Asiako liztorren eraginez 280 erlauntza kendu dira Gipuzkoan

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 19a, 09:17

2004an iritsi zen Asiako liztorra Gipuzkoara eta Bidasoa aldetik sartu zen. Gipuzkoa osora zabaltzen ari dira ordea, eta Tolosaldera ere iritsi dira.

Iaz 773 habia kendu ziren eta aurtengo aurreikuspenek zifra hori txiki utziko dute. 2015. urtea abiatu zenetik 280 erlauntza kendu dituzte Gipuzkoan. Tranpatzeak egin dira udaberrian zehar eta harrapatu dituzten erreginen kopuruari begiratuta, udazkenean asko ugarituko dira Asiako liztorraren habiak gurean.

Mikel Zubeldia tolosarra, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaria da eta aitortu duenez, "abuztua hasieran Tolosan eta Berrobin ditudan erlauntzak lekuz aldatu behar izan ditut Asiako liztorraren eraginez". Uztaila bukaeran Tolosaldeko Atarian Asiako liztorraren gaiaz aritu zen. Hona hemen azaldutakoak:

Erleak akabatzen dituen Asiako liztorraren zabalkundea geldiezina dela dirudi. Udan eta udazkenean gogor joko duela esaten da. Zer egiten duzue erlezainek, zabalkundea gelditzen saiatzeko?
Bi tranpatze egiten dira; udaberrian eta udazkenean. Udaberrian aurreko urteko erreginak edo sortzaileak harrapatzeko, negua pasa eta gose esnatzen baitira. Udazkenekoa ez da horren eraginkorra, baina ez dugu beste ezer.

Tranpatze datak Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen ditu. Ezin dira edozein momentu eta lekutan jarri, tranpa horietan ez direlako Asiako liztorrak bakarrik erortzen. Gainontzeko intsektuei ere eragiten diete.

Udalek ere jartzen dituzte, ezta?
Gai honen oso gainean dauden herri gutxi batzuetan ere jartzen dituzte tranpak, Donostian, Hernanin eta Oiartzunen, esaterako. Erlezainen elkarteak erlezainei beren erlategietan tranpak jartzeko baimena ematen die. Erleak herri guztietan daude eta erlategi guztietan tranpatzen da.

Tranpatzeak eginda ere, Asiako liztorraren kopurua gora doa.
2011n hasi zenetik aurreikusten genituen pauso guztiak jarraitu ditu; zabalkunde eta kopuruaren aldetik... Urte pare batean udaberriko eguraldi txarrak nolabait geldiarazi du, baina bestela gora doa. Aurten udaberriko tranpatzeetan jaso diren erregina kopuruari erreparatuta udazken hau latza izango da.

Zergatik da horren zaila Asiako liztorraren arazoarekin amaitzea?
Ez dakigu non daukan habia kopuruaren muga. Hazten eta hazten doa, 10 aldiz biderkatzen da; aurten habia bat aurkitzen baduzu, datorren urtean 10 izango dituzu, gutxi gorabehera. Ez dakigu non dagoen muga. Egiten ditugun tranpatzeak ere badu eragina, zerbaitetan laguntzen du, baina ez da erabateko irtenbidea. Urte hauetan eutsi badiogu, tranpatzeengatik izan da. Zain gaude ea norbaitek mirarizko produkturen bat ateratzen duen honekin bukatzeko.

Erlezainok ez duzue liztorraren erabateko desagerpena nahi, hala ere.
Ez eta hori ezinezkoa da, gainera. Egokiena izango litzateke berari bakarrik eragingo dion produktu bat ateratzea, erlezainentzat Asiako liztorraren populazioa jasangarria izatea ahalbidetuko duena. Asiako liztorrak hala ere, ez digu guri bakarrik eragiten, liztor habia bat herrigunean edo herritarretatik gertu arriskutsua da. Fruituei eragiten die, batez ere. Hemen ez dago fruitu askorik eta sagarrari esaterako, nahiz eta zulatua egon, ez dio eragiten, baina sagarra sagardoa egiteko txikitzen ari direnean liztor asko azaltzen da eta arriskutsua da. Liztor helduek fruktosa jaten dute eta habiko larbek proteina behar dute, eta hori erleetatik hartzen dute. Erlauntzan ehizan jartzen dira, izan ere, erlauntzara doan erleak alde batetik, berarentzako fruktosa edo glukosa eramaten du eta bestetik, habiara eramateko proteina.

Erleak bakarrik jaten ditu?
Ez, baina erleak berezitasun hori du, bi gauzak ematen dizkiola batera, proteina eta fruktosa, lan gutxiago egin behar du.

Eta bertako liztorrak ez al du kalterik eragiten?
Hemen badago ere noski, handiagoa, eta erleak harrapatzen ditu, baina ez du zerikusirik Asiako liztorrarekin. Batek eta besteak harrapatzen dituen erle kopuruak ez du zerikusirik, dauden liztor kopuruan ere. Bertako liztorra tarteka ikusten duzu.

Asiako liztorrek habiak segituan egiten dituzte, ezta?
Oso zaila da habi bat egiten ari direla ikustea. Habia handitu arte ez gara konturatzen. Habi primarioak udaberrian egiten dituzte eta laranja baten neurrikoak dira. Astebetean edo egin ditzakete. Orain habi handia egiten hasten dira sekundarioa edo definitiboa esaten diegu, eta horiek irailean metro bateko diametroa izatera iristen dira. Tamaina handikoak egiten dituzte, milaka liztor daude habi bakoitzean.

Nola daude erlezainak arazo honen aurrean?
Etsipen puntu batekin. «Oraingo honetan utziko dut», esaten dute urtero, beti berdin. Eskerrak aurtengo udaberria ona izan den eta poztasun hori dugun; akazia ezti asko dago, erlekumeak indartsu daude...

Asiako liztorraren zabalkundearen abiadura berean ari da desagertzen erlea?
Desagertu ez dakit, baina erlauntz kopuruan galera dezente egon da aurreko urteetan, baina ez Asiako liztorrarengatik bakarrik; barroak ere eragin handia du oraindik, liztorrak baino gehiago akaso. Urtean galtzen den erlauntz kopurua gora doa, udazkenean 10 erlauntza utzi badituzu, udaberrian 6 bat izango dituzu. Udaberria oso ona izan da, hemen behintzat, erlekume asko egin dira, akazia eztia asko atera da, orain ere, ekaina eta uztailean, eztia asko ateratzen ari da... Baina ikusi behar udazkenean Asiako liztorrak zein kalte eragingo duen.

Nola iritsi zen Asiako liztorra hona?
2004-2005 inguruan atzeman zen lehen aldiz. Antza Bordeleko portura iritsi zen Ekialdetik, Txina edo inguru hartatik itsas garraio baten barruan, zeramika edo egurretan. Negua lur azpian edo enbor lehorretan ematen du erreginak, eta horietako baten bat udaberrian esnatuko zen hemen eta zabalkundea hasi.

2011n muga pasa zuen Irun aldetik, lehen kasuak udazken hartan atzeman ziren, eta hortik aurrera leku guztietara zabaldu da; Kantauri itsasoko bazter guztietara, Galiziatik hasita honaino, Portugalen ere dezente, Bartzelona aldera era bai, hegoalderantz batzuk diote Soria aldera zabaldu dela, Vinuesan edo ikusi dutela...

Ezin zarete lasaitu, beraz.
Urte batzuetan pixka bat eutsi ahal izan diogu, baina ez badugu ezer egiten erabat zabalduko da. Espainiar Estatutako leku lehorrenetan ere nola moldatuko den ez dakigu, baina nik uste dut ondo moldatuko dela, erlea ondo bizi bada, liztorra ere bai. Extremadura eta leku horietara ere zabaldu daiteke. Salamanca aldean erle asko dago eta nik uste dut liztor asko egongo dela baita ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!