Kulturen maratila zabaltzeko aleak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 9a, 11:11

Anoetako jaietan beren herrietako jakiak prestatu eta eskaini zituzten postu batean.

Ikasturtea bete du Guretzako emakume taldeak; eskualdean gero eta handiagoa den kultura aniztasuna eta bertako herritarren egunerokoa uztartzeko aletxoak jartzen dihardute

Marokoarrak, pakistandarrak, nepaldarrak, ekuadortarrak, nigeriarrak, sahararrak zein hegoamerikarrak dira, eta beste hamaika txokotatik datozenei ere ateak zabalik uzten dizkiete. Jatorri aniztasun horren aurrean, gainera, badute batzen dituen zerbait: emakumeak dira, munduko emakumeak. Egungo jendartearen bi hutsune nabarmenetarikoak betetzeko, horrela, parekidetasuna eta integrazioa jorratzen ditu Guretzako emakume taldeak.

Tolosaldea Garatzenen jaiotako proiektua da, eta Tolosa, Anoeta eta Amasa-Villabonako udalek sustaturikoa. Horrela, herri horietan talde bana elkartu da amaitu berri den ikasturtean: «Hasiera batean, jatorri anitzeko emakumeei harrera egiteko gune gisa sortu zen, hemen bizitzen denbora gutxi daramaten emakumeen gabezia edo behar bati erantzuteko; baita hemen urte batzuk daramatzaten emakumeen beharrei erantzuteko ere. Finean, harreman sareak sortzea da nahia, euren artean, eta bertako herritarrekin», azaldu du Lourdes Tejera dinamizatzaileak.

Urola Garaian bada antzeko egitasmo bat, Zumarragako jabetze eskolaren bidetik jaiotakoa. Han, ordea, hainbat talde sortu dituzte, jatorriaren arabera: «Hemen anitzagoak dira taldeak, eta gure lan egiteko modu hau interesgarriagoa iruditu zitzaigun, zenbaitetan hizkuntzaren aldetik erronka handia den arren».

Guretzako emakume taldeko hiru taldeen errealitatea desberdina izan da ikasturtean barrena, baina hiruren jarduera bizi izan dute: «Villabonan 20 emakume inguru elkartu dira, eta Anoetan eta Tolosan 10-12 inguru».

«Jolasak egiten ditugu, eta gaztelera ikastaro bat ere egin dugu. Orain, hilaren 19an, txangoa egingo dugu hiru taldeok elkarrekin. Gainera, beste zenbait herritako emakumeekin elkartzen gara, eta dantza saioak eta askariak egiten ditugu». Fatima Zahra marokoarraren hitzak dira horiek, eta Villabonako taldeko kide da bera. Bere egunerokoan argi ikusi du aldaketa, taldeko jardueretan parte hartzen hasi zenez geroztik: «Jende berria ezagutu dut eta hainbat emakumek etxetik ateratzeko arrazoi edo indar bat izan dute, taldeari esker».

Guretzakoren lehen harrera eta bultzada horri esker, Lina izeneko — arabieraz, guretzako— kultura elkartea sortzeko lanean dabil beste hainbat emakumerekin batera, eta grinaz hartu dute erronka: «Emakumeok gure artean hitz egin eta arazo eta pozak partekatzeko lekua izango da».

Bi lan ildo, nahi bati begira

Guretzako emakume taldearen proiektuak bi lan ildo nagusi ditu sustraietan, Lourdes Tejerak azaldu duenez: «Bat barneko ildoa da, eta bertan lan pertsonala, autoestimua nahiz jabetzea bezalako baloreak lantzen ditugu, lan eskubide eta atzerritartasun legeak jorratzearekin batera». Bide beretik, bizitokia aldatu hizkuntzak sor ditzakeen arazoei aurre egiteko, alfabetizazioan ere aritzen dira taldeetan.

Kanpora begirakoa da bigarren lan ildoa, beharbada, epe luzeago bati begirakoa, eta zailagoa. Finean, herri bakoitzeko herritarrekin harreman sareak sortzea da taldearen helburua, eta jarduera irekiak antolatu dituzte, horretarako, bertako herritarrek ere parte har zezaten. «Anoetako jaietan, adibidez, janari postua jarri genuen bertako ekoizleekin batera, eta oso gustura geratu ginen herritarrek emandako erantzunarekin», dio Fatima Zahrak.

Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikariak normalizazioari begirako apustua dela dio: «Indar berezia egin dugu normalean espazio jakin batzuetan parte hartzen ez duten emakumeek, espazio horietan parte har dezaten. Horrek ez du esan nahi lehen joan ezin zutenik, baina, beharbada, ez zuten sentitzen joatea zegokienik, edo ez zuten lekua ezagutzen». Horren adibide dira, beraz, martxoaren 8an Villabonako Gurea aretoak egindako ekitaldian parte hartzea, eta baita Tolosako Aranburu jauregian nahiz Anoetako zine zikloan aritzea ere.

Jatorri anitzeko emakume horiei Tolosaldeko bizimodua, ohiturak eta hizkuntza helaraztea ezinbesteko dute, dinamizatzaile eta teknikariek, erabateko integraziorako. Bide beretik, ordea, bertako herritarrekin ere lan egiteko beharra ikusten dute, beste jatorri batzuetako herritarrenganako interesa eta babesa lantzeko. «Hemengo jendeak egoeraren bestaldean sentitu behar du, eta ikusi nola sentitzen dira lurralde berri batean, hizkuntza berri batekin eta testuinguru berri batean. Nik uste dut, oro har, saiatzen direla integratzen, baina, zenbateraino uzten diegu guk?», dio Moralesek.

Zalantzarik gabe, beste kulturen inguruan sortutako aurreiritzi eta zurrumurruak hesi hori eraiki izanaren eragile nagusiak dira, eta bizi-bizirik daude oraindik, Tejerak dioenez: «Diru laguntzak ezer egin gabe jasotzen dituztela, lana kentzen digutela, zapirik ez luketela jantzi behar,... Epaituta sentitzen dira askotan, ezer egin gabe, eta oso interesgarria da antolatzen ditugu hitzaldi irekietan beren testigantzak lehen pertsonan entzutea; aurreiritzi barneratu horiek segundo batean deuseztatzen dizkizute, eta ez teoriekin, bizipen propioekin baizik».

Artifiziala, baina beharrezkoa

Guretzako emakume taldeak lanean jarraituko du irailetik aurrera ere, emakumeen nahi eta beharren arabera. Izan ere, oraindik beharrezko guneak dira horrelakoak, teknikarien ustez: «Badakigu espazio artifizialak direla, baina erakundeetatik horrelakoak sustatu behar ditugu, errealitate berriei laguntzeko».

Lourdes Tejerak, bere aldetik, argi ikusten du 20 urte barru Euskal Herriko errealitatea, gutxienez, desberdina izango dela: «Gaur egun kultur aniztasuna gorantz nola doan ikusi besterik ez da egin behar. Bi hamarkada barru hemen jaio eta hezitako belaunaldi osoak izango dira hemen, kultura nahasketa horrekin».

Horren harira, Kristina Moralesek Xabier Aierdiren aipu bat ekarri du gogora, «gustatu edo ez, aniztasuna errealitate bat dela» azalduz.

Dudarik ez da: bestelako gizarte baten atarian dago euskal jendartea, eta baita Tolosaldekoa ere. Zenbait aurreiritzi itxiko direnaren itxaropenaz, besoak zabaltzeko jardun horretan jarraituko dute Guretzako emakume taldeko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!