Tolosaldea koleraren garaian

Asier Artola 2015ko uzt. 10a, 11:31

Inork esana da pobrezia ezin dela dekretuz desagerrarazi. Hala, Gipuzkoako Probintziak 1851ko ekainaren 1ean postulazioa edo eskaleen diru-eskea eta alferkeria debekatu zituenean, pentsa genezake Probintziaren «aitek» (orduan eta XIX. mendea amaitu bitarte, gutxienez, botere politikoarekin hain estuki loturik egon zen lengoaia paternala hona ekarriz) ez zutela itxaropen inozorik izango lege horren eragin errealen inguruan, ez pobreziaren desagerpenari dagokionean behintzat.

Pobreziaren birmoldaketa bat zen legearen helbururik printzipalena, eta egungo garaietarako interesik aurkezten badu, gizarte batek krisi garaien eta bere ondorioen aurrean eman izan dituen erantzun aldakorrak ulertu eta euren testuinguruan kokatzeko izan liteke.

Anakroniak arinkeriaz egitea ariketa arriskutsua bada ere, garai hari begiratzean ia ezinezkoa da egun bizi dugun egoera honekin paralelismoak, azalekoak izanik ere, egitea. Krisi luze batean murgildurik zegoen Gipuzkoa aspaldian. Adituek 1766 aldean kokatzen dute ordura arteko ekonomia ereduaren ahitzea. Karearen sarrerarekin eta artoaren iraultzarekin nekazaritza munduak bizitako gorakada (eskualdeko edozein herritan ikus dezakegu XVIII. mendean baserri berriak agertzen direla, eta gehienean ez lekurik emankorrenetan, lurrik hoberenak okupaturik baitzeuden) nekatzen hasi zen. Izan ere, «errendimendu beherakorren» legeak azaltzen digunez, zenbat eta lur gehiago lantzeak arazo bat dakar: lur aproposak eta ez aproposak ere lantzea, eta ondoriozko produktibitate beherakada. Kareak berriz, hasiera batean boom izugarria suposatu bazuen ere, urte batzuetara lurren akidura ekarri zuen, eta gainera, geroz eta lur gehiago nekazaritza lurretarako erabiltzeak abeltzaintzaren beherakada erlatiboa eta ondoriozko animali ongarri gutxitzea izango zuen beste ondorioetako bat.

Hori gutxi balitz, tradizioak pisu handiagoa zuen ekonomia hartan («ekonomia morala» deitu diote historialari batzuek) teoria eta praktika ekonomiko berriak txertatzen zihoazen. Ordu hartan ikuspegi zabaldua zen zenbait produkturen gaineko espekulazioaren moralgabetasuna, gariarena kasu. Premiazko artikulua izanik, salneurri justuak, tradiziozkoak, behar zituela kontsideratzen zen, eta praktika espekulatiboen aurreko erreakzio herrikoia izan zen 1766ko matxinada, esate baterako. Hala, mugak ezarri nahi zitzaizkien komunitatea kaltetuz interes partikularrak lehenesten zituzten praktikei. Zentzu honetan ulertu behar dira orduko artisauen gremio edo kofradiak eta herri batean sar zitezkeen eta ez zitezkeen produktuen inguruko araudi zorrotzak. Merkataritza librearen logika oraindik ez zen iritsi. Ekoizle lokalek zuten inguruko lehengaiak lortzeko lehentasuna, eta hainbat herritan zenbait produktu bertako artisauek soilik sal zitzaketen. Trukean, eta justifikazio ekonomiko beraren baitan, gremioek kalitate goreneko produktuak egin behar zituzten, ofizioan sartzeko hautaproba zorrotzak ezarriz, eta artisauen bizitza pribatua ere erregulatuz (matrimonioaz kanpoko erlazioak, esaterako, Tolosako gatazka batean ikus daitekeenez), ofizioak irudi txarra har ez zezan.

Baina industria tradizionala ez zegoen bere hoberenean, mundu merkatu are interkonektatuago bat sortzen ari zen garaian. Industria lokalek behin eta berriro salatuko zituzten kanpoko merkatarien presentziak, eurek behar zituzten lehengaiak erosten baitzituzten, eta tailer txikietako ekoizleek geroz eta gehiago eskatuko zuten XIX. mendean probintziaren aduanak (Tolosa, Segura, Ataun) kentzea, euren produktuak espainiar merkatuan saldu ahal izateko, Ameriketarako komertzioa, orduko independentzia prozesuak zirela eta, merkataritza gipuzkoarraren merkatu handienetako baten galera izan baitzen. Eta honi 1795eko gerra, 1808tik aurrerako okupazio frantsesa, herri udalen zorpetzea, zor hauei aurre egiteko herri lurren salmenta, baserriak lurjabe gutxi batzuen eskuetara iristea eta maizterren ugaritzea, etab. gehitzen badizkiogu, 1830-1840 inguruko egoera tamalgarriaz konturatuko gara. Aho asko, jan gutxi. Kontrabandoa edota bandolerismoa agertuko ziren, azken hauek oro har artisau langabeak protagonista zirela. Probintziaren Batzar Nagusietan behin eta berriro aipatuko zen pobreziaren, pobreen, presentzia izugarria Gipuzkoako kaleetan. Egoera honetan ikusi dute autore batzuek Lehen Gerra Karlistaren (1833-1839) iturrietako bat. Gerra osteko lehen hamarkadan ere presente egon zen «arazoa». 1851ko legearekin kaleetatik ezkutatu nahiko ziren.

Ordura arteko «ekonomia moralaren» arabera, herriari, komunitate bakoitzari, zegokion bere txiroak mantentzea (eta txiroekin batera umezurtzak, itsuak, «zoroak», gormutuak...). Herriak zergen bidez bildutako diru sarreren zati bat eginkizun hauetarako erabiltzen zen. Herri txikietan pobreei ostatu emateko eraikin propio bat izatea oso erraza izango ez bazen ere, Tolosak XVII. mende erdialdetik hiriguneko ospitale zaharrean zuen txiroentzat egoitza. Albizturren, Alegian, Berastegin, Lizartzan, Zizurkilen eta Villabonan ere izan zituzten halako «asilo de pobres»-ak. Tolosakoa alde batera utzita, gainerakoek urtean ez zuten egoiliar gehiegi izaten. XIX. mende hasierako testuinguru belikoak udalei ekarri zizkien kalteen ondorioz, egoitza askoren egoerak behera egin zuen. Gipuzkoa mailako erantzun bat ematearen ideia geroz eta zabalduago zegoen eliteen artean. Aldi berean, Tolosak hirigunetik kanpora atera behar izan zuen egoitza, Miserikordia izenez ezaguna izango zena, geroz eta leku handiagoa behar zuela eta krisi egoeraren aurrean. Santa Luzia auzoan kokatuko zen eta egun bere hondarrak besterik ez dira geratzen. Tolosaren distrituko txiroak bertara bidaltzea izango zen instituzio lokalek euren ezinaren aurrean hartuko zuten erabakietako bat, nahiz eta beraiek jarraitu euren txiroak ordaintzen (puntu honetan, hau da, txiroek bertakoak izan behar zutenaren ideian, oso zorrotzak ziren araudiak).

Umezurtzak, txiro gaixoak, edota txiro zaharrak aurkituko ditugu Miserikordia etxe honetan. Artisau zahar askoren azken portua izan zen (mendean aurrerago, Ramos Azkarate bertsolari eta zapatariak bertan egingo zituen bere azken egunak). 1850-1860 aldekoak dira Espainiako Ministeriora bidaltzen ziren datu gehienak. Kontuan hartzen badugu hamarkada haietan Tolosako populazioa 7.000-8.000 pertsona ingurukoa izan zela (7.639 1857an, 8.182 1860an), egoeraren adierazgarri da 340-375 pobre, eta 50 inguru gaixo, urtero, Miserikordian bizitu izana (populazioaren %5, populaziotzat 8.000 eta pobre gisa 400 inguruko gaitasuna, hartzen baditugu). Zerga bereziez aparte, fabrikaren batek zubiren bat egin edota enpresari berri batek bere tailerra ireki nahi izan zuen kasuetan, Miserikordiari laguntza ipini izan zitzaien baldintza gisa (izatez, zenbait tailer ez ziren ireki, Miserikordiari ordaindu beharrekoa gehiegizkotzat jota). Aldi berean, Miserikordiak izan zituen beste sarrera batzuk.

Egoitzan bizi zirenek baratzea eta abereak zaindu behar zituzten, era honetan elikagaien zati bat euren kabuz hornitzeko. Era berean, eraikinean obraren bat egin behar izan zenean beraiek egiten zituzten (ez dezagun ahaztu asko artisau txirotuak zirela). Gazteen kasuan, neskak neskame gisa bidaltzen zituzten Tolosako etxeetara, eta mutilentzat maisu artisauak topatzen zituzten, ahal zenean, ofizioren bat ikasteko. Miserikordian bertan izan zen marraga, artilez eginiko ehun mota bat, egiteko tailer bat. Bere administrazioa errentan ipintzen zena, eta besteak beste Elosegi txapel egilearen osabak kudeatu zuen. 9-10 ordu bitarteko lanegunak egiten zituzten bertan Miserikordiako gazteek (goizeko 4etatik aurrera) eta lanak bukatuta ariketa erlijiosoak, irakurtzen eta idazten ikasteko klaseak, etab. hartzen zituzten. Gipuzkoa zibilizatzeko garaia zen. Matxinaden eta gerren, bandoleroen eta eskaleen, garaiari amaiera eman behar zitzaion. Industria zen bideetako bat (denentzako lanpostuak ez zituena). Bestea balore heziketa zen. Hala, Miserikordia barruko diziplina zorrotzaren bidez, «erregulartasuna, ordena, garbitasuna, elkarbizitza, ustiapena eta ekonomia» erakutsi nahi zitzaizkien gazte haiei, behar izanez gero zigor fisikoen bitartez. Egoera biribiltzera kolera etorri zen 1855an, Tolosa osoan 743 gaixotu, 380 hildako, eta Miserikordian bertan 48 eragingo zituena. Horren ondorioz Ospitalea eraikiko zen, txiro eta gaixoak bereizirik edukitzeko. Jainkoaren Probidentzian topatuko zen erantzuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!