Bigarren eskutik bizi berria

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 17a, 13:11

Erosi, bizpahiru aldiz erabili eta zakarretara bota. Keinu hori behin eta berriro errepikatzera garamatza gaur egungo kontsumismoak. Gurpil zoro horri balazta jarri eta beste era batetara bizitzeko proposamena luzatzen digute bigarren eskuko dendek. Tolosaldean badira adibideak.

Erabiliz berritu. Bizitza laburra ematen diegu egunero erabiltzen ditugun tresna eta jantziei eta askotan ez dira hondatuta egoten. Beste batzuetan, konponketa txiki bat nahikoa dute berriz erabili ahal izateko. Eta aspertuz gero? Beste ukitu bat eman eta erabilera berria aurki diezaiekegu.

Tolosako Kale Nagusian dagoen Skunkfunk dendan berrerabilpen eta birziklatzerekin kontzientziatuta daude aspalditik. Ainara Etxeberria (Tolosa, 1976) da bertako arduraduna eta azaldu duenez, «Zuzeu dendaren parean gaude eta nik jendeari bertara joatea gomendatzen diot. Han hartzen ez dizkieten arropak hemen utzi ditzakete». Ontzi moduko bat dute prestatuta dendan eta han erabilitako jantziak uzten dituenak bost euroko bonoa jasotzen du, gero, Skunkfunken erabili ahal izateko.

«Oraindik ere erabiltzeko moduan dauden arropak eta zapatak munduko beste txokoetara bidaltzen dira han produktu horiei probetxua atera ahal izateko», dio Etxeberriak. Zortzi bat urte dira, Skunkfunk markaren frankiziaren ardura dutela Tolosan. Marka horrek, ahalegin berezia egiten du iraunkortasunaren alde. «Mundu mailan moda mailako enpresen artean hamargarren tokian kokatuta gaude, iraunkortasun arloan». Dendan jarrita daukaten kutxan jaso eta berriz erabiltzeko moduan ez dauden arropa eta zapatei erabilpen berria ematen zaie: material isolatzaileak egiten dituzte, autoentzako betegarriak, lurzoruentzako tapakiak, gurpilak... «Plastikozko botilekin poliesterreko ehunak egiten ditu Skunkfunkek eta zuhaitzen enborraren erretxinarekin poltsak egiteko materiala ateratzen dute, larru itxura duena. 2020rako kotoi guztia organikoa izatea da helburua. Landare hazia sartzen denetik, kate guztia jasangarria izatea da asmoa».

Berrerabiltze eta birziklatzearen mugan kokatzen da Tolosako Alde Zaharrean dagoen denda. Dagoeneko erabilitako ehunak tratatu eta beste erabilpen batzuetara bideratzen baitira. Baina badira, erabiliaren erabiliaz hondatzen diren produktuak eta konponketa baten beharra izaten dutenak. Kontsumo ohiturak asko aldatu dira eta gaur egun ez dira produktuak hainbeste berrerabiltzen. Izorratzen zaizkigunean berri bategatik aldatzen ditugu. Desagertzear daude beraz, garai bateko ofizio asko: zapatariak, erlojugileak, modistak... Ofizio horietako batean aritzen da Juanjo Villena (Bartzelona, 1968). Villabonako Santiago kalean zapatak konpontzeko Azkar denda du: «Krisiaren hasieran lan asko egin genuen baina azkeneko sei hilabeetan dezente jaitsi da hemengo martxa». 26 urte daramatza Villenak negozio honetan eta batez ere oinetakoak eta poltsak konpontzen jarduten du. «Guk nola hala eusten diogu baina Gipuzkoan zapata denda askok itxi dute. Kontrakoa dirudien arren guri komeni zaigu haiek ondo lan egitea, saltzen dituzten oinetakoak konponduko ditugulako gero guk. Gaur egun ordea, jendea beste era batera ohituta dago. Kalitatezko oinetakoak erosi beharrean, merkeak hartu eta haiek puskatzen direnean berriak erosten dituzte. Egunean egunekoan bizi da jende gehiena».

Erabilitako arropatako asko, berriz erabiltzeko moduan egoten da eta jantzi horiei guztiei erabilera bat eman diezaiekegula uste du Lidia Hernandezek (Tolosa, 1986), Zuzeu dendako arduraduna da: «Orain arte, erabiltzen ez dugun arropa edukiontzietara bota izan dugu zaborra bailitzan. Baina ez gara jabetzen gero, guk doan ematen ditugun arropei etekina ateratzen dietela beste batzuek». Hori da Tolosako Kale Nagusian dagoen denda honen asmoa, bigarren eskuko arropari balio bat ematea. Bitartekari lanak egiten ditu Hernandezek eta espazio bat eskaini: «Abuztuan bi urte egingo ditu denda zabaldu genuela eta Tolosa Merkat egitasmoari esker jarri genuen martxan».

Hileko azkeneko zazpi egunetan jasotzen ditu bigarren eskuko arropak Zuzeu dendan. «Berehala bereizten ditut, alde batera eta bestera, saltzeko moduan dauden arropak eta ez daudenak. Egoera onean dauden horiengatik euro bat eta sei euro artean ordaintzen dut momentuan eta gero gehienera 20-21 eurotan saltzen dut gero. Inditex firmako arropak dira gehienak». Baina badira beste produktu batzuk balio handiagoa dutenak: «Horiek deposituan uzten dira, eta prezio bat adosten da jabea eta nire artean. Eta saltzen den momentuan irabaziak elkarbanatzen ditugu». Zapatak, ezkontzetako soinekoak edo traje bereziak izaten dira horiek eta prezio handiagoan jartzen dituzte salgai.

Hernandezek bere bitxi propioak egiten ditu eta salgai jartzen ditu bere dendan. Aurreko Eguberrietarako katiluak diseinatu zituen euskarazko idazkunekin. Herriko hainbat sortzaileentzako tokia ere badago Zuzeun, Hariak izenarekin herriko bi gaztek eskuz egindako arropak jartzen ditu salgai Hernandezek.

Naiara Olanok (Zizurkil, 1981) Tolosako Aroztegieta kalean martxan jarri duen Triku proiektuak ere badu zentzu komunitarioa. «Urteak eman ditut bigarren eskuko azoketan postuak jarriz eta benetako artistak ezagutu ditut han-hemenka. Pertsona horiei aukera bat eman nahi nieke eta egiten dituzten artisau lanak salgai jarriko ditut dendan. Laguntza txiki hori askotan erabakigarria da esklusio egoeran erortzeko zorian dauden pertsonentzat».



Nazioarteko Ingurumen Egunaren bueltan antolatu izan dira bigarren eskuko azokak Tolosaldean eta Zizurkilen ere egin izan dute hilean behin Olanok berak bultzatuta, baina ez da egonkortu hitzordu finkorik. «Hondarribian igandeetan egiten den Brocante feria da hemen inguruan egiten den handiena eta bertan postua jartzeko 15 euro ordaindu behar dira. Errenterian, Pasaian eta Trintxerpen ere egiten dira azoka garrantzitsuak». Ibilbide horretan jasotako esperientziatik abiatuta maiatzaren 13an zabaldu zuen Olanok Triku denda Tolosan.

«Donostiako elikagai banku bateko kideekin harremanetan jarri nintzen aurrena eta asko lagundu zidaten, haiek jaso eta banatzen ez zituzten produktuak eman zizkidaten nik saltzeko. Izan ere, nire asmoa hori da, elkarlanean aritzea jendearekin. Proiektu honek badu alde solidarioa ere, jasoko dudan diruaren zati bat, adibidez, Nikaraguara edo Ukrainiara bideratzeko asmoa dut. Etxegabetzeko arriskuan dagoen familia batekin ere harremanetan nago zertan lagundu dezakegun aztertzeko».

Badira Triku dendara produktuak doan eramaten dituztenak, elkartasun keinu gisa. Baina gainerakoekin bitartekari lana egiten du Olanok. «Garrantzitsuena produktua saldu eta berrerabili ahal izatea da. Normalean 100 euro arteko produktuetan irabaziak erdibana joaten dira jabearen eta dendaren artean. Hortik gorakoetan deposituan utzi daitezke gauzak eta salneurriak eta irabaziak negoziatu egiten ditugu».



Aurrera begira tailerrak egin asmo dituzte Triku dendan. Arropei erabilera berriak eman eta do it yourself filosofiari jarraiki ikastaroak antolatuko dituzte. «Beste era batera bizitzen ikasi behar dugu, eskuz egindako gauzak lehenetsi eta egindakoak berrerabili behar ditugu. Krisi honek horixe erakutsi digu, lehengo bizimodura itzuli beharko genukeela».

Gertuko harremana sustatu nahi du Olanok dendara gerturatzen diren herritarrekin eta haiei zuzeneko arreta eskaini: «Pertsona baten intereseko gauzaren bat iristen denean, deitu eta dendatik pasatzeko gonbita luzatzen diot. Gainera, estatu osoko bigarren eskuko beste zazpi dendekin harremanetan nago eta sare horren bitartez ere eskura ditzaket hemen Tolosan falta zaizkigun produktuak».

Mota guztietako gauzak topa daitezke Tolosako Alde Zaharrean kokatuta dagoen dendan. Gehienbat bigarren eskuko arropa eta jostailuak dira aurkitu daitezkeenak. Baina liburuak, lanparak, kirola egiteko materiala, etxetresnak... guztiak du bere tokia Trikun. Olanok dioenez, «Oso egoera onean dauden produktuak dira eta gainera prezio merkean eskuratu daitezke».

«Erreparoa». Bigarren eskuko produktuak erabiltzeko orduan askok jartzen duten aitzakia da eta Lidia Hernandez ez dago horrekin konforme: «Asko eta asko bizi gara bigarren eskuko etxeetan eta aurretik beste batzuk erabili dituzten autoak erosten ditugu. Zergatik ez egoera onean dauden bigarren eskuko jantziak erosi? Ez gara barruko arropaz ari». Europako beste hainbat herrialdeetan kultura hori zabalduago dagoela uste du Hernandezek eta bere denda «Berlingo zatitxo bat da Tolosako Alde Zaharrean». Iritzi berekoa da Naiara Olano: «Eskakizun mailak ezin du berdina izan, baina hemen benetako altxorrak topa ditzakezu, erosi berrien inbidiarik gabekoak». Oraindik ere, ohitura hori sustatu beharra dagoela uste dute sektore honetan ari diren bi emakumeek.

Berrerabilguneak Andoainen eta Tolosan

Bai Zuzeun eta baita Trikun ere haurrek badute bere txoko propioa eta bigarren eskuko jostailuak dira, adibidez, Tolosako San Blas auzoko Berrerabilgunean gehien eskatzen dituztenak. «Batez ere umeentzako jostailuak, liburuak eta dekoraziorako pitxiak uzten dituzte hemen», aipatu du Tolosako Garbiguneko langile batek. 2012ko ekainean inauguratu zuten Berrerabilgunea Tolosako San Blas auzoan eta beste bat ere badago kokatuta Andoaingo Garbigunean. Biak Tolosaldeko Mankomunitatik koordinatzen dira.

Gema Ezeiza ingurumen teknikariak emandako datuen arabera, «iaz 374 erabiltzaile izan ziren Tolosako Berrerabilgunean eta 610, berriz, Andoaingoan». Aurten, ekainera bitarteko erabiltzaileen datuak ere eman dituzte mankomunitatetik: 146 Tolosan eta 399 Andoainen. Funtzionamendu erraza du zerbitzuak: nahi diren produktuak utzi daitezke Berrerabilgunetan eta egunean gehienez bi gauza eraman daitezke. «Tarteka badira balio handiagoa duten gauzak, bizikletak esate baterako. Denbora gutxi egiten dute hemen, ordea, berehala eramaten baitituzte», dio Garbiguneko langileak.

Tolosaldeko Mankomunitatea 1998. urte amaieran eratutako erakunde publikoa da. 28 udalerrik osatzen dute —Bidania-Goiatz ez da barruan sartzen eta Andoain bai— eta sortutako hiri hondakinak kudeatzea du helburu. Hondakin horiek murriztu eta birziklatzera bideratutako ekimenak gauzatzen ditu mankomunitateak eta sentsibilizazio eta kanpainak ere antolatu ohi ditu. Hain zuzen, hondakinak berrerabiltzeari begira, poltsa berrerabilgarrien eta pardel berrerabilgarrien kanpainak jarri izan dituzte martxan azken urteetan.

Aurreko ekainean abiarazi zuen Tolosaldeko Mankomunitateak Etorkizuna da kanpaina. 0 eta 2 urte arteko haurrek sortzen duten pixoihal kopurua murriztea da helburua, izan ere, haur bakoitzak 4.700 pardel inguru sortzen ditu epe horretan, hau da, 1.700 tona inguru. Kanpainaren barruan 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten Tolosaldeko 50 familiari pixoihalak berrerabilgarriak erdi prezioan erabiltzeko aukera emango diete. 50 familia hauek sei estalki, 18 xurgatzaile eta hiru ordezko pieza dituen kutxa jasoko dute. Kutxak 230 euro balio ditu, baina Mankomunitateak erdia itzuliko diete sei hilabeteko epean. Hau guztiaren berri emateko Mankomunitateak hitzaldiak antolatu ditu Tolosaldeko bost herritan ekainean zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!