Zein baino zein gogorragoa

Asier Imaz 2015ko uzt. 14a, 10:56

Iker Karrerak bederatzigarren amaitu du Hardrock proba ikusgarria.

Ehunmilak Ultratrail proba eskualdetik igaro zen larunbatean. Lasterketa benetan gogorra, eta Tolosako anoa gunean hori nabaritu zen: guztira 215 parte hartzaile iritsi ziren, eta horietatik 17 lasterketa utzi behar izan zuten. Hala eta guztiz ere, duela bi urte baino denbora hobearekin iritsi ziren lehenengoak Usabal inguruetara. Juan Carlos Sagastume izan zen Tolosara iristen lehena, 10:05:56ko denborarekin. Jerome Rodrigues bigarrenari 11 minutuko aldea ateratzen zion Guatemalakoak. 12 minutura ondoren proba irabazi zuen Imanol Aleson azkoitiarra iritsi zen. Emakumeetan ez zen horrelakorik gertatu. Helmugan lehena izan zen Jaione Sasieta itsasoarra izan zen lasterketa buru proba guztian, eta ondorioz, baita Usabalen ere.


168 kilometroko ibilbidea duen proban bi gune garrantzitsu daude, eta horietako bat Tolosako Usabal kiroldegikoa da. David Jaular bertako arduradunak azaldu zuenez, «parte hartzaileek esan zioten hotel batean bezala egoteko aukera izan zutela Usabalen. Leku estalia da, goxoa, ibilbideko beste batzuekin alderatuta, eta bertan izan dute jatekoa, dutxak, masajea, medikua... Motxilak ere utzi dituzte aurretik, eta arropaz aldatzeko aukera izan dute».


Larunbateko 10:30erako 180 parte hartzaile pasatu ziren Tolosako gunetik, eta horietatik zazpik utzi zuten proba. Juan Carlos Sagastume guatemalarra 04:06ean pasa zen.


Tolosako guneaz gain, eskualdean beste lau zeuden: Zelatun, Jazkue gaina, Amezketa eta Txindoki.
Eskualdera iritsi aurretik izan zen aipatzeko moduko ezbehar bakarra. Goierriko Hitzak zabaldu zuenez, ostiralean Urretxun korrikalari bati bihotzekoak eman zion. Antolakuntzak argitu zuenez bere egoerak hobera egin zuen ondorengo orduetan: «Proban parte hartzen ari zen 56 urteko atleta beasaindar batek Urretxuko Ederrena frontoian izan zuen ondoeza, jan-edan gunean. Bihotzekoa han izan zuen. Antolakuntzako mediku batek eta ultratrailean partaide zen beste mediku batek artatu zuten, lehen unean. Desfibriladore bat ere bazegoen, tokian bertan. Donostiako Ospitalera eraman zuten, ebakuntza egitera. Atzo kordea berreskuratuta eta egonkor zegoen».


G2Handiak, berastegiarrak
Ehunmilak probarekin batera Marimurumendi maratoia eta Goierriko Bi Handiak mendi lasterketak abiatu ziren Beasaindik. Azken horren irteera ostiralean izan zen, 23:00etan. Parte hartzaile ugari izan ziren gainera, 493. Antolakuntzatik jakinarazi zutenez, «inoiz baino gehiago». 88 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten, Txindoki eta Aizkorriko puntak zapalduz.  


Helmugan oñatiar bat izan zen azkarrena. Jokin Garaik 10 ordu, 13 minutu eta 50 segundo behar izan zuen ibilbidea osatzeko. Jon Azpiroz berastegiarra izan zen bigarrena, ia bost minutura: 10:18:19. Bosgarren postuan beste berastegiar bat helmugaratu zen, Iban Agirrezabala, 10:56:41eko denborarekin. Eskualdeko hirugarrena, Luis Lasa ibartarra izan zen, zortzigarren, 11 ordu, 16 minutu eta 34segundoko denborarekin.


Hardrock 100, Iker Karrera
Euskal Herritik kanpo Ultratrail proba ospetsuenetakoa jokatu zen Ameriketako Estatu Batuetan: Hardrock Endurance Run. Honek ere 100 miliatako distantzia zuen. Iker Karrera amezketarraren urteko helburu nagusia zen proba hau, baina bertan parte hartu edo ez zalantzatan izan zen azken momentura arte, lesio bat medio. Proban izatea erabaki zuen Karrerak azkenean, baina sailkapena borrokatzeko inongo esperantzarik gabe. Lasterketa atarian hau idatzi zuen amezketarrak bere facebook orrian: «Ordulariaz ahaztu eta proba bukatzea izango da helburua, ahalik eta gehien gozatuz, nahiz eta jakin oso gogorra izango dela».


Beti bezain fin ibili zirenak Kilian Jornet eta Anna Frost izan ziren, Hardrock-en irabazleak. Kataluinarrak erakustaldia eman zuen. 40 minutu galdurik ibili arren, probako errekorra jarri baitzuen:  23 ordu eta 28 minutuan.


Iker Karrera bederatzigarren postuan iritsi zen helmugara, 28 ordu eta 54 minutuan. Lasterketaren lehen zatian podium-eko postuetan ibili zen amezketarra, baina lesioaren ordaina bigarren zatian iritsi zitzaion. Maldan behera izugarri sufritu zuen Karrerak, eta postuak galtzen joan zen pixkanaka-pixkanaka: «Hasieran ongi nekien podium-eko postu horietan amaitzea ezinezkoa izango zela. Nire mamuak gainditzea lortu dut, eta gutxienekoa azken postua izan da. Ikasgai asko egon dira lasterketan, eta espero dut aurrerantzerako erabilgarriak izango direla».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!