Basamortutik mendi aldera

Irati Saizar Artola 2015ko uzt. 22a, 12:49

'Oporrak Bakean' programaren barnean 19 haur saharar etorri dira eskualdera udako bi hilabeteak igarotzera

Basamortuko 50 gradutatik ihesean etorri dira saharrarrak Tolosaldera. Urtero lez, errefuxiatu kanpamenduetan motxilak hartu eta familia bi hilabeterako agurtuta 19 haur etorri dira aurten uda igarotzera. Horietatik 11 Amasako aterpetxean aurkitzen dira, 4 Villabonako familiek hartu dituzte beraien etxeetan, 3kTolosako familietan dute egoitza eta bat Alegiako familia batekin bizi da.

Aspaldian sortu zen horrelako programa baten beharra eta 2000. urtean abiatu zen Oporrak Bakean izenpean. Programako koordinatzailea den Ana Traperok helburu orokorrak argi utzi nahi izan ditu: «Bi hilabetez bada ere, 8 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetatik ateratzea eta bide batez, basamortuan udako bi hilabete hauetan pairatzen dituzten tenperatura altuetatik babestea».

Iritsi bezain laster mediku azterketak gauzatzen zaizkie eta oinarrizko arazoak konpontzeko bidean jartzen dira. Bakoitzaren berezitasunaren arabera, behar dutenak okulistarengana joaten dira edo otorrinoarengana.

Bestalde, hona etortzean, elikadura gabezien ondorioz sortutako kalteei aurre egiten diete. Kontuan hartu behar da han ez dutela egunero arraina, haragia, barazkiak edo fruta jateko aukerarik. Hemen pasatzen dituzten bi hilabeteren ondoren, ordea, indarberrituta bueltatzen dira urte guztia osasuntsu igarotzeko.

Azkenik, programak helburu politikoa ere baduela esan du Traperok: «Euren herriak pairatzen duen egoera ezagutaraztera ematen dute». Hona etortzean, jendeak galdetu egiten diete ea nondik datozen eta zergatik dauden hemen. Azken batean, beraiek dira testigu fidagarrienak bizi duten egoera salatzeko eta ezagutarazteko. «Beraiek dira saharar enbaxadore hoberenak».

Elkarbizitza hau bi aldeentzat da aberasgarri, bi herrien arteko kultur trukaketa gertatzen baita. Hango haur gehienek ez dakite basamortuez gain zer dagoen eta hona etortzean, itsasoa, mendia eta bide batez, Euskal Herriko txoko politenak ikusteko aukera izaten dute. Hemengoek, aldiz, haiek erakusten dizkieten balore, kultura eta egoera ezagutzeko aukera izaten dute.

Guztia finantzatzeko erantzukizun handiena Tolosaldeko udalek dutela azaldu du Traperok. «Bidaiarako hegazkin txartelak, osasungintzako eta koordinazio lanetako gastuak udalen esku geratzen dira». Haurren mantenuaz, esaterako janariaz eta arropaz, familiak beraiek arduratzen dira.

Apaiz etxea sahararren etxe

Iaz etxe baten beharra zegoela ikusi eta Amasako apaiz etxea toki egokia zela pentsatu zuten programako kideek. Eli Eizagirre aterpetxeko arduradunak azaldu duenez, «Bittor apaizarekin hartu emanean jarri ginen eta ez zuen inolako oztoporik jarri». Iazko esperientzia kontuan hartuta, aurten berriro errepikatu dute. «Familia handi batek bezala funtzionatzen dugu». Aurreikusita dituzten ekimenen arabera, esnatzeko ordu bat jartzen dute eta eguna era batera edo bestera antolatzen dute. Egiten dituzten ekintzak gehienetan gonbidapenak izaten dira, hala nola, inguruko herrietako jaiak, ikuskizunak eta ekintzak.

Aterpetxeko zaintza lanak egiteko elkarteko kideen artean moldatzen dira. «Astez lau lagunek hartzen dugu aterpetxeko ardura eta asteburuan beste bat etortzen da laguntzera», azaldu du Eizagirrek. «Urte guztiko lanaren ondorioz lortzen dugu aterpetxea haur hauentzat zabalik egotea. Zenbait elkarteren laguntza ere jasotzen dugu, baita inguruko udalena ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!