.

Eta Mankomunitatearen egoera ekonomikoa?
2011 Mankomunitateak bi milioi euroko gerakinarekin bukatu zuen, eta 2014a 1,7 milioi euroko gerakinarekin. Beraz, gerakina ia osotasunean mantendu da. Bestalde, ez dago zorrik inongo erakundeekin. Tratamenduaren gastua jaitsi egin da eta bilketarena igo, azken finean, bilketa indartsuagoa delako. Gainera, lortzen diren diru sarrerekin eta errefusarengatik ordaindu behar den kopuruan aurrezteagatik, parekatu edo hobeto ere ateratzen da.

EAJk azaldu zuen kanpainan bilketa sistemak aldatu egingo dituela alkatetza lortutako herrietan. Horrek nola eragingo lioke Mankomunitateari?
Herri bakoitzak erabakitzen du zein sistema erabiltzen duen. Fiskalitate berri batekin funtzionatzen ari gara, zehazteko herri bakoitzak zer ordaindu behar dion Mankomunitateari. Nik lanketa bat egiten badut herrian eta errefus oso gutxi sortzen badut, jakinik tona bakoitzeko 140 euro ordaindu behar ditudala, Mankomunitateak gutxiago ordaintzen du horregatik, eta aurrezte hori niri aplikatuko lidake. Berdin, gaikako bilketaren inguruan. Mankomunitateak sarrerak ditu ontzi arinengatik, paperarengatik,... Beraz, herri batek asko biltzen badu, gero hori saltzearen etekina ere herri horri aplikatuko zaio. Azkenean, herriak bere parte aldagaia du, eta sortzen duenaren arabera ordaintzen du.

Aldaketak ere izan dira Foru Aldundian, eta ondorioz Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan (GHK), eta orain PSE-EEko Jose Ignacio Asensio tolosarra da bertako lehendakaria. Zer eragin du horrek Tolosaldearekiko?
Herrialde guztiarentzako suposatu dezake aldaketa. GHKren betebeharra eredu orokorra da, mankomunitateetan jasotzen diren hondakinen tratamenduak bermatzea, konpostatze plantak egitea, eta errauste plantaren inguruan erabakiak hartzea. Tolosaldeari nola eragingo dion? Ikusi egin beharko dugu; gu gure ildoa jarraitzeko moduan baldin bagaude, hori ahal den gehiena birziklatzea izango da. Garbi dugu materia gutxi sortu nahi dugula errauste planta ahal den gutxien elikatzeko.

Hain justu, errauste planta eraikitzeko proiektuari berriro ekingo zaiola adierazi dute Gipuzkoako erakundeek. Zer suposatzen du horrek zure ikuspuntutik?
Batetik, gastu ekonomikoa. Proiektuak 400-500 milioi euroko aurrekontua zuen. Niretzako dirua xahutzea da, gainera birziklapenarekin kontrajarria dagoen azpiegitura bat egiteko. 2020rako errauste planten izatea zalantzan jartzen dute Europatik, eta gainera birziklapen tasa batzuk ezartzen dira. Beraz, sekulako inbertsioa egitea kontraesan bat sortzeko, ez du inongo zentzurik. Dirua garrantzitsua bada, are gehiago osasuna. Zubietan egitekoa zen, eta Andoain, Aduna eta Zizurkil oso gertu daude. Gero, ikusmina ere badut, ea zubietarrei errauste planta inposatuko ote dieten. Aurreko legealdian hainbeste erabili da inposatzearena, ez dakit pentsatzen duten galdetzea zubietarrei edo beste herrietan ere, errauste planta non eraiki erabakitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!