Ametsa lorpen

Asier Imaz 2015ko uzt. 12a, 12:00

Tolosaldeko sei pilotari profesionaletan ari dira jokatzen. Lau Aspe enpresarekin, eta bi Asegarcerekin. Mikel Olaetxea da mundu horretan beteranoena. Besteak, oraindik hasiberriak dira.

Julen Urruzolak laburbiltzen du ametsa ederkien. Asteasuarra horra iritsiko zela inork gutxik espero zuen. Eta horregatik, beste guztien gainetik, bera bilakatu da jarraitu beharreko eredu. Iñaki Artolak ederki esplikatzen du: «Nire anaiaren aurka jokatzen zuen. Parean ibiltzen ziren, eta esango nuke, anaiak ere irabazi ziola. Urruzola ez zen punta-puntakoa orduan. Baina bere aurkariek pilota utzi zuten bezala, berak buruan helburu bat hartu eta izugarri saiatu zen. Lortu egin du, eta egin duena meritu handikoa iruditzen zait. Anaiak, brometan, 'jarraitu izan banu' eta horrelakoak aipatzen ditu».

Baina zer da pilotari profesionala izatea? Julen Urruzola: «Espero ez genuen amets bat. Txikitako ametsa. Ia aspaldi burutik joana zegoena. Orain, ederki pasatzen dugu elkarrekin. Oso polita da».

Aspeko eta Asegarceko pilotariak bat egin eta ez dira 50era iristen. Eta horietatik sei Tolosaldekoak dira. Beraz, esan daiteke, eskualdea punta-puntako Euskal Herriko esku pilotarien harrobia bilakatu dela. Julen Urruzola eta Jokin Altuna ados daude: «Pilota eskoletan eta elkarteetan gauzak oso ondo egiten ari dira. Pozgarria da».

Ametsetan gauzak modu batera edo bestera imajina daitezke. Eurek, errealitatetik gertuago edo urrunago ibili ziren kontatzeko zortea dute. Baina oinak lurrean, ametsak lorpen itxura hartzen dute; ibilbide baten barruan, hurrengo geltokia. Iñaki Artola: «Entrenamenduetan ez dago afizionatuetatik hona alde handirik. Partidetan handitzen da maila. Lehen aipatu 40 pilotari horiek, suposatzen da maila gorenekoak direla, nahiz eta bidean maila altuko pilotari ugari geratu diren. Orduan, partida bakoitza irabazteko asko borrokatu behar da, aurrean, onenetarikoak izango dituzulako beti». Xabier Tolosak ere alegiarraren bidetik jotzen du, baina harridura sortu dion zerbait ere gehitzen du: «Orain partidak gogorragoak dira. Abiadura handiagoan jokatzen da, eta irabaztea zailagoa da. Defentsan asko saiatu behar da. Azken finean, gutxien galtzen duenak irabazten baitu. Gehienbat atentzioa horrek deitu dit, aurrelariek atzelariei zenbat laguntzen dieten. Hori telebistaz ez da ikusten».

 


Seitik bost iritsi berriak dira kamaren aurreko mundu horretara. Erik Jaka da beteranoena, eta lizartzarrak, bi urte besterik ez daramatza profesionaletan: «Azkar pasa da denbora. Gora egin dudala uste dut; lehen baino hobeto nago. Orain, pilotaren alde txarrena bizitzen ari naiz, lesioa. Ea hilabete baten bueltan itzultzen naizen kantxetara». Xabier Tolosak ere hasieran «ohitzea» kosta egin zitzaiola dio. Orain, ordea, momentu oso politean ikusten du bere burua anoetarrak.


Iñaki Artolak eta Jokin Altunak jauzi handia egin dute. Duela urtebete igo ziren profesionaletara, eta promozio maila ezagutzeko denbora handiegirik gabe, lehen mailan hasi dira jokatzen. Binakako Txapelketa, adibidez. «Ez nuen inondik ere pentsatuko horrelako mailako partidak jokatzen ibiliko nintzenik. Binakakoan lesioengatik sartu nintzen, eta aukera aprobetxatu egin nuela uste dut», dio alegiarrak. Amezketarra ere hildo beretik doa: «Gauzak azkarregi eta guzti doaz. Binakakoan ordezko bezala sartu nintzen, baina azkenean hamar partida jokatu nituen. Horrek asko lagundu didala uste dut; ikasten asko lagundu dit».

Afizionatuetatik profesionaletarako jauzia ez da kantxa barruan bakarrik nabaritzen. Pilotari mediatiko bilakatu dira nahi edo ez. Erik Jaka: «Zerbait nabaritzen da, batez ere kanpora joaten zarenean jokatzera. Artola eta Altunaren kasuan, agian, presio hori nabarmenagoa izan da». Alegiarrak eta amezketarrak, aldaketa onartzen dute, baina puntualizazio bana ere egiten dute: «Aldaketa badago, baina guk, lehengoak izaten jarraitzen dugu»; «gehienbat herri txiki euskaldunetan nabaritzen da aldaketa hori. Besteetan ez horrenbeste». Altuna eta Artola, hurrenez hurren.

Xabier Tolosari ez zaio asko gustatzen txanponaren alde hori, baina, anoetarrak jakin badaki «horri ere aurre egin behar zaiola». Gehiago ligatzeko balio izan dion galdetuta...

Azkenik, Julen Urruzolak guztiek aipatzen duten anekdota kontatzen du: «Haurrengan nabaritzen da gehienbat. Beraientzat idolo antzeko bat izatera pasatzen zara. Niri ere berdina gertatzen zitzaidan txikitan; pilotariren bat ikusten nuenean, barruan zerbait berezia pizten zitzaidan. Orain umeak gure gainera etortzen direla ikustea, polita da».

–––––––

MIKEL OLAETXEA

Erreportajea sei pilotarirekin egitea zen helburu, baina lizartzarrari azken orduan entrenamendua jarri zien eta ez zen posible izan.

Buruz buru

XABIER TOLOSA

Jaioterrria: Anoeta.

Adina: 19 urte.

Debuta: 2014/12/30.

Postua: Atzelaria.

Jokatutako partidak: 75. Irabazitakoak 39; galdutakoak 36.

Palmaresa: 2015eko Promozio Mailako Binakako Txapelketetan txapeldun.

Kontratua: Asperekin 2016ko abenduaren 31raino.

JULEN URRUZOLA

Jaioterrria: Asteasu.

Adina: 24 urte.

Debuta: 2014/06/24. 

Postua: Atzelaria.

Jokatutako partidak: 47. Irabazitakoak 28; galdutakoak, 19.

Palmaresa: 2015eko Promozio Mailako Binakakoan finalaren ateetan galditu zen.

Kontratua: Asperekin 2017ko ekainaren 22ra bitartekoa.

ERIK JAKA

Jaioterrria: Lizartza.

Adina: 21 urte.

Debuta: 2013/06/24.

Postua: Aurrelaria.

Jokatutako partidak: 103. Irabazitakoak 56; galdutakoak 47.

Palmaresa: 2014 eta 2015eko Promozio Mailako Binakako Txapelketetan txapeldun.

Kontratua: Duela hilabete Aspek bi urte gehiagorako luzatu zion.

IÑAKI ARTOLA


Jaioterrria: Alegia.


Adina: 20 urte.

Debuta: 2014/06/28.

Postua: Aurrelaria.

Jokatutako partidak: 54. Irabazitakoak 34; galdutakoak 20.

Palmaresa: 2014ko Promozio Mailako Lau t'erdiko Txapelketan, txapeldun.

Kontratua: Asegarcerekin 2016rainokoa. Duela hilabete baldintzak hobetu zizkioten, iraupena mantenduz.

JOKIN ALTUNA, 'ALTUNA III'

Jaioterrria: Amezketa.

Adina: 19 urte.

Debuta: 2014/06/24.

Postua: Aurrelaria.

Jokatutako partidak: 50. Irabazitakoak 28; galdutakoak 22.

Palmaresa: 2014ko Promozio Mailako Lau t'erdiko Txapelketan, azpitxapeldun.

Kontratua: Asperekin 2018ra bitartekoa. Hasiera batean 2017rainokoa sinatu zuen, baina duela hilabete luzatu diote, baldintzak hobetuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!