Tolosaldeko 15 talde arituko dira gaurtik aurrera Donosti Cup txapelketan

Mikel Iraola 2015eko uztailaren 6a

Argazkia: Donosti Cup

Gaur eman zaio hasiera Donosti Cup Nazioarteko futbol txapelketari. 24 herrialdeko 440 taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan, hogeita laugarrena.

Australia, Kanada, Kolonbia, Finlandia, Mexiko, Nigeria, Kongoko Errepublika, Japon edota Taiwandik etorritako taldeak izango dira bertan. 255 euskal talde izango dira, horietatik 15 Tolosaldekoak.

Eskualdeari dagokionez, Tolosakoak izango dira talde gehienak, hamaika guztira. Horietatik zazpi Tolosa CF taldekoak dira, hiru Laskorain Ikastolakoak, eta beste bat Samaniego Ikastetxekoa.

Zizurkilek hiru talde izango ditu: Danena Kirol Elkarteko bi eta Pello Mari Otaño Herri Eskolako beste bat. Beste taldea Amasa-Villabonako Erniobea Ikastetxekoa da.

Partidak Zizurkilen

Gaurtik aurrera, ehunka haur bilduko ditu Zizurkilgo futbol zelaiak. Donosti Cup-eko partidak ikusi ahal izango diren eskualdeko futbol zelai bakarra izango da. Ostegunera bitarte, 35 neurketa jokatuko dira goizez nahiz arratsaldez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!