Turisten egonaldia erraztuko duen tresna, prest

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 17a, 16:12

Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak agenda batean bildu ditu eskualdeko festa eta ostalaritza datuak.

Gipuzkoako bihotza ezagutzera bertaratzen diren turistek bertako nortasuna duten ohiturak ezagutzea atsegin dute; hori diote, behintzat, Tolosaldea Garatzeneko turismo teknikari Olatz Illarregik eta Koldobika Jauregi eskulturgileak. Bide horretan eta, behar praktiko baten haritik, Kolorez betetako uda agenda sortu dute, turisten egonaldiak erraztu eta Tolosaldea hobeto ezagutarazteko.

Alkizako Urmara museoan egin dute aurkezpena, izan ere, museoko arduradun Koldobika Jauregiren ideia izan zen, agenda osatzearena: "Ni kanpora joaten naizenean, hango jarduerak ezagutzea gustatzen zait. Badira gauza tipikoak, baina, beste batzuk ezkutuan geratzen dira. Horregatik, oso interesgarria da guztia eskura izatea", dio Jauregik. Horrela, Olatz Illarregik azaldu duenez, eragileen mahaian adostu zuten eskulturgilearen proposamenarekin aurrera jarraitzea: "Nekazal turismoetako arduradunek ere askotan eskatu izan digute antzeko zerbait".

Agendak oinarrizko informazioa izango du, turistentzat. Batetik, inguruko festa guztien agenda bildu dute esku orrian, ospakizunen datekin; jarduera zehatzak webgunean ikusgai izango dira. "Bisitariek eskertu egiten dute basque style hori ezagutzea", dio Illarregik. Bide beretik, Tolosaldeko museoen – Topic, Urmara, Gorrotxategi, Txindokiko itzala eta Larraulgo ekomuseoa – ordutegiak eta jarduerak ere txertatu dituzte agendan eta, azkenik, ostalaritzari egin diote txoko bat: Tolosa Gourmet-eko taberna, jatetxe, ekoizle nahiz denden ordutegi eta oporraldiak adierazi dituzte, telefono zenbaki eta helbideekin batera.

Argitalpen berria Larraitzen, Tolosaldea Tour-eko bulegoan, museo guztietan, ostatuetan nahiz Tolosa Gourmet establezimenduetan banatuko dute, hartu nahi duenarentzat. "Nire ustez, zalantzari gabe onura ekarriko duen egitasmoa da honakoa, bidaia erraztuko baitie askori; lehen pauso txiki eta polita da", azaldu du Jauregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!