Eskualdeko langabetuek merkatura jauzi egiteko aukera izango dute II. Enplegunen

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 15a, 15:23
Maria Jesus Arrigain, Olatz Peon eta Joxe Luis Urdangarin izan dira agerraldian.

Urriaren 1ean eta 2an izango da enplegu azoka; iazko emaitzarekin gustura geratu ziren, eta 8 lanpostu gehiago eskainiko dituzte aurten.

Iazko ikasturtea abiarazteko berrikuntza nabarmena izan zen, Lehiberri zentroan ospatutako Enplegune enplegu azoka. Egitasmoak emaitza bikainak eman zituenez, proiektua errepikatuko dute antolatzaileek, eskaintza zabalduz; iaz baino 8 lanpostu gehiago izango dira azokan.

Enplegune eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana da, eta Tolosaldeko Lehiakortasunerako Plan Estrategikoaren zati da. Bide horretan, Lanbidek eskualdean lana sustatzeko bideraturiko diru laguntza enpresa pribatuei helaraztea erabaki zuten iaz, sortutako kontratazio horiek jarraikortasun aukera izateko, sare publikoan ez bezala. Horrela, 366.060 eurokoa izango da finantziazio hori.

Ekainekoak dira azken langabezia datuak eta, eskualdean, 2.951 pertsona daude lanik gabe, %13a. Tolosaldea Garatzeneko Joxe Luis Urdangarinek "datu kezkagarriak" direla onartu zuen agerraldian, baina 2012. urteaz geroztik joera hobetzekoa izaten ari dela azaldu zuen; 3.200 langabetuko mugara iritsi zen, orduan, Tolosaldea. Aipatzekoa da, gainera, langabetuen %56 emakumezkoak direla eta, gizonezkoak, berriz, %44.

Egoera horri irtenbide bat emateko formula gisa sorturiko Enplegunek, horrela, emaitza bikainak eman zituen iaz. Batetik, eskualdeko enpresen artean egindako prospekzioetan 600 enpresa harremanetan jarri ziren Tolosaldea Garatzenekin, eta 4.125 lanpostu artatu zituzten, guztira. Enplegu azokaren ondoren, 42 kontratazio egin zituzten enpresek, eta egitasmoko diru laguntza epea amaituta ere, langileen erdiek lanean jarraitzen dute oraindik.

Pizgarri bizia, enpresa nahiz langabetuentzat

Enplegune enplegu azokako egitasmoak diru laguntzak eskaintzen dizkie Tolosaldeko enpresei, kontratazioak egiteko; aipatzekoa da, eskualdeko enpresen %93 enpresa txiki eta ertainak direla, eta zailtasunak izaten dituztela, oro har, jendea kontratatzeko.

Horregatik, 55 langabetu enpresa interesdunetan kokatzeko bidea izango da Enplegune. 366.060 euroko diru laguntza horrekin, enpresei kontratazio bakoitzaren %75 finantzatuko diete, soldata eta gizarte segurantza barne. Horrela, sei hilabeteko kontratuak egin beharko dituzte, lanaldi osoan, urritik aurrera eta maiatzaren 30a bitarte.

Kontratu bakoitzaren truke, enpresak 6.000 euroko ditu laguntza jaso ahal izango du, gehienez ere; kolektibo berezien kasuan, berriz, – 35 urte baino gutxiagoko langileak, azken 18 hilabeteetan 12 hilabetez jarraian langabezian daudenak edo RGIa jasotzen ari direnak– 9.000 euroko finantziazioa jasoko dute, asko jota.

Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak azaldu duenez, "langabetuen lan merkaturatzea da helbururik behinena", baina baita kontratazioen inertzia sortzea ere: "Beldurra kendu nahi diegu enpresei, eta horrelako egitasmoak oso pizgarri garrantzitsua dira, epe labur edo ertainean kontratazioren bat egin nahi dutenentzat".

Horrenbestez, Enplegune egitasmoan parte hartzeko interesa duten herritar nahiz enpresek Tolosaldea Garatzenen jaso ahal izango dute informazio guztia, Lehiberrira bertaratuz, 943 65 45 01 telefonora deituz nahiz lehiberri@lehiberri.es helbidera idatziz. Enpresek Tolosaldekoak izan beharko dute, eta langabetuek, berriz, Lanbiden izena emanda egon beharko dute, parte hartzeko; irailaren 11n itxiko dute enpresen lan eskaintzak jasotzeko epea.

Behin izen-ematea zabalduta, antolatzaileek eskatzaileen nahiz eskaintzen zerrenda osatuko dute, eta enplegu azokaren funtzionamendu osoa azaltzeko, informazio saioak antolatuko dituzte, irailaren 14tik 18ra bitarte, egunero, 10:00etan, Lehiberri zentroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!