36ko gerrako borroka tokiak berreskuratu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2015ko uzt. 16a, 17:56

Zarateko Haitzaren magal batean 36ko gerrarako eraikitako lubaki bat bistarazi dute Gerra Zibila 1936-1937: Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila auzolandegian parte hartu duten gazteek. Bala zorroak eta bestelako materialak topatu dituzte.

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udal ordezkariak, Aranzadi zientzia elkartekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan dira egindako lanak erakusteko ekitaldian. Asteasuko alkate Pili Legarrak hitz egin du bertara bildutakoen aurrean: "hauek dira euskal erresistentziaren lehen mugarriak. Memoria historikoan ahaztuta dagoen tokia den arren, borroka handiak izan ziren hemen eta ehun lagun inguru hil zen bertan, tartean zibilak".

Candido Sasetak gidatu zituen Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo lurretan borrokan aritu ziren tropak. Legarrak adierazi duenez, "36ko gerran gertatutako ezagutarazteko ez da nahikoa memoria tokiak berreskuratzea edo gudariak egin zituzten defentsa sistemei ondare balioa ematea. Jarduera eremua zabaldu beharra dago, dokumentu historikoak jasoz eta testigantzak bilduz". 

Dibulgazioan alorrean eman nahi dute hurrengo urratsa. "Erakundeok konpromisoa adierazten dugu, ikerketa fasean jasotako ezagutza guztia euskal gizarteari transmititzeko". Argitalpen baten bidez egingo dute hori guztia eta Legarrak adierazi duenez bidean dagoen proiektua da.

Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateordeak eskerrak eman dizkie egunotan lanean aritu diren gazteei eta nabarmendu duenez, "lan kolektiboa da hau; egia, justizia eta erreparazioarekiko konpromisoa agertzen dugu beste behin ere. Gertatutakoaren egia bilatu, tokiko erakunde gisa justizia egin eta azkenik, gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak jasan zituztenak erreparatu. Hori da gure egitekoa".

Amenabarrek auzolandegiak duen balio erantsia azpimarratu du: "aztarna horien atzetik gazteak aritu dira bi asteotan. Egia azaleratzeaz gain, egia horren transmisioan laguntzen du proiektu honek".

Aranzadik hiru urte daramatza lan egiten eremu  honetan. "Lehenengo gudariek aurre egin zieten frankistei eta oroimen hori berreskuratzek asmoz ari gara lanean. Dokumentazio eta ahozko testigantzen bila aritu gara eta lan arkeologikoa ere egin dugu. Horrela, zonalde honetan benetan zer gertatu zen jakingo dugu", aipatu dute zientzia elkarteko kideek.

10 gazte inguru aritu dira egunotan sasiak hartua zuen lubakien eremua garbitzen. Egindako ahaleginaren emaitza ikusi ahal izan da gaur. Hainbat aurkikuntza ere egin dituzte: "gehienbat bala zorroak aurkitu ditugu; fusilen orraziak agertu dira eta gehienak puskatuta agertu dira. Armamentua noiz egin zuten ere agertzen da bala zorroetan eta 1917 eta 1918an egindakoak dira gehienak". Frankistei aurre egiteko gudari eta milizianoek eraikitako lubakiak garbitu dituzte auzolandegitan eta beraz haienak dira topatutako bala zorroak gehienak. Baina frankisten armamentua ere aurkitu dute: "berunezkoa zen, adibidez, karlistek erabiltzen zuten munizioa eta horrelako balak topatu ditugu". Lubakitik kanpo agertu dira zorro horiek, "tiro egiten zutenean, zorroa atzera erortzen zelako". Kupel baten tira metalikoak, iltzeak, botilen arrastoak eta animalien hezurren bat ere aurkitu dute egunotan lubaki horien inguruan.

Zaratzeko Haitzaren inguruan indusketa lanak egiteaz gainera, beste hainbat toki ere bisitatu dituzte parte hartzaileek: Oiartzun eta Elgetan izan dira, esate baterako. Gainera, Zizurkil, Asteasu eta Adunan ospatutako hitzaldietan ere izan dira entzule gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!