Irazustabarrena txapelaren bila

Asier Imaz 2015ko uzt. 17a, 07:23

Alegian, Villabonan, Amezketan eta Adunan pilota partidak jokatuko dira asteburuan. Horien barruan, lau finalak izango dira.

Aratz Irazustabarrena alegiarrak Zornotzako Master Kaiola Txapelketako finala jokatuko du bihar, 18:30ean hasiko den jaialdian. Amorebieta IV.a pilotalekuan jokatuko da partida, kadeteen finalaren ondoren. Intxurreko pilotariak, lau t’erdian, Petite errioxarra izango du aurrean.

Egun berean, Irazustabarrenaren herrian, pilota jaialdia antolatu dute Karmen jaien barruan. 18:00etan hasiko dira partidak. Lehenik herriko txapelketaren finalak jokatuko dira, eta ondoren, profesionalen partida. Lehen lehia kadeteen artekoa izango da, Alberdi-A. Zubeldiak Arandia-O. Zubeldiaren aurka jokatuko dute. Ondoren, afizionatuetan, Arteaga-Erasun eta Eneko Labaka-Telletxea ariko dira txapelaren bila. Hirugarren partida izango da profesionalena. Etxeko pilotaria den Artolak Izarekin osatuko du bikotea, Idoate-Beginoren aurka.

Hauek ez dira asteburuko final bakarrak, izan ere, igandean Villabonan, 11:00etan hasita, Gipuzkoako Errebote Txapelketako finala jokatuko dute Zubieta 1-ek eta Txost-ek.

Joxan Tolosa eta Trans-Ernio
Amezketan eta Adunan oraindik finalak urrun dituzte. Joxan Tolosa Txapelketan, gaur eta bihar, 21:00etatik aurrera, hiruna partida jokatuko dira: kadete, gazte eta nagusien mailakoak.
Adunan, Trans-Ernio Txapelketaren barruan, final laurdenetako partidak jokatuko dira larunbatean eta igandean. Bi jaialdiak 10:00etan hasiko dira, Adunako pilotalekuan, eta egun bakoitzean hiruna partida jokatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!