Peciña mendizaleari txoko bat egin diote Uzturre inguruan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko uztailaren 16a

Tximista batek jota hildako mendizale tolosarra omendu dute, bere jaiotzaren mendeurrenean

Tolosa CFko mendi sailak ekitaldi berezi-berezia egin berri du, Uzturre inguruan. Jose Mari Peciñaren omenezko oroigarri bat jarri dute, haren jaiotzaren mendeurrenean.

Peciña Elgoibarren jaio zen 1915eko uztailean, baina Tolosan bizi izan zen gazte-gaztetatik. Tolosa CFeko mendi saileko lehendakaria izan zen mendizalea eta, bide horretan, berak sustatu zituen herriko lehen mendi jarduerak: Euskal Herriko hainbat menditan gutunontziak ezartzea bere proposamena izan zen, eta baita Hernioko Orientazio Mahaia jartzearena ere.

Aitzindari sena zuen, dudarik, gabe, eta nortasun hori mendizaletasunarekin uztartuz, zenbait lorpen gogoangarri ere eskuratu zituen. Izan ere, 1951. urtean, Jose Arrate eta Antxon Saenz de Basagoitia lagun zituela, Txindokirako biderik zuzenena ireki zuten estreinakoz, ertz-arista delakoa. Lehenak izan ziren tontorrera bide horretatik igotzen, eta eskualdean eskaladaren lehen urratsetakoak izan ziren.

Jose Mari Peciña, gainera, Pyrenaica mendi aldizkari entzutetsuko zuzendari ere izan zen.

Lorpenak lorpen, ordea, gertakari tamalgarri batek itzal egin zion haren izenari, 1953an. Uztailaren 18an, Mont Blanc-eko tontorrera iristea lortu zuen, Yanque, Bacigalupe eta Ugartetxerekin batera, baina jaitsieran, tximista batek harrapatu zituen mendizaleak.

Modu hartan zendu zen Jose Mari Peciña eta, haren heriotzaren ondoren, zezen plaza inguruko bizilagunek bere oroimenezko xafla bat egin zuten; Juanito Lopek bere bustua ere zizelkatu zuen, baina denboraren poderioz zaharkitu da.

Horrela, beraz, Peciñaren jaiotzaren mendeurrena baliatuz, haren jarduna plazaratu nahi izan du, berriro, Tolosa CFk, eta Uzturre inguruan oroitarri bat ezarri berri diote, omenaldi txiki batekin; Nicolas Castrok zizelkatu du lana.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!