Gutuna: 'Osakidetzan uniforme artean'

Leire Sagastume Oroz 2015ko uzt. 28a, 10:11

Poltsiko urdindun uniforme zuria, gris kolorekoa, baita berdea ere, uniforme arrosak, nola ez urdinak, bata zurikoak eta goragoko ezezagunei.

Bi seme-alaben ama naiz: bi urteko neskato batena, eta hiru hilabeteko mutiko batena. Nire semeak, jaio zenetik, muki hotsa izan du, eta pediatrarengana joan naizen bakoitzero erantzun bera jaso dut: mukiak filtroekin xurgatu eta suero fisiologikoarekin garbitu niezaiola.

Uztailaren 5ean, ordea, Rhinovirus izeneko birus batek sortutako neurrizko bronkiolitis baten ondorioz ospitaleratu ninduten semearekin batera. Arantzazuko Ospitalean, Donostian, soilik diagnostikatu zioten birus hori semeari. Zortzi egun luzez egon zen ospitalean, eta bitarte horretan, erizain askok duten bokazioa ezagutu ahal izan nuen.

Leku askotan bezala, eguneroko presioaren eraginez erreminduta dagoen jendea dago, eta bezero/pazientearekin ordaintzen du, bai egun txarra izan duelako, baita goikoen aginduengatik ere. Ospitaleko egunerokoan gauza normalak. Eta are gehiago beren egoera kontutan hartuta. Beren egoera diot, Ospitaleko ohar batek harritu egin ninduelako. Bertan zihoen bigarren amatasun planta itxita zutela udan zehar, gastuak ekiditeko, krisiaren eta murrizketen eraginez. Orduan hasi nintzen guztia ulertzen.

Ospitaleratu nindutenean, igande goizetik hurrengo eguneko 15:00ak arte behaketan egon nintzen, gela bat noiz emango zain. Gelaren bat libre uzteko presak ulertu nituen orduan. Bata arrosakoen presioak ulertu nituen, baita urdinekoen pazientzia. Erlojuaren kontra egiten dute lan, eta sarritan behar baino errekurtso eskasagoekin. Bazekiten zerbitzu hobea eman zezaketela, gela batzuk libre bazituztelako eta beste modu batera antolatu lezaketelako guztia. Baina itxita zeuden, murrizketengatik.

Gau batean harrera gelara joan nintzen, esparatrapu eske. Oxigenoa erortzen zitzaion etengabe nire semeari eta nolabait eutsi nahi nuen. Xiringa, botika eta bandeja artean zegoen harrerako erizainak urduri eman zidan eskatutakoa. Kexu zen, ume gehiegi zegoelako ospitalean horren erizain gutxirako. Arrazoi zuen.

16 hilabete zituen neska eder baten ondoan jarri gintuzten gelan. Familiarekin izandako tratua bikaina izan zen, harremana izaten jarraitzen dugu oraindik ere. Txikiak infekzioa zuen odolean, hasiera batean uste zuten moduan pixaren infekzio baten ondorioz. Mukietan, ordea, hiru birus topatu zizkioten: rhinovirusa, albenovirusa eta enterovirusa. Antibiotikoarekin tratatzen ari ziren. Bigarren gelakide bat ere izan genuen, jaioberria, eta hura ere gernuaren infekzioarekin. Ospitaleratzen gaituztenean, jakin badakit birus ezberdinak hartzeko arriskua dugula, ospitaleetan birusak eta bakterioak izaten baitira. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pazienteen %8,7ak infekzioren bat izaten du ospitalean egon den denboran birus bat hartzearen eraginez. Pertsona guztiei ez diete berdin kalte egiten birus hauek. Gaixo geriatrikoak, kimioterapia hartzen dutenak edo jaioberriak dira, besteak beste, arriskurik handiena dutenak.

Hilaren 13an, astelehenean, eman ziguten alta, eta itxura guztien arabera, nire semea ongi zegoen. Ez zuen sukarrik. Zortzi orduro Ventolin delakoa hartzeko esan ziguten.

Nire harridurarako, hilaren 15ean, gauean, berriro ere sukarra izaten hasi zen. Aurreko egunetan pasatakoa ikusita eta odoleko infekzioren bat izan zezakeenaren beldurrez, larrialdietara eraman nuen hurrengo egunean. 07:30ak ziren, eta ordubete beranduago esan zidaten ospitaleratu egingo zutela, meningitis birikoa zuelako. Antibiotikoa zainetatik sartu behar zioten.

Eta berriro ere gelen arazoaz ohartu nintzen. Ez zidaten gelarik eman 14:30ak arte, bat libre utzi behar zutelako. Hortxe imajinatu nituen, erizainak gora eta behera. Esan bezala, nire semeak meningitis birikoa zuen, enterovirus izeneko birus batek sortua, eta isolatuta egon behar zuen. Erizainak maskarekin sartu ziren. Zer aldatu zen, baina, lehen aldiz ospitaleratu zutenetik? Ez al zegoen nire semea egoera ahulean lehen unetik?

Bi egun eta erdiz izan nintzen etxean, eta pentsatu nuen birusa ospitalean hartu zuela. Medikuei galdegin genien baina esan ziguten ez zegoela hori pentsatzeko arrazoirik. Ezezkoa diote, baina denok dakigu zein arrisku ditugun ospitaleratzen gaituztenean. Eta nik pentsatzen jarraitzen dut ospitalean hartu zuela birus hori. Jaioberriak ahulak direla jakinda, nola eduki lezakete planta oso bat itxita? Nola itxaronarazi diezaiokete paziente bati sei ordu eta erdiz gela batean sartzeko? Zergatik ez dituzte lehen unetik isolatzen?

Errekurtso falta deitzen zaio horri. Murrizketek eragindako errekurtso falta. Sistemak inposatutakoak. Eta gu (baita mediku eta erizainak ere) aginduak betetzen dituen inurriak besterik ez garenez ez daukagu ezer egiterik.

Badakit gutun honek ez duela ezertarako balio, baina hau guztia erabakitzen eta antolatzen duenari ikusarazi nahiko nioke gauzak ez daudela ongi. Hala ere, jakingo duelakoan nago. Eta nire semea ez bada ospitalean kutsatu (baliteke horrela izatea), uste dut jaioberriak hasieratik isolatu beharko liratekeela. Beti. Ez soilik umeagatik, baita Gizarte Segurantzan etorkizuneko alferrikako gastuak ekiditeko ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!