Pozik, baina aurkariak nagusi

Asier Imaz 2015ko abu. 31a, 17:19

Europako Sega Txapelketa jokatu da Azpeitian asteburu honetan, eta Euskal Herriko selekzioarekin eskualdeko ordezkari ugari aritu dira

Alaitz Imaz izan da sailkapen nagusiko lehen euskalduna, Azpeitian jokatu den Europako Sega Txapelketan. Hernialdeko segalaria hamargarren gelditu da. Gizonezkoetan, Julen Gabirondok 13. amaitu du. Eskualdeko lehena Koldo Arzelus Erreka izan da, 19. Mikel Lizartza tolosarra, Oier Urkola anoetarra eta Ainhoa Galarraga eta Ainara Otamendi ibartarrak ere Euskal Herriko selekzioarekin aritu dira.


Hego Tirol eta Suitzako selekzioak izan dira garaileak Europako Sega Txapelketan. Gizonezkoetan, 10X10eko sailean, banakako eta taldekako garaipena eskuratu du Hego Tirolek. Txapelduna Georg Spiess izan da. Emakumeetan, 5X7ko sailean, Suitzak irabazi ditu bi sailkapenak, eta Margrit Fohn izan da banakakoan txapelduna.


Txapelketa igandean jokatu zen, eta bertan sei naziotako ordezkariak aritu ziren lehian: Euskal Herrikoak, Suitzakoak, Austriakoak, Alemaniakoak, Eslobeniakoak eta Hego Tirolekoak. Guztira, 90 kirolari aritu ziren segan Loiolako belardietan; eta antolatzaileen arabera, 2.500-3.000 pertsona bildu ziren proba ikusteko.
Haurrak ere aritu ziren segan, euren selekzioa defendatuz lehian. Euskal Herrikoan eskualdeko ordezkari ugari izan ziren, eta nagusietan ez bezala, neska-mutilek txapela irabaztea lortu zuten, maila polita eta etorkizun oparoa erakutsiz.


Kirolaz gain, jaiak ere bere lekua izan zuen Azpeitian; izan ere, ostiralean hasi eta igandera arte hamaika ekitaldi antolatu zituzten herrian, Europako Txapelketaren harira: musika, desfileak, joaldunak eta abar. Sei nazioetako kulturen arteko nahasketa ikusi zen Azpeitian.


Imaz eta ‘Erreka’
Alaitz Imaz pozik zegoen egindako lanarekin, nahiz eta ingurukoek gehiago espero zutela aitortu: «Joxe Gabirondorekin entrenamenduetan hobeto ibili naiz, eta horregatik jendeak postu hobea lortuko nuela espero zuen. Alde horretatik badut tristura puntu bat, baina nire buruarekin oso gustura nago».
Hernialdekoak onartzen duen bezala, euskaldunak ia beti atzera xamarrean ibiltzen dira antzeko txapelketetan, eta oraingoan ere horrela suertatu da. Aurkariak gehiago izan ziren Azpeitian, eta horren aurrean, ikasten jarraitu behar da: «Sega luzeak eurei ikusi ondoren ekarri genituen Euskal Herrira, eta oraingoan are luzeagoak ekarri dituzte. Kanpotik etortzen direnek izugarri egiten dute segan, eta aurrea hartzea oso zaila da».


Ikusleen erantzuna ere azpimarratu nahi izan du Alaitz Imazek: «Ez genekien Azpeitira jendea joango zen edo ez, baina sailak inoiz baino beteagoa ikusi ditut. Herrian, karpan, kontzertuetan... mugimendu handia sumatzen zen. Jendearen erantzuna egun guzti horietan oso ona izan da, eta alde horretatik oso gustura gaude».


Koldo Arzelus Erreka baserrian zegoen atzo, bezperako esfortzutik errekuperatzen. Esan beharra dago, Tolosako Erreka baserrira iristen den bidea ikusgarria dela: penagarria, negargarria,... Ondorioz, segaz hitz egin aurretik bideaz hitz egin behar: «15 urte, urtero udalera joanez...». Baserritarrei ematen dizkieten laguntzak dira horiek.


Europako Txapelketan egindako lanarekin ez zegoen Imaz bezain gustura Erreka: «Azken astean gorputza arraro sentitzen hasi nintzen. Hezurretako mina, hotzikarak... katarroa. Gorputzaldi ez oso onean iritsi nintzen beraz igandera. Indarrak neurtu behar izaten dira horrelako sailetan, lan motza izan arren, bukatzea kosta egiten delako».


Denborari begiratuta ez zuen bere marka onena egitea lortu tolosarrak, ezta gerturatu ere. Penalizazioak aparte utzita, hiru minutu eta 15 segundoan amaitu zuen saila. «2:08an egina daukat lan hori, baina Azpeitian belarrarekin huts egin genuen. Aurrez lan handia eginak ginen, eta azken hilabetean, itsura ederra zuen belardiak, baina ez genuen behar adina ureztatu, eta tartean ateratako belarra ihartu egin zen. Horrek sega kamustea dakar, eta lanak zailtzea». Arazotxo horrek guztien denboran eragina izan zuen.


Beste naziotako segalarien inguruan, aipamen ugari zituen egiteko Errekak: «Euskaldunak horien alboan txikiagoak gara. Sasoi izugarria dute, batez ere gazte denboran. Hori bai, urteekin guk gora egiten dugula uste dut, eta beraiek behera. Ez dakit bizimodua den edo zer, baina hori nabari da». Erdi brometan hitz egin arren, arrazoizko ikuspegia ematen du Errekak. Emakumeen txapelketako irabazlea ere izugarrizko emakumea zela dio Koldo Arzelusek: «Bere gorputza ikusi besterik ez zegoen; 100 kilotik gora, baina sendoa. Ti-ta mozten zuen belarra, eta ondo».


Desberdintasunak gorputzetan bakarrik ez zituen ikusi tolosarrak. Sega luzeagoak erabiltzen dituzte atzerritarrek, eta berrikuntzaren bat ere ikusi zuen Errekak: «Gu 1,25 metro inguruan ibiliko gara. Euren segarik motzenak 1,35 izango zituen, eta bazen bi sega moztu eta bat osatu zuenik ere, sega oraindik eta luzeagoa izan zedin». Kirtenak ere ez zituzten zuzenak, kurba modukoekin, eta ondorioz, horrenbeste makurtu beharrean, erdi zutik aritzen dira segan, kolpeka, baina maisutasun handiarekin. Ez baita ahaztu behar, Europako Txapelketa honetan ez dela azkartasuna bakarrik neurtzen, baita txukuntasuna ere.
Behin asteburuko erronka amaituta, Koldo Arzelus beteranoak Munduko Txapelketa dauka buruan.  2016 urte hasieran izango da, eta bertan egotea espero du. 60 urtetik gorako mailan ariko da taldeka, eta txapela janzteko aukera handiak izango dituzte, duela lau urtekoan, Munduko txapeldun gelditu baitzen Erreka, Anoetako Joakin Garmendiarekin batera.

Argazkiak: Azpeitiako Udala eta Urola Kostako Hitza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!