"Nazkatuta gaude, haserre eta erreta, gureganako indarkeria honek etenik ez duela ikusita"

Ataria 2015ko abu. 21a, 20:12

Atzo jakin zen Bilboko Abusu auzoan abuztuaren 8an auto batek harrapatuta hil zen emakumea eraila izan zela eta zantzu guztien arabera bere senar ohiak hil zuela. Emakumeen Mundu Martxak guztiz gaitzetsi du erailketa Tolosan egin duen elkarretaratzearekin: "indarkeria matxistaren beste biktima bat delakoan gaude".

Lau dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako emakumeak eta eraso sexistak eta indarkeria matxistagatik atzemandako gizonen kopurua handia izaten ari da uda honetan. Horregatik, Emakumeen Mundu Martxatik zera esan dute: "Nazkatuta gaude, haserre eta erreta, emakumeonganako indarkeria honek etenik ez duela ikusita, eta honen aurrean behar bezalako larritasunez erantzutera deitzen ditugu, bai jendartea eta bertako eragile sozialak, baina baita arduradun politikoak ere".

Aurtengo udan izan diren eraso sexistei emandako erantzunek sortu dituzten erreakzioek kezka sortzen dietela azaldu dute gaur Tolosan bildu diren emakumeek."Gasteizko Blusa eta Nesken afera izan da ikusgarriena eta gatazkatsuena, non mugimendu feministaren lana zalantzan jarria izan den. Jaiak antolatzen diren espazioetan oraindik ere erresistentzia handiak daude: eraso sexisten inguruko zalantzak, feminismoarekiko errezeloak, edota ezjakintasunean eta antifeminismoan oinarritutako jarrera nahikoa matxistak ere".

Gizonen nagusigoan zein bazterketa anitzetan oinarritutako kultur adierazpen eta fenomenoak irauli egin behar direla uste dute Emakumeen Mundu Martxako kideek, "hauek baitira indarkeria sexistaren erroa".
Esan dutenez, guztion ardura da honen lanketa egitea, "aitzakiarik gabe eta erasotzaileekiko konplizitaterik gabe". Feminismo hitza eta ekintzak ez onartzeko dauden erresistentziak alde batera utzi, eta behingoz gaiari heltzeko deia egin dute. 

Mundu Martxatik emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen alde martxan jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Datorren irailaren 28an martxoan Kurdistanetik abiatutako karabana helduko da Euskal Herrira. Mundu Martxaren nazioarteko IV ekintza izango da, eta honen harira Euskal Herriko bazter guztiak aldarrikapen, ekintza, mobilizazio eta animazioz beteko dira. Tolosan ere izango da horretarako aukera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!