1615, Tolosaldeko historiaren mugarri

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 12a, 13:00

Tolosaldearen antolaketa politikoa guztiz aldatu zen orain lau mende. Tolosak bere jurisdikzioan zituen hamalau herrik hiribildu izateko titulua jaso zuten.

Orain 400 urte Tolosaldeari eta Gipuzkoari eragin zion aldaketa nagusi bat gertatu zen. Tolosa hiribilduari atxikita zeuden hamalau herri hiribildu bihurtu ziren. Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Amasa (1619an Amasa eta Villabona elkartu ziren), Andoain, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Orendain eta Zizurkil. Beste zenbait herri saiatu ziren ere hiribildu bihurtzen baina 1615ean aipatutako hamalau horiek eskuratu zuten izaera hori. Bidea ez zen, baina, erraza izan.

Tolosako Udalak bultzatuta, eta Eusko Ikaskuntzarekin batera, ikerketa lan bat egin da garai horri buruz. Orain gutxi bukatu du Estibaliz Gonzalez Dios historia ikerlariak eta Tolosaldea 1615: hamalau hiribilduren sorrera izena du lanak. Banaketa gauzatu aurretik, beraz, herri horiek Tolosarekin lotuta egon ziren, eta hori gutxienez bi mendez izan zen.

Hain justu, inguruko ia herri guztiek sinatu zuten auzokide izateko akordioa Tolosarekin XIV. mendearen amaieran eta XV. mendean. «XIV. mendearen erdialdean ahaide nagusiek lurraldean agintzen dute», azaldu du Gonzalez Diosek. Herriek bazuten antolaketa bat, baina ez zuten aro modernoan izango duten ahalmena. «Jauntxoak ohituta zeuden nahi zutena egitera. Beraz, hainbesteko gatazka zegoenez, batez ere ahaide nagusietako familiek bultzatutakoa, herriek nahi izan zuten errege justiziaren barruan izatea», esan du Gonzalez Diosek.

Errege justiziaren jabe hiribilduak ziren, beren karta eta foruengatik. «Horrela, herri horiek batez ere babes bila elkartu ziren hiribilduetara. Zenbait autorek esaten dute arrazoi ekonomiko bat ere izan zela: udalerri batera lotzen baziren, erregeari ordaindu beharreko zenbait zerga ez zituzten ordaindu behar». Hitzarmen horrekin hiribildu nagusiek ere abantailak jasotzen zituzten, lurraldea bereganatzen zutelako jurisdikzioaren alorrean eta ahaide nagusiei kentzen zien.

Garai aldaketa

Eta zer suposatzen zuen Tolosari lotuta egoteak? «Herri bakoitzak bere tokiko gobernua zuen, bere lurretako eta ondarearen erabilera ekonomikoa zuten, eta ez zuten bakarra jurisdikzioa zen, hau da, bere gaien inguruko epaia ematea. Horretarako Tolosara jo behar zuten», zehazten du lanaren autoreak. Horrek suposatzen zuen justizia kriminaleko eta zibileko gai guztiak, besteak beste zer tasa ordaindu behar ziren edo herri horietako alkate izaera konfirmatzea, Tolosaren esku zegoela.


1615 urtetik, beraz, hamalau herri horiek hiribildu izaera hartu eta bere alkatea izendatu ahal izan zuten, eta horrek udalerrian gertatzen zenaren inguruan epaitzea ahalbidetu zuen. Besteak beste, hortik aurrera udalerri horietako biztanleek ez zuten joan behar Tolosaraino justiziarekin lotura zuten gairen bat izanez gero. Eta garai horretan asko zen hori, bi egunetako kontua suposatu baitzezakeen Tolosara joan-etorria egitea, eta, bide batez, denbora tarte horretan eguneroko lana utzi behar izatea.

Hainbat arrazoi izan ziren herriek Tolosatik banatzeko nahia azaltzeko. Batetik, ahaide nagusiek indarra galdu ahala, herriak udalerri nagusiekiko lotura karga moduan ikusten hasi ziren, babes moduan baino gehiago. Bestetik, baziren zenbait herri urteak zeramatzatenak banaketa eskatzen. «Berastegi eta Elduaindik, batez ere borrokatzen zuten Leitzarango bidea ireki nahi zutelako, Nafarroatik zetozen produktuekin merkataritza harremanak izateko Tolosako aduanan zerga ordaindu behar izanik gabe. Andoain ere berdin, Leitzaran ondoan zegoelako. Alegiak hiribildu izaera zuen, baina bere alkateak ezin zuen justizia osoki administratu. Amezketak ere hainbat auzi zituen Tolosarekin, eta banatzea eskatzen zuen, beraien arteko harremanek bestela auzi gehiago sortuko zituztela eta».

Koroaren diru beharra ere arrazoietako bat izan zen. «Urte batzuk lehenago Valladoliden zeuden herri guzti horiek auzitan independizatu ahal izateko, eta ezezkoa jaso zuten», dio Gonzalez Diosek. Erregeak aukera hori eman zuen 1614ean, hori bai, diruaren truke.

Beste arrazoi nagusi bat Batzar Nagusietako ordezkaritza zen. «Herriek eskatzen zuten ordezkaritza izatea. Tolosak bere suengatik edo botoengatik bozkatzen zuela zioten, baina ez zietela azaltzen nola hartzen zituen erabakiak», azaldu du Gonzalez Diosek.

Banaketaren ondorio ekonomikoa

Hiribildu izaera ordaindu behar izan zuten hamalau herriek eta bide malkartsua izan zen hori. «Hiribildu izateko baimena ematerakoan, bere jurisdikzioa hipotekatzen dute», dio Gonzalez Diosek. Kostuari aurre egiteko, ahalmena ematen zaie zergak jartzeko zenbait produkturen inguruan, baina horrek ez zien behar adinako dirurik ematen. Horregatik, hainbat hiribildu berrik eskatu zuten jabego publikoa zuten lurrak saltzeko aukera izatea. Bestalde, hasieran bizilagunek hartu beharreko karga kostuaren herena izan zen, baina gero hainbat udalerrik eskatu zuten bi heren izatea. Gainera, zenbait udalerritan, gastuari aurre egiteko, bizilagun izendapena ez zutenak baina herrian bizi zirenak ere parte hartzea eskatu zuten.

Ordaindu beharrekoa ez zen hiribildu titulua lortzeko soilik izan, prozesu guztiak ekarri zituen gastuak ere handiak izan ziren. «Azkenean, ordainketak urte asko iraun zuen; banatzeak eragindako gastuak ordaintzeko dirua eskatu behar izan zitzaion hainbat familiari, askotan herri kanpokoak, eta gero horiei dirua itzultzeak luze jo zuen. Bizilagun askok ere ondasunak hipotekatu behar izan zituzten beren zatia ordaintzeko, eta gainera ez zuten berehalakoan ordaindu ahal izan», azaldu du historia ikerlariak.

Horretarako prestatu gabe zeuden ekonomia batzuentzako gastu handia izan zen, eta gainera, asko kargatu zen bizilagunen bizkarrean. «Banatzea nahi zuten herriek ikusten zuten dirua ordaindu beharko zutela, baina ez zuten espero sortutako hipotekak ordaintzen hainbeste urte pasako zutenik. Gainera, XVII. mendea ez zen ekonomikoki ona izan. 25 dukat asko zen familia batentzat eta hori gutxik ordaindu ahal izango zuten momentuan».

Banatzea politikoa izan zela nabarmendu du Gonzalez Diosek, eta bizikidetzan ez zuela orokorrean eraginik izan. «Azken finean, herriek Tolosa behar zuten eta Tolosak herriak behar zituen, batez ere, ekonomikoki», azaldu du. «Urte batzuetan banatzearen inguruan oraindik tira-biran aritu ziren. Tolosa saiatu zen berriro jurisdikzioa eskuratzen, eta erregeari Aldabako mendiak eskaini zizkion».

Bestalde, autoreak azpimarratu du prozesu guztian kleroak sekulako garrantzia izan zuela: «Toki guztietan azaltzen dira: dirua ematen, mezulari moduan, udalerrien botere-emaile moduan,... Kontu guztietan sartuta zeuden. Ikusi beharko zen zer ateratzen zuten horretatik».

Botere aldaketa Gipuzkoan

Banatze prozesua izan aurretik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Tolosak esaten zuena aurrera zihoan, askotan Ordiziak eta Segurak lagunduta. Hiribildu berrien sorrerarekin, Tolosak indarra galtzen du Gipuzkoan, eta beste udalerri batzuk irabazi; horietan nabarmenena Donostia.

Azpeitiak eta Azkoitiak boto pertsonalak eskatzen zituzten, hau da, udalerri bakoitzak boto bat izatea. Herrien banatzeko ahalegin horretan, hiribildu horiek ikusi zuten aukera Tolosak boto kopurua galtzeko. Tolosak boto kopuruak galdu ondoren, Donostia izan zen hiribildu indartsuena. Urnieta eta Pasaia zituen bere jurisdikzioaren barruan Donostiak eta horiek ere hiribildu izan nahi zuten, baina Donostiak gortean zenbait hari mugitu zituen hori ez gertatzeko.

Tolosatik banatu ondoren sortutako hiribildu berriak Donostiaren alde egiten hasi ziren, banaketan beren alde jokatu zuelako, eta, beraz, Tolosatik Donostiara pasa zen erabaki gunea Gipuzkoan.

 

Loturak sendotzeko ere balio du historiak

Tolosako Udalak hitzarmena du Eusko Ikaskuntzarekin urtero kolaborazio bat egiteko. «Adibidez, Gerra Napoleonikoen inguruan zerbait egin genuen moduan, oraingoan ikusi nuen 2015ean beteko zirela 400 urte Tolosatik inguruko hamalau herri banandu zirela, eta gai horren inguruan lana egitea aurreikusi zen», esan du Guadi Larrarte Tolosako udal artxiboaren arduradunak.

Aurten egin da lan hori, Estibaliz Gonzalez Diosek egindakoa, Tolosaldea 1615: hamalau udalerriren sorrera izenekoa, hain justu. Hitzarmenaren hiru urtetako aurrekontua hartu da kontuan. «Lana fundamentuzkoa izatea nahi genuen», dio Larrartek. «Eusko Ikaskuntzarekin hitz egin, eta lanaren egilea zein izango zen hitz egiten hasi ginen. Estibaliz orain urte batzuk pasa zen udal artxibotik, antzeko lan bat egiten ari zelako. Ikusi nuen interesgarria zela erakustea nola antolatzen ziren herri horiek banandu aurretik eta horren ostean, eta horrela jarri zen martxan lana».

Orain gutxi bukatu du lana Gonzalez Diosek, eta Eusko Ikaskuntzak begiratu eta bere oniritzia eman behar dio. «Historia munduan ondo egindako lana izatea nahi genuen, sakona eta zorrotza, bai historialarientzat edo kontsultatu nahi dutenentzat», esan du Larrartek. Espero du aurrerago lan hori publikatzeko aukera izatea. Lana gazteleraz egin bada ere, publikazioa euskaraz ere izango litzateke. «Saiatuko gara lana zabaltzeaz jendearen artean, baina ikusteko dago nola egingo den».

Historia lana abian jarri zenean, Tolosako Udaletik beste udalerrietako udalekin jarri ziren harremanetan, eta udal artxibotik ere bai. «Inguruko herrietan ibili gara, jendea ezagutu dugu eta beste udalerrietako artxiboak ezagutzeko balio izan digu. Eta baita aurrera begira elkarrekin lana egiteko bideak irekitzeko ere», zehaztu du Larrartek. Amezketa, Zizurkil, Berastegi, Elduain eta Albizturko artxiboetan informazio bila aritu dira. «Jendearekin egon gara, eta elkarrekin ikasi dugu».

Historia lan horrekin Tolosak bere alea jarri du orain 400 urte gertatu zen banatze prozesuan. «Batzuek esan digute, Tolosarentzat oso txarra izan zela, herriek alde egin zutelako-eta», azaldu du Larrartek. «Historiaren gai hori landu eta erakutsi beharra dago. Historia hor dago, ezin da aldatu orain 400 urte gertatutakoa. Kontua ezagutzea da». Lan hori ere inguruko herriekin lotura handiagoa sortzeko aitzakia izan da. «Hainbat erakunderen bitartez lotura dagoen moduan, zergatik ez historiaren bitartez ere lotura hori sendotzea?».



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!