Le Mans-eko 24 orduetan, errekorra

Asier Imaz 2015eko uztailaren 9a

Ekaineko azken asteburuan jokatu zen patinaje proba; bertan izan ziren Irristakakoak

Le Mans Roller 2015 lasterketan eskualdeko patinatzaile ugari egon dira aurten. Ekainaren 27an eta 28an izan zen proba, eta bere berezitasuna, 24 orduko lasterketa bat izatean datza; autoen lasterketa ospetsua bezala.

Maila desberdinetan parte hartu daiteke 24 orduko lasterketan: banaka; binaka; 4-6naka; hamarnaka eta hamabinaka. Irristakakoek lauko talde bat osatu zuten alde batetik, eta bestetik, hamarreko bi taldetan hainbat lasterkari jarri zituzten. Azken horiek, beteranoen mailako lasterketan txapeldun eta txapeldunorde gelditu ziren. Maila horretan gainera errekorra jarri zuten; 24 ordutan 807 kilometro eginaz, hau da, zirkuituari 193 itzuli eman zizkioten.


Igor Aranburu ibartarra podiumean egon zen patinatzaileetako bat da. Esperientzia izugarria izan dela dio Aranburuk, eta euren proba irabaztea espero ez zuten zerbait izan dela aipatu du. Maila guztiak kontuan hartuta, bosgarren eta seigarren postuetan geratu ziren Irristakakoak zeuden bi taldeak.


Alain Irazu tolosarra beste taldean aritu zen, 4-6ko mailan. Le Mans-eko lasterketan irteten zen lehen aldia zen, eta euren helburua beste bat izan zela dio Irazu: «Gu proba eta giroa ezagutzera joan ginen. Amaieran 81 itzuli egin genituen, baina hori ez zen guretzat garrantzitsuena. Esperientzia, errepikatzeko modukoa izan da; ezagutzekoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!