Saseta: defentsa sistema eredugarria

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 9a, 12:02

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek eta Aranzadik antolatutako auzolandegietan Saseta defentsa sistema aztertu eta berreskuratuz jarraituko dute, aurten, dozena bat gaztek. Zarateko Haitza ingurua garbituko dute. Pagoetan egindako idazkunak ere topatu dituzte.

Maisu lan bat da. Hau diseinatu zuenak bazekien zer edo zer estrategia militarraz», pasioz hitz egiten du Karlos Almorza historiagileak Erniotik hasi eta Belkoain bitartean osatutako defentsa sistemaz. 1936ko abuztuko lehen egunetan, Berastegi aldetik Latorre teniente koronela buru zuten gudarosteek eta Goierretik Cayuelaren tropek bat egin zuten Tolosa hartzeko. Hurrengo egunetan okupatu zituzten Oria ibarreko gainerako herriak eta Asteasuraino iritsi ziren abuztuaren 16an.

Larraulgo Murgil mendixka hartu zuten tropa frankistek eta atalaia hori baliatu zuen Almorzak Gerra Zibila 1936-1937: Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila auzolandegian parte hartzen ari diren gazteei Aiztondon osatu zen defentsa sistema parez pare erakusteko: «Hasi Iturriotzetik, muinoz muino, Andatza, Santamaña, Iramuño, Zarateko Haitza, Zarateko Benta eta Belkoain bitartean elkarrekin komunikatzen zen defentsa sistema bat osatu zen oso denbora laburrean eta eraginkorra izan zen, 31 egunez eutsi baitzieten frankistei».

Murgilko gainean, Koldo Jauregi larrauldarraren bisita jaso zuten auzolandegian ari diren gazteek. «Nik muino honetan, mila bala zorro baino gehiago aurkitu izan ditut. Seinale borroka gogorrak izan zirela hemen. Gure zaharrek ez zuten gehiegi kontatu nahi izaten baina esaten dutenez, alde batetik eta bestetik saiatzen ziren tontor hau okupatzen».

Tropa frankistek Donostia okupatu nahi zuten eta Andazarratetik gora zirrikitua topatu nahi zuten, bertara iristeko. Almorza bera eta Pello Aranburu urte luzez aritu dira gertatutako ikertzen: «Froga dokumental asko topatu ditugu. Garaiko prentsak ere kontatu zuen zer gertatu zen ingurune honetan. Dokumentatuta dago defentsa gune honetara nola bideratzen ziren jakiak eta armamentua. Testigantza zuzenik ez dago, dagoeneko hemen egon zirenak hilda daudelako. Baina orain, lubakien arrastoek eta bertan topatzen ditugun munizio aztarnek erakusten digute paperek diotena egia dela. Historiak eta arkeologiak bat egiten dute hemen».

Defentsa sistema osoan zehar, gutxienez 100 hildako izan ziren erresistentziak iraun zuen hilabetean. Borroka gogorrak izan ziren «eta horren lekuko da, gerora hona etorritako herritar xumeen izenak jarri zitzaizkiela eusko gudarosteko batailoilei. Bide batez, hemen borrokatu zen Joseba Elosegi ezaguna. Erakutsitako adoreagatik ofizial izendatu zuten».

Hain zuzen, Elosegiren memorietan jasota geratu da Santamañako ermitaren ingurura baserritarrez mozorrotutako 15 errekete gerturatu eta nola garbitu zituzten. Asteartean, auzolandegian parte hartzen duten gazteek, ermita ingurua ere bisitatu ahal izan zuten.

Pagoetan egindako idazkunak

40 kilometro koadro inguruko eremuan zehar eratu zuten defentsa sistema eta azken muturreraino pentsatu zituzten kontuan hartu beharrekoak: nondik jaso intendentzia, nola komunikatu sistema guztia, nola ekidin etsaiaren erasoa... Zarateko Haitzaren ingurunean kokatua zuten koordinazio postua. Edo hori uste dute behintzat ikerlariek.

«Iturriotzetik Belkoainera doan eremua hartzen badugu, erdi parean geratzen da Zarateko Haitza eta hemendik bistan geratzen da defentsa lerro guztia. Dena kontrolatu zezaketen hemendik eta elkarrekin harremanetan jarri zitezkeen». Gainera, bakarrak diren idazkunak topatu dituzte paraje horretako hiru pagoetan. «Ez dakigu zer diren, marra batzuk agertzen dira eta pentsatzekoa da bideak seinaleztatzen direla bertan. Horrekin batera, P.O. inizialak ageri dira eta nomenklatura militarrean horrek puesto de observacion esan nahi du. Ikertzen jarraitzeko pizgarri bat da guretzat».

Lubakietan zehar egindako ibilbidean, Zarateko Haitzan geldialdi berezia egin zuten asteartean auzolandegiko gazteek. Ingurune hori txukuntzen jardungo dute datozen hamabost egunetan.

Hamabi gazte dira, gehienak hemen ingurukoak eta motibazio berezia agertu dute auzolandegietan parte hartzeko. Jone Muxika azkoitiar gazteak aipatu duenez, «nire familiaren memoria historikoa berreskuratzeko asmoz gerturatu naiz. Nire aitona-amonek bezala garai hartako hainbat lagunek bizi izan zuten errepresiogatik ixildutako hura berreskuratzeko asmoz eman nuen izena iaz lehen aldiz».

Asteasuko Pello Errota eskolan dute lotarako lekua eta goizak Zarate Haitzeko gunean emango dituzte, lanean. Zarateko Bentan otordua egin eta arratsaldeak ikasten jarraitzeko baliatuko dituzte. Irteerak egingo dituzte eta herritarrentzako zabalik izango diren hitzaldietan parte hartuko dute. Gaur, adibidez, Zizurkilen Amantalek ixilean daramaten gerra (2014) izeneko dokumentala ikusi ahal izango da, 19:00etan, Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!