100 eguneko erronka, bizitzarako filosofia goitik behera aldatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 3a, 09:47

Txitxi Orbegozoren Me reto 100 dias egitasmoa aurkeztuko dute, gaur, 20:00etan, Bidaiarien Txokoan

Pisua murrizteko, irudia aldatzeko nahiz elikadura behar bezala antolatzen jakiteko dieta, metodo eta korronteak edozein txokotan aurki daitezke gaur egun. Helburu horien guztien artean bakar bat aukeratu beharrik izan gabe, 100 egunetan bizimodua berrantolatzeko bidea eskaintzen die Me reto 100 dias egitasmoak, parte hartzen dutenei.

Txitxi Orbegozo margolaria da proiektuaren sortzailea, eta bere buruarekin proban jarritako metodoa dela aitortu du: «Ni betidanik oso kirolaria izan naiz, aurrera eta atzera ibiltzen den horietakoa. Behin seme-alabak izanda, ordea, haien zaintzari ekin nion, eta baita gehiago margotzeari ere; 20 urte margotzen. Behin batean nire buruarekin ongi ez nintzela sentitzen ikusi nuen, eta 100 egun edo hiru hilabeteko erronka proposatu nion neure buruari, elikadura pixka bat zainduz, ariketa fisikoa eginez eta bizitako helburu edo ametsei buruz hausnartuz».

Eta horixe da, hain zuzen, Me reto 100 dias proiektuaren funtsa: ongizatea, gorputza eta elikadura uztartuz, bizi filosofia aldatzea da helburua.

Koadernoak, gako

«Hiru adar horiek ezinbesteko dira ezein pertsonaren bizitzan», Orbegozoren arabera. Horrela, adarretako bakoitzak koaderno bat du bere egitasmoan.

Bata nutrizionista batek prestaturiko gida moduko bat da, eta ez dago dieta egiteari bideratuta, alderantziz: jendeak ondo elikatzen ikastea da jomuga. «Zenbait jarraibide ematen ditu otorduei dagokienez eta, halaber, ariketa txiki batzuk proposatzen, norbere burua baloratzen ikasteko».

Bigarren zutabe eta koadernoa ariketa fisikoarena da, eta astez aste tarte handiagoa eskaintzen diote ariketa fisikoa egiteko momentu horri: «Lehen hilabetean 30 minutu, bigarrenean 35 eta, hirugarrenean, 40 minutu. Oso era konkretuak eta oinarri zehatz batzuekin lantzen dugu gorputza, intentsitatea, giharrak eta luzaketa dinamikoak jorratuz, oso oinarrizko tresnekin».

Ohitura aldaketak sortzen ditu, beraz, Me reto 100 dias egitasmoak eta, horrek, noski, eragin fisikoak eragiten ditu: «Aldaketa fisikoak izugarriak dira, jendeak kilo asko galtzen dituelako, batetik, eta indarra hartzen dutelako, bestetik. Jendeak energia handiz amaitzen du 100 egunekoa», dio Orbegozok.

Garrantzitsuena, ordea, koaderno urdina da, Bidaia koadernoa deiturikoa. Egun bakoitzeko ariketa fisikoaren ondoren, egun horri dagokion zatia irakurtzen dute, baina, ondoren, norberak etxean bete behar izaten du nahi duen tartea, esperientziaz edo bizitzaz hausnartuz: «Auto-coaching deritzona da. Auto-laguntzazko liburuetan gomendioak ematen dituzte, baina sarri zail suertatzen da horiek norbere bizitzan txertatzea. Horregatik, gurea koaderno bat da, eta erantzun bat ematea eskatzen du horren, ohiturez eta helburuez hausnartzeko, egoaz idazteko edo ametsak bete ote daitezkeen ikusteko».

Bizitzarako betaurreko berriak

Erabateko txip aldaketa eragiten duten erronka da, eta hori parte hartzaileengan ikusten duela dio Orbegozok: «Koaderno urdinaren emaitzak ez dira ariketa fisikoarenak bezain agerikoak, zaila da ikusten. Baina, adibidez, lau pertsona unibertsitatean hasi dira; beste bik lana utzi dute beste zerbaitetan hasteko; norbere enpresa sortzeko indarra bildu duenik ere bada, eta baita bere inguruko guztiei aurre egin eta Bartzelonara dantza ikasketak egitera joan denik ere.

Argi dago, beraz, gazte, heldu nahiz helduagoei begirako erronka dela, 100 egunetakoa. Gaur bertan aurkezpena izango da, 20:00etan, Antxon Bandres bidaiarien txokoan, eta saioak Alegian izango dira. Lehen 25 egunetan gustura ez dabilenari, gainera, dirua itzultzen diotela ere ohartarazi dute. Informazio gehiago eskuratzeko, www.mereto100dias.com ataria ere bisitatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!